ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 15a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-11-06 13:46
Estatu Espainiarraren lerratze autoritario eta antidemokratikoak ez bide dauka amaitzerik. Azaroaren 5ean Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) lege-dekretu bat argitaratu zen, urriaren 31ko Ministro Kontseiluan onetsitakoa. Horren bidez ahalmen zabalak eman zaizkio Espainiako Gobernuari, web-orrietan esku hartzeko eta ixteko, agindu judizialen beharrik gabe. PSOEko jarduneko gobernuaren erabaki horrek Espainia are gehiago bereizten du (hori egiterik balego) gutxieneko parametro demokratikoetatik.

Hortaz, azaroaren 5etik aurrera Espainiako Gobernuak eskumen zabala du sareetan eta webetan nahieran eskuhartzeko, aitzakia huts batzuen pean: "segurtasun nazionalean" eragina izatea edo mehatxu "berehalakoa eta larria" izatea "ordena publikorako" (sic). Dekretu autoritario bat da, Madrilen sinatua, baina begia Katalunian jarrita. Eta hala onartu du Pedro Sanchez jarduneko lehendakariak berak, zera esanez: errege lege-dekretuaren helburua "errepublika digitalaren proiektu independentistari amaiera-puntua jartzea da. Ez da independentziarik izango, ez on-line, ez off-line" (sic).

155 artikulu berri baten aurrean gaude, oraingo honetan digitala, eta Estatuko Administrazio Orokorrari ahalmena eman zaio sare eta komunikazio elektronikoen kudeaketa hartzeko, "ordena publikoa, segurtasun publikoa eta segurtasuna nazionala babestearren edo berrezartzearren". Gainera, Estatuak bere kontrola indartu du beste administrazio batzuetako (autonomiak, udalak...) sinadura elektronikoaren prozeduren gainean. Aurrerantzean Estatuko Gobernuak baimendu beharko ditu aldez aurretik prozedura horiek, "segurtasun publikoa bermatzeko asmoz", hori Estatuaren eskumen esklusiboa baita.

Testuinguru honetan ELAk lege-dekretu horren larritasunaz ohartarazi nahi du, eta Estatu Espainiarraren lerratze autoritarioa berriro salatu. Eskubide demokratikorik oinarrizkoenak ere mehetuz doaz, eta okerrena dena bilakaera autoritarioa bera da. Izan ere, oraingo honetan egoera lehengoratzea lortzen badugu ere, bilakaerak aurrera jarraituko du halabeharrez. Gizarte aske ororen funtsezko oinarri den adierazpen askatasunari eraso egin diote, berriz ere. Atzo, mozal-legea izan zen; gaur, 155 digitala... Geldiarazten ez baditugu, bihar beste erasoaldi bat jasan beharko dugu.


Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.