2020-04-23 12:23

Enpleguari dagozkion neurri urgente osagarri nagusiak honakoak dira:

1- 15. artikulua. 2 hilabetez luzatzen da urruneko lanaren lehentasuna eta ordutegia egokitzeko zein lanaldia murrizteko eskubidea.

15. artikuluak luzapena ezartzen du martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-Dekretuaren 5. eta 6. artikuluen iraupenari dagokionez; bi hilabete gehitzen dizkio 8/2020 Errege Lege-Dekretuaren azken xedapenetako hamargarrenaren lehen paragrafoan jaso zenari; honetan esaten zen alarma egoera ostean iraupena hilabetekoa izango zela. Luzapen gehiago ere egin ahal izango ditu gobernuak, inguruabarren arabera.

2- 22. artikulua. Frogaldian zegoen lan harremana alarma egoera bitartean amaituz gero langabezia egoera legaltzat joko da.

Frogaldian zegoen lan harremana enpresak eskatuta amaituz gero, 2020ko martxoaren 9tik aurrera, legez langabezia egoeratzat joko da, edozein dela ere aurreko lan harremana amaitu izateko arrazoia.

Halaber, langabezia egoera legalean eta alta pareko egoeran izango dira azken lan harremana borondatez 2020ko martxoaren 1etik aurrera amaitu izan duten langileak, beste enpresa batekiko lan kontratua sinatzeko konpromiso irmoa zeukatelako, enpresa honek uko egin badio Covid-19aren krisiaren ondorioz.

3- 23. artikulua. Covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondoriozko egoeretan pentsio planak salbuespenez baliatzeko arauak.

Garatu egiten da martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-Dekretuan jaso zen neurri bat; honek zabaldu egiten zituen kasuak zeintzuetan pentsio planetako eskubide kontsolidatuak baliatzeko aukera dagoen.

Horretarako ezartzen dira baldintzak eta moduak eskubide kontsolidatu horiek egikaritzeko; besteak beste, arautzen da nola egiaztatu planak baliatzeko aukera zein zirkunstantziatan gertatzen den, hauekin lotutako epealdia eta erabil daitekeen gehienezko zenbatekoa.

4- 2. xedapen gehigarria. Lan eta Gizarte-Segurantzako Ikuskaritzaren jarduera eremuko epeen etenaldia.

Alarma egoeraren iraunaldia eta bere balizko luzapenak ez dira aintzat hartuko Lan eta Gizarte-Segurantzaren Ikuskaritzaren egiaztatze jardunbideen epeei dagokienez. Halaber, denbora tarte hori ez da kontutan izango Lan eta Gizarte-Segurantza Ikuskaritza Sistemako funtzionarioek edozein errekerimendu betetzeko ezarritako epeetan.

Aurreko paragrafoan ezarritakotik salbuetsita egongo dira egiaztatze jardunbide, errekerimendu eta geldiarazteko aginduak, alarma egoera justifikatu duten gertakariekin lotura estua duten egoeretan, edota beren larritasuna edo urgentzia medio interes orokorra babesteko ezinbestekoak direnean; kasu hauetan behar bezala arrazoituko da, eta ebazpenaren berri emango zaio interesdunari.

5- Azken xedapenetako 8.a. 8/2020 Errege Lege-Dekretuaren aldaketa, ezinbesteko egoeragatiko ERTEetan eta aldizkako finkoen langabeziari dagokionez.

- Ezinbesteko egoeragatiko ERTEak; 8/2020 ELDko 22.1 art.

Alarma egoeraren adierazpenaren, lege maila duten beste arau batzuren edota martxoaren 14ko 463/2020 Errege Lege-Dekretuko 4. artikuluaren arabera eskuordetutako agintariek emandako xedapenen baitan eutsi beharreko jarduerei dagokienez, ezinbesteko egoeratzat joko da, 8/2020 ELDko 22.1 artikuluan aurreikusitako moduan, jarduerari eusteko baldintza horiek eragiten ez dien jardueraren zatiari aplika dakizkiokeen kontratu etenaldi eta lanaldi murrizketei buruz.

- Aldizkako finkoen langabezia; 8/2020 ELDko 25.6 art.:

a) Aldizkako finkoak diren langileek eta data jakinetan errepikatzen diren lan finko aldizkakoak egiten dituztenek 8/2020 ELDko 25.1 artikuluan ezarritako ohiz kanpoko langabeziari buruzko neurriak baliatu ahal izango dituzte (ez da exijituko aurrez gutxieneko kotizazio-aldi bat izatea eta epealdia ez da zenbatuko langabezia agortzeari dagokionez), hala enpresak ERTE bidez kontratua eten edo lanaldia murriztea erabaki badu, nola produkzioa geldirik badago, eta beraz, deialdia jasotzeko gertatuko litzatekeen dataren eta berriz laneratzearen esperoan, Covid-19aren krisia gertatu izan ez balitz.

b) Aurreko atalean aipatutako egoeran egon gabe zerbitzuak eten dituzten langileek, Covid-19aren ondorioz eta ohiz kanpoko zirkunstantzia hau izan ez balitz jarduera aktiboko epealdiak izango zituzketenek, horren ondorioz langabezia prestazioa jasotzen hasten badira, atzera jaso ahal izango dute, gehienez 90 eguneko mugarekin, berriro langabezia egoera legalean gertatzen direnean.

c) Langileei ez zaie etengo jasotzen ari ziren prestazio edo laguntzarako eskubidea, baldin eta egiaztatzen badute Covid-19aren eraginez ezin izan diotela beren jarduerari berrekin aurreikusitako datan.

Jarduerari berrekin behar zioten datan langabezia prestazioak agortu eta jasotzen ari ez baziren, baina beharrezko kotizazio aldia egiaztatuko balute kotizaziopeko beste prestazio bat jasotzeko, enpresak ziurtatuz gero berriz laneratzea ezinezkoa dela langabezia egoera legaltzat joko da, prestazio hori jasotzeko eskubidea aitortze aldera.

Paragrafo honi datxekien langileei aplikatuko zaie atal honetako b) hizkian aurreikusitako prestazioa berriz jasotzeko eskubidea.

d) Langileek, zeintzuen jarduera Covid-19aren ondorioz etenda geratu den eta ezin izan duten hartara itzuli, kotizazio aldi nahikorik ez badute langabezia prestazioa jasotzeko, kotizaziopeko prestazio berri bat jasotzeko eskubidea izango dute; hau jaso ahal izango da bere lanpostura itzultzen den arte, eta gehienez 90 egunez. Prestazio berriaren hileko zenbatekoa izango da kotizaziopeko prestazioaren azken hilekoaren adinakoa, edo bestela, kotizaziopeko prestazioaren gutxieneko zenbatekoa. Eskubide bera izango dute Covid-19ak eragindako krisialdian langabezia prestazioak agortu dituztenek lanposturatzea gertatzen den data baino lehenago eta eskubide berria aitortzeko kotizazio nahikorik ez dutenek; kasu honetan lanpostura itzultzea ezinezkoa dela dioen enpresaren egiaztapenak langabezia egoera legal berria sortuko du. Kasu honetan ez zaie aplikatuko atal honetako b) hizkian jasotakoa langabezia egoera legal berri bat egiaztatzen dutenean.»

6- Azken xedapenetako 10.a 11/2020 Errege Lege-Dekretuaren aldaketa, epealdi administratiboen etenari dagokiona.

Zortzigarren xedapen gehigarriari 3. atal berri bat erantsi zaio:

«Kontratazio prozeduren kasuan, zeintzuren jarraipena erabaki duten arlo publikoko erakundeek, Covid-19ak eragindako osasun krisi egoera kudeatzeko alarma egoera ezartzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorreko 4. atalaren arabera, helegite berezia posible izango da azaroaren 8ko 9/2017 Arlo Publikoko Kontratuen Legean ezartzen den moduan, eta helgite prozedura ezin da etentzat eman hirugarren xedapen iragankorreko lehen atalean ezarritakoaren arabera».

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.