2023-02-15 11:17

  • Aktibistak epaitegian deklaratu du gaur, desobedientzia larria eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzita.
  • Prozesua Fiskaltzaren esku geratu da orain, eta erabaki behar du kasua itxi ala desobedientzia larriko akusazioari eutsi

 Dozenaka bizilagunek, Zuhaitzak defendatzea ez da delitua lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur Barakaldoko Justizia Jauregiaren aurrean, Serraltako zuhaitzen aldeko Lutxanako eta Barakaldoko bizilagunen eta ekologisten plataformak Ekologistak Martxan-eko aktibistari babesa emateko deialdia egin ostean.

Atxiloketa irailaren 7an gertatu zen, Barakaldoko Serralta auzoan 40 ale baino gehiago mozten eragoztean, laster etxebizitzak eraikitzeko eremu batean. Parkeko zuhaitzen aldeko protesta baketsu eta sinbolikoan parte hartu zuen ekintzaile horri desobedientzia delitu larria eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatu zioten, eta horregatik deklaratu du gaur Barakaldoko Instrukzioko 1. Epaitegian, ustezko delitu horrengatik ikertu gisa.

Carlos Alonsok, abokatu eta Ekologistak Martxan taldeko kideak, ekintzailearen aurkako prozesuaren berri eman die bertaratutakoei. “Ikertu gisa deklaratzea prozesu judizialaren lehen urratsa da. Gertakarietan parte hartu izana onartu da, baina, jakina, uste dugu ez dagoela inolako erresistentziarik, desobedientziarik eta, are gutxiago, atentaturik. Protesta baketsua eta sinboliko hutsa izan zen”. Alonsok adierazi du orain Fiskaltzaren zain daudela, eta “hark erabaki behar duela akusazioari eusten dion edo kasua artxibatzea eskatzen duen”. Akusazioari eutsiz gero, “erabakiko du desobedientzia larriko delituagatik edo desobedientzia arineko delituagatik izango den”. Alonsok nabarmendu nahi izan du “zuhaitzak modu baketsuan mozten eragoztea ez dela delitua, baizik eta benetako delitua Serralta parkean gertatutako ekozidioa dela”.

Barakaldoko Ekologistak Martxan taldeko kide Javier Vazquezek gogorarazi du “oraindik ikusteko dagoela agindutakoa betetzen den ala ez, eta lursail horretan parke bat eraikitzen den” eta udalerrietan berdeguneek duten garrantzia azpimarratu du; izan ere, “OMEren arabera, herritarren osasuna bermatzeko, hiriguneetan zuhaitz bat egon beharko litzateke hiru biztanleko”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekologistak Martxanetik ekologismo soziala jorratzen dugu. Ingurumenaren arazoak, ekoizpen eta kontsumo ereduekin loturik daudela uste dugu, geroz eta globalizatuagorik dagoen mundu honetan; eta guzti honek, bestelako gatazkak sozialak eragiten ditu gure ikuspegitik: Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak, desberdintasun sozialak...