2021-10-14 11:50

2021eko abuztuaren 26an, Ekologistak Martxan-ek URAri (Uraren Euskal Agentzia) jakinarazi zion bazela bidoi bat, bere ezaugarriak (testura, usaina, etab.) direla eta, Lindano izan zezakeena. Albinako urtegiko ur-laminatik 40 metro pasatxora zegoen, eta urak urtegira isurtzen dituen errekasto batetik 20 metrotara.

2021eko urriaren 6an (42 egun geroago), Ekologistak Martxan-eko kolaboratzaile bat tokira bertaratu zen, bidoia kendu ote zuten egiaztatzeko. Oraindik leku berean zegoen, manipulazio zantzurik gabe; izan ere, URAk ez digu horri buruzko inolako jarduketarik jakinarazi. Pertsona horrek 112 telefonora deitu eta Ertzaintzaren patruila batek ingurua inguratu zuen.

Urriaren 13an, lehen salaketa jarri eta 54 egunera, hau da dakiguna: itxuraz, URAk ez du kudeaketarik egin Ekologistak Martxan taldeak aurkeztutako salaketaren inguruan. Bestalde, Ertzaintzak abisua eman zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari, eta horrek Aramaioko Udalari bideratu zion erantzukizuna. Udalak jakinarazi digu ingurumen zinegotzia Ertzaintzak adierazitako lekura joan zela eta ez zuela bidoia aurkitu. Gaur egun bidoiak leku berean jarraitzen du.

Ekologistak Martxan-ek ez daki isurketen eraginpean dagoen bidoiaren produktua Lindanoa den ala ez, baina arazoa da, salaketa jarri zanetik ia bi hilabete igaro ondoren, egoera berean daudela URA, Ertzaintza, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila eta Aramaioko Udala.

Substantzia toxikoa

Lindanoa hexakloroziklohexanoaren (HCH) isomero kimiko bat da, iraganean plagizida gisa erabiltzen zena. 2008tik debekatuta dagoen substantzia organokloratua da EBn, eta lehentasunezko substantzia arriskutsu gisa sailkatuta dago. Uraren Esparru Zuzentarauaren (2000/60/EE Zuzentaraua) X. eranskinean 18. zenbakian dago.

Ezaugarriak:

Iraunkortasuna. Biodegradazioa motela da.

Toxikotasuna. Ondorio kaltegarriak izaten dituzte animalia-espezie gehienetan eta ingurune naturalean, oro har. 2015eko ekainetik, OMEk (Osasunaren Mundu Erakundeak) gizakientzako kantzerigeno gisa sailkatzen du. 1. taldekoa da, eta bertan prozesu industrialak eta konposatu kimikoak sartzen dira, toxikotasuna egiaztatuta dutenak, alegia. Gaur egun, jada ez da plagizida bat, eta ezin dugu plagizida gisa ikusten jarraitu. Lehentasunezko substantzia arriskutsua da.

Mugikortasuna. Lurrunkortasun handia dute.

Biometaketa eta biomagnifikazioa. Koipe asko izateak (ehun mota horri erraz gehitzen zaio), biodegradazioa zailtzearekin batera, konposatu horiek kate trofikoan metatzea eta kontzentrazio maila trofiko handiagoetan igotzea eragiten du. Izan ere, joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan, konposatu horiek Antartikako pinguinoen koipean presentzia zutela antzeman zen.

Lindanoren molekulak deskribatutako ezaugarri guztiak betetzen ditu: oso iraunkorra da eta, ondorioz, degradazioa geldoa eta zaila izaten da. Erraz gehitzen zaio irensten edo inhalatzen duen animaliaren koipeari, eta sare trofikoetan biometatzeko joera du. Izan ere, talde taxonomiko gehienetan detektatu egin da.

La entrada Ekologistak Martxan taldeak, Albinako urtegitik gertu, lindanoa duen bidoi susmagarri bat agertu dela salatu du se publicó primero en Ekologistak Martxan - Euskal Herria.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekologistak Martxanetik ekologismo soziala jorratzen dugu. Ingurumenaren arazoak, ekoizpen eta kontsumo ereduekin loturik daudela uste dugu, geroz eta globalizatuagorik dagoen mundu honetan; eta guzti honek, bestelako gatazkak sozialak eragiten ditu gure ikuspegitik: Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak, desberdintasun sozialak...