2020-12-04 20:16

EGUZKItik jakinarazi nahi dugu gure atxikimendua ematen diogula  Leioako kultur eta auzo elkarteek bultzatzen duten “SOS Kurkudi” herri Plataformak idatzi eta zabaldutako “Kurkudi mendiaren aldeko Adierazpena” manifestuarekin. Halaber, gure atxikimenduak adierazten du “Domingotarren komentua” proiektua geldiarazteko eskatzen dugula, Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak hirigintzaren aldetik babestutako eremu batean bai ingurumenean, bai paisaian duen eraginagatik (2001/06/04ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala).

KURKUDI MENDIAREN DEFENTSAREN ALDEKO ADIERAZPENA

Kurkudi Leioako mendi txiki baten izena da; Peruri, Artatzagane, Sarriena eta San Bartolome auzoetatik hurbil , Getxoko mugan eta Artea merkataritza gunetik oso gertu dagoena.

Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 3.3.9 artikuluaren arabera [HAPO, 2001eko ekainaren 4ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean onartua], BABES BEREZIKO LURZORU URBANIZAEZIN gisa sailkatutako gunea da, “Paisaiaren edo ingurumenaren aldetik duen garrantzia eta interesagatik”. Artikulu horretan bertan honako hau adierazten da: “Lurzoru-kategoria honen lehentasunezko helburua da horrela kalifikatutako espazioak eraikinaren narriaduratik eta inbasiotik babestea, jatorrizko egoerari eutsiz”.

Gainera, udalerriko landa-eremu bakanetako bat ere bada, lurzoru bereizgarria duen naturgunea, “Babes bereziko lurzoru” gisa sailkatutako eremu batean eta abeltzaintza-erabilerarako erreserbatutako zonaldean; 2001etik igaro den denbora honetan, bertan dauden habitaten kalitatea hobetzea lortu du, gizakiaren abandonuari eta esku-hartze ezari esker. EAEko Basogintza Planak (177/2014 Dekretua, irailaren 16koa) “akuiferoen kalteberatasuna” zehazten du eremu horretan gainjarritako determinatzaile gisa.

Bada, Kurkudiko hegoaldeko magalean Domingotarren komentu zaharreko lursaila dago, eta bertan hirigintza eta ingurumen arloko arduragabekeria larriko ekintza bat egin nahian ari dira.

Urriaren 31ko udalbatzarrean, Domingotarren komentu zaharrari buruzko Leioako Plan Orokorraren aldaketa puntualaren hasierako onarpena egin zen, sustatzaile batek kirol-klub pribatu bat eraiki dezan.

HAPOren berrikuspen puntual hori onartzeak, Leioako HAPOn paisaia-babeseko lurzorutzat kalifikatutako 47.474 m²ko azalera eta Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean balio estrategiko handiko lurzorua babesik gabe uztea ekarriko du.

Babesgabetasun horrek mendi-malda hiri-lurzoru bihurtzen du, eta eremua kirol-ekipamendu pribatu gisa definitzen du, 0,6 m²/m²ko eraikigarritasun-mailarekin. Horri esker, sustatzaileak 25.143 m ² -ko eraikigarritasuna izango du [ama domingotarren komentuko egungo eraikinak 6.292 m ² ditu], eta lurzoruaren okupazio-maila 21.334 m ² koa izango da, lau solairuko eraikinekin.

Baimendutako eraikigarritasun-mailak eta iragarritako proiektuaren ezaugarriek mendi-malda suntsituko dute, eta maldak daukan pendiente naturala eta landare-estalkia kenduko zaizkie. Bestalde, hormigoia ugaritzea ekarriko du, egungo eraikuntza metroak bikoiztuz edo hirukoiztuz. Hortik ondorioztatzen da paisaian eragin handia duela, eta, horrekin batera, haren erabileraren ondoriozko argi-kutsadura eta kutsadura akustikoa ere sufritu beharko direla.

Leku oso altuan egoteak eta sarbide bakarra izateak, Telleriako biribilgunetik Artearako igoeratik, zalantzarik gabe, gaur egun auto-pilaketa ugari jasaten dituen bide baten gainkarga ekarriko dute. Auto-ilara horiek zaildu egingo dute Artea merkataritza-gunerako sarbidea; izan ere, hurbil dagoenez, Leioako eta Getxoko biztanleek erosteko eta aisialdirako ohiko guneetako bat da. Gainera, eragina izan dezake alboko bideetan, eta Zarrageta kalera iristea zailduko dute, bai Sagarrabarrenetik, bai San Bartolome, Achucarro eta Basañese kaleetatik.

Bere kokapena eta garraio publikorik ez egotea unibertsalki defendatutako mugikortasun iraunkorreko politiken aurkakoa da; izan ere, erabiltzaileek kotxez joan beharko dute, eta horrek ondorio negatiboak izango ditu trafikoan, baina baita ibilgailu motordunen trafiko motel horren ondoriozko zarata eta kutsadura ere.

Inpaktu horiei HAPOren “aldaketa puntualaren” espedientea izapidetzean antzemandako akatsak gehitu behar zaizkie (informazio eskasa, herritarren parte-hartze minimoa, nahitaezko txostenik eza …).

Gertaera horien aurrean, Leioako kultur eta auzo elkarteek bultzatutako SOS KURKUDI! Plataformak bere GAITZESPENA ADIERAZTEN DU eta ALDAKETA-PROIEKTUA BEREHALA GELDIARAZTEKO ESKATZEN DU.

KURKUDI2

La entrada Zain dezagun Kurkudi !! Leioan aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/