2022-01-01 20:09

Urumean, bokaletik gertu, hondakin asko eta asko pilatu dira; bene-benetako zabortegia dago urpean. Eguzkikook harrituta geratu gara. Ikus bideoa:

Urumea zabortegia – YouTube

Mundaizko eta Maria Kristina zubien artean, ezkerreko ertzean, somierrak, aulkiak, bizikletak, arropa lixatzeko mahaiak, sukaldeak, hamabost bat komun eta beste hondakin asko pilatu dira. Hainbat tona hondakin 200 metrotan, urpeko zabortegi bat Donostiako bihotzean bertan.

Eguzkikook zabortegi hau salatu eta herri-erakundeei lehenbailehen garbitzeko eskatu beharrean aurkitzen gara. Zehatz-mehatz Kosta Zerbitzuari (Kosta Zerbitzuak baitauka errio-zati horren gaineko eskumena) eta Donostiako Udalari egiten diegu eskaera.

Beharbada bata zein bestea saiatuko dira beraien ardura azken uholdeen atzean ezkutatzen, baina, egia esan, hondakin pilaketa errio-zati horretan askoz lehenago hasi zen.

Nolanahi ere, zabortegi horren benetako erantzuleak dira hondakinak inolako kontrolik gabe eta zigorrik gabe ibaira botatzen dituzten gaizkileak. Eta hondakin pilaketa ikusita, ez dirudi hiruzpalau direnik.

Beraz, premiazkoa da legez kanpoko hondakinak ibaira botatzen dituztenen gaineko zaintza zorroztea, aipatutako lekuan sortu den zabortegia garbitzearekin batera, noski.

Garbiketa hori ezin da inolaz ere borondate oneko boluntarioen bizkar utzi. Hondakin kopurua ikusita, profesionalak behar dira.

Beraz, Kosta Zerbitzua eta Udala, mugi zaitezte eta garbitu ezazue Urumeako urpeko zabortegia.

EGUZKI, 2022ko urtarrilaren 1ean

La entrada Urpeko zabortegi bat Urumean, Donostiako bihotzean aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/