2021-02-17 19:25

Baina ez al zuten alkateak eta Ekologia zinegotziak esan Udalak ez zuela horrelako isurketak zigortzeko eskumenik?

Orain dela urtebete irudian ikusten den isurketa albiste izan zen. Morlanseko metroko obretan hasi eta Urumean bukatu zen. Urteurrena aukera ona izan daiteke jakinarazteko isurketa harengatik Udalak Miraconcha Easo UTEri 3.000 euroko isuna ipini ziola, edo, hobeto esan, 2.400, ordainketa berehala egiteagatik. Ez zen izan metroko isurketengatik Udalak 2020an ipinitako isun bakarra. Guk dakigula, beste bi ere ipini zituen, biak ala biak Easo Plaza inguruan eginiko isurketengatik. 3.000 eta 1.500 euro, hurrenez hurren, edo 2.400 et 1.200, berehala ordaintzeagatik.

Hiru isurketetatik bi “oso larritzat” eta hirugarrena “larritzat” jo zituzten arren, isunak huskeria dira, noski, batez ere Zubieta kaleko “aberiak” metroko obretan ekarri duen gainkostuarekin alderatuta. Gainera, nola edo hala, isun horiek ere denon artean ordainduko ditugu, ohi bezala. Dena dela, hiru isun ere ez dira gutxi kontuan izanda Eneko Goia alkatea eta Enrique Ramos Ekologia zinegotzia orain dela urtebete esaka aritu zirela UDALAK HORRELAKO ISURKETAK ZIGORTZEKO ESKUMENIK EZ zuela. Gogora dezagun:

ramos1https://www.diariovasco.com/san-sebastian/investigan-vertido-urumea-20200224141056-nt.html

goia1

https://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/detalle/7056663/vertido-rio-urumea-obras-metro-febrero-2020/

Eta hau, Udalak eskumenik ez zuela, alegia, komunikabide guzti-guztietan errepikatu zuten, ezbairik gabe metroarekin dituzten erantzukizunak saihestu nahian.

Eguzkik erantzun zuen (Eguzki: “Ez da egia Metroak isurketa bakarra egin duenik, ezta Udalak zigortzeko ahalmenik ez duenik ere” – Eguzki Talde Ekologista) eta, besteak beste, honako hau esan:

“Ez da egia Udalak zigortzeko ahalmenik ez duenik, Enrique Ramos Ekologia zinegotziak esan eta Eneko Goia alkateak errepikatu dutenaren kontra. Donostiako Udalaren Ur Hornidura eta Saneamenduko Araudian, zehatz-mehatz, XII. atalean, argi eta garbi irakur daiteke arau-hauste larritzat eta, hala badagokio, oso arau-hauste larritzat kontsideratuko dela honako hau: ‘Isurketak indarrean dagoen legedian eta Udalak onartzen dituen arauetan adierazitako mugen eta baldintzen barruan egiteko betebeharra ez betetzea’. Beraz, URAk ezar ditzakeen eta ezarri behar dituen zigorretatik aparte, Udalak ere badu zigorrak ezartzeko ahalmenik. Bestelako kontua da Ramos zinegotziak beste aldera begiratzeko joera izatea, Belartzako eta Lourdes Txikiko eskandaluzko kasuetan gertatu zen bezala, eta Eneko Goia buru duen udal gobernuak joera hori ontzat jotzea. Ez adarrik jo, mesedez”.

Eta isurketa harengatiko zigor-ebazpenean zer irakur dezakegu? Honako hau:

multa Hau da, Udalak bazuen, badu, horrelako isurketak zigortzeko eskumena, Ur Hornidura eta Sanemanduko Arauaren bitartez. Hain justu, horixe izan da isunak ipintzeko erabili duen tresna.

Orduan, Udalak eskumenik ez zuenekoa faltsua bazen, eta hain modu nabarmenean, gainera, Ramosek (gaur egun Obra Hidraulikoetako diputatua) eta Goiak zergatik esaten zuten? Ezin gara beraien buruetan sartu, noski, baina pentsa dezakegu, metroko erantzuleak zigortu nahi ez zituztenez, bururatu zitzaien lehen aitzakia bota zutela. Izan ere, edozer esan dezaketela uste dute, herritarrok arrain-memoria dugula sinetsita.

Bada, urtebete geroago, har ezazue honako idatzi hau herritarron memoria suspertzeko ahalegin xume gisa.

Eguzki, 2021eko otsaila

La entrada Udalak hiru isun ipini zituen 2020an metroko isurketengatik aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/