2021-01-25 19:55

Larreko Mahaiak eta U30 Aldaketaldia ekimenarekin bat egin duten taldeek (1) astean zehar antolatutako mobilizazio eta ekintzetan parte hartzera deitzen dute (ikus taula). Mobilizazio horietako bat, nolabait guztiak burutuko duena, larunbatean, hilak 23, Donostian egingo den manifestazioa izango da. 17:00etan Gladys Enetik abiatu eta Bulebarrean bukatuko da.

“Klima-aldaketaren kontrako txertorik ez dago”, esan berri du oso modu argigarrian Ban Ki-moonek. Baina hori ere ez da arazo nagusia, arazo nagusia baita agintari politikoek, orain pandemiaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta klima- eta ingurumen-larrialdi egoera areagotzen jarraitzen dutela.

Gauzak horrela, U30 Aldaketaldia ekimena abiatu dugu. Helburua da urtarrilaren 30aren bueltan, ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentro guztietan klima- eta, oro har, ingurumen-larrialdia salatzeko ekintzak antolatzea, betiere ikuspegi lokaletik. Izan ere, “Globalean pentsatu eta lokalean ekin” leloak adierazi bezala, ezinbestekoa iruditzen zaigu krisi globala hemen bistaratzea, planetari gertatzen ari zaiona gurean hasten dela argi adieraztea; gure garraio-, hondakin-, bioaniztasun-, lurralde antolaketa- edota ibaien saneamendu-politiketan.

Gainera, eta ez kasualitatez, U30 Aldaketaldia Zaldibarko hondamendiaren urteurrenaren bezperetan dator (otsailak 6). U30 Aldaketaldia ekimenaren bidez arazo hori gizarteratzen lagundu nahi genuke, Zaldibarkoan argi geratu baita Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari.

Aldaketa behar dugu. Aldaketa esijitzen dugu.

MANIFESTAZIO ESKUBIDEA ETA KONFINAMENDUA

GuraSOSek joan den larunbatean antolatu zuen giza kateari begira egin zuen bezalaxe, Larreko Mahaiak idatzi bat bidaliko dio Ertzaintzaren Zuzendaritzari. Idatzi horretan gogoratuko dio konfinamenduak ez duela bertan behera uzten herritarrek manifestazio batera joateko duten eskubidea, baita manifestazioa beraien herritik kanpo egiten denean ere. Izan ere, manifestazio-eskubidea  oinarrizkoa da, eta bertan behera utz daiteke soil-soilik salbuespen- eta setio-egoeran (Espainiako Konstituzioaren 21 eta  55.1 artikuluen arabera), ez alarma-egoeran. Gauzak horrela, Ertzaintzaren Zuzendaritzari eskatuko diogu konfinamendua zaintzen ari diren agenteei informatzeko gipuzkoar guztiak deituta daudela larunbatean, 17:00etan, Donostian egingo den manifestaziora joatera, eta, beraz,  manifestazio horretara doazen edo manifestazio horretatik datozen herritarrei isunik ez jartzeko.

Garbi gera bedi, Larreko Mahaiak ez die herritarrei eskatzen konfinamendua urratzeko eta manifestaziora joateko. Larreko Mahaiak herrietatik Donostiako manifestaziora joateko asmoa duten herritarrei esaten die badirela argudio juridikoak beraien erabakia babesten dutenak.

EKINTZAK HAINBAT HERRITAN

Arestian esan bezala, Donostiako manifestazioa ez da, ezta hurrik eman ere, U30 Aldaketaldiaren barruan antolatutako ekintza bakarra. Ekintza gehienak larunbatean bertan aurreikusita daude, goizean, baina badira ere aurreko edo ondorengo egunetan egingo  direnak. Nolanahi ere, hona hemen zerrenda:

taula1 taula2 taula3 taula4 taula5 taula6larreko_logoa(1)   Larreko Mahaia honako hauek osatzen dute: ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Ernai, Fridays For Future, Extinction Rebellion. U30 Aldaketaldiarekin honako talde hauek ere bat egin dute: Haritzalde, Satorralaia, Uliako Lore Baratzak, Aire Garbia, Ipar Haizea, Landarlan, Ekologistak Martxan, AHTrik EZ, Urola Bizirik, Mutriku Natur Taldea, Antikapitalistak, BizilagunEKIN, Naturkon, Arkamurka, Ondarroa 12 mila eta beste batzuk.

La entrada U30 Aldaketaldia: larunbatean, manifestazio batek burutuko ditu Donostian astean zehar herriz herri klima- eta ingurumen-larrialdia salatzeko egingo diren mobilizazioak aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/