2019-05-21 23:22

Hauteskunde-kanpaina dela eta, alderdiek, irabaziz gero, hau, hori eta hura ere egingo dituztela agindu ohi dute. Zoritxarrez, oraingoan, Tolosako Renfeko apeaderoaren erabiltzaileok pairatzen ditugun arrisku eta irisgarritasun-gabezien inguruko promesik entzuteko aukerarik ere ez dugu izan.

Arrisku eta zailtasun nagusiak nasatik trenera igotzeko eta trenetik nasara jaisteko daude, batez ere Brinkolako norabidean. Nasa eta trena bitarteko aldea 50 zentrimetrokoa da; treneko eskaileraren azken maila eta nasa bitarteko altura, berriz, 40koa. Gauzak horrela, trenera igotzea edo trenetik jaistea oso arriskutsua da, guztiz ezinezkoa ez bada, adineko pertsonentzat, elbarrientzat edota, adibidez, haurren karroekin joaten direnentzat. Alde horretatik, Arartekoak 2011n irisgarritasunari buruz egin zuen txostenean Tolosako apeaderoa IRITSIEZINA zela ondorioztatu zuen.

Apeadero honen arrisku nagusia nasa eta trenaren arteko aldea bada, ez da arazo bakarra, kontuan izan behar baita nasetara iristeko ere 24 eskailera-maila igo (edo jaitsi) egin behar direla.

tolosa2Eguzkik hamaika urte daramatza egoera salatzen eta neurriak eskatzen, esaterako, igogailuak jar ditzaten. Adifek 2014an arazoak konpontzeko proiektu bat onartu zuen. Ez da gauzatu, ordea.

Ez da begi-bistatik galdu behar apeadero hori egunero mila pertsona inguruk erabiltzen dutela. Izan ere, Gipuzkoan gehien erabiltzen diren geltokien rankingean seigarrena da.

Pena ematen digu alderdiek arazo hau kontuan hartu ez dutela ikusteak, ezta hauteskunde-kanpainan promesak egiteko ere.

Nolanahi ere, Tolosako Udalari, oraingoari eta etorkizunekoari, eta Adifi, jakina, arazoari behingoz hel diezaiotela eskatzen diegu.

EGUZKI

La entrada Tolosako apeaderoak ahaztuta jarraitzen duela salatu du Eguzkik aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/