2019-08-02 18:31

Gesaltza Añana erditik zeharkatzen duen A-2622 errepidea konpontzeko proiektua publiko egin du Arabako Foru Aldundiak. DAIR ingeniaritza-enpresak egin duen ikerketan bi proiektu jasotzen dira: batetik, La Tejerako mendatearen alternatiba, eta bestetik, Gesaltza Añanako saihesbidea. Bi egitasmoen zatirik handiena Añanako Diapiroaren Babesgunetik igaroko litzateke, eta inpaktu handia izango luke bertan.s

Enpresak berak aurkeztu duen proiektuan ingurunearen “hauskortasuna” eta “balizko kalteen garrantzia” aipatzen ditu. Dena den, ez du “gaindiezinezko” trabarik ikusten aurrera egiteko, eta ingurumen inpaktuaren txostenean Tejerako mendatearen inguruak eta Añanako Diapiroaren eremuak babesteko neurriak aztertzeko beharra jasotzen du.

Errepide berriek diapiroaren gainetik igarotzeak ekar ditzakeen kalteaz gainera, hauek eraikitzeko obrak La Muera errekara ur-isurketak eragin ditzakela jasotzen du ikerketak. Halaber, lehentasunezko lurzoruak eta basoak desagertuko lirateke, erkametzak eta pinu gorriak batik bat, eta Diapiroaren habitata ere kaltetuko luke.

Iragan urteko irailean Arabako Diputazioak errepide malkartsuaren konponketa egiteko ikerketa-proiektua lizitatu zuen, eta azaroan egokitu zioten azterketa DAIR ingeniaritza-enpresari, 98.000 euroan. Azken egunotan publiko egin dute ikerketa-proiektua Aldundiaren webgunean.

Lau kilometroko korridorea
Tejerako mendateari dagokionez, bost ibilbide posible proposatzen ditu proiektuak; kasu guztietan errepideak errei bat izango luke noranzko bakoitzean, eta errei bakoitzak hiru metroko zabalera eta metro bateko bazterbidea izango lituzke. Lau kilometro inguruko korridorea aurreikusten da kasu guztietan.

Tejerako bihurguneetara iritsi baino metro batzuk lehenago, errepidea hegoaldera desbideratzea proposatzen dute hiru alternatibek (A1, A2 eta B izenekoek). Laugarren proposamenak ere hegoaldera jotzea aurreikusten du, baina Tejerako mendatearen ibilbidea erabilli gabe. “Lurren mugimendu gehiago behar da, eta horrenbestez, ingurumen-eragina handiagoa litzateke”, esan du enpresak. Bosgarren aukera, berriz, egungo errepidea Pauldik 200 metrora uztea da, eta iparraldera jotzea.

Hiru kilometroko saihesbidea Biloriatik
Gesaltza-Añanako saihesbideak, berriz, noranzko bakoitzean errei bat izango luke, eta errei bakoitzak 3,5 metroko zabalera eta metro bateko bazterbidea luke. A-2622 eta A-4318 errepideen arteko bidegurutzetik abiatzen dira saihesbidea egiteko planteatzen diren hiru alternatibak, hain zuzen Biloria herriko desbideratzea igarota dagoen nekazaritza bide baten gainetik.

Bertatik iparraldera jotzeko bi aukera planteatzen dira, eta hiru kilometroko distantzia zeharkatu ondoren, Gesaltza-Añanako baskulan, A-2622 errepidearekin lotzea berriro. Hegoaldera jotzeko alternatibak, ordea, lau kilometroko distantzia egingo luke eta A-2622 errepidearekin elkartuko litzateke Salinera de Añana SL enpresa parean.

La entrada Tejerako mendatea (Gesaltza Añana) saihesteko obrak, impakto handia aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/