2021-10-25 17:30

Eguzkik Fiskaltzan salatu du hilaren 16an, Seguran, elanio urdin bat (Elanus caeruleus) tiroz zauritu zutela, 12 mm-ko kartutxoarekin. Hegazti harrapari txiki hau Igeldoko Arrano Etxera eraman, bertan artatu eta orain osatu zain dago.

Elanio urdina oso-oso hegazti bakana da Gipuzkoako zeruetan. Hain bakana ezen joan den urtarrilean espezie hau albiste ere izan zen, Itsas Enarako ornitologoek ale bat Antondegin negua pasatzen detektatu zutelako (Antondegi Donostiako paraje bat da, olatu artifizial bat eraikitzeko proiektuak mehatxatzen duena). Hain justu, argazkia Antondegiko elanioari dagokio, ez Seguran botatakoari. Argazkia: Itsas Enara.

Honako hau da urrian bertan Eguzkik Fiskaltzan salatu behar izan duen bigarren kasua. Izan ere, hilaren 6an arrano txiki bat  (Hieraaetus pennatus) bota zuten Errezilen. Hura ere Arrano Etxera zaurituta eraman baina hurrengo egunean hil zen.

Elanio urdina, arrano txikia bezala, babestutako espeziea da. Babestutako espezie baten kontra tiro egitea ingurumenaren kontrako delitua izan daiteke. Egia esan, horrelakoetan oso zaila izaten da tiro egin duena identifikatzea eta zigortzea, baita “garbi” jokatzen omen duten ehiztariez inguratuta badago ere.

Orduan, zertarako salaketak? Bistaratzeko hemen delituak egiten ari direla inolako zigorrik gabe. Izan ere, babestutako espezieak tiroz botatzea ez da arazo puntual bat, kronikoa baizik. Eta bistan da erakunde publikoek, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, arazoari aurre egiteko neurririk hartu gabe jarraitu dutela.

ZERGATIK EZ DIRA IRISTEN SALAKETAK FISKALTZARA ALDUNDITIK BERTATIK?

Izan ere, elanioaren kontura aurkeztutako salaketaren helburuetako bat da argitzea zergatik ez diren iristen honelako salaketak Fiskaltzara Aldunditik bertatik.

Estatuko Fiskaltza Nagusiaren Ingurumeneko eta Hirigintzako Koordinazio Unitatearen irizpidearen eta araudi prozesalaren beraren arabera, agintaritzaren edo autoritatearen agenteek –basozainak agintaritzaren agenteak dira– ustezko delitu baten berri dutenean, fiskalari edo epaileari jakinarazi behar diote. Baina badirudi Aldundian basozainei zuzendutako agindu berezi bat dagoela. Agindu horren arabera, basozainek, tiroz botatako animalia babestuen berri Fiskaltzari zuzenean eman ordez, nagusiei eman behar diete. Gero, nagusiek erabakitzen dute Fiskaltzan salaketak jarri behar diren ala ez.

Deliturik dagoen ala ez erabakitzea epailearen edo fiskalaren eskumen ESKLUSIBOA da, eta hor ez dago basozainen nagusien interpretazioetarako lekurik. Ez luke egon behar, behintzat.

Horregatik diogu espero dugula elanioaren kasuagatik ipinitako salaketak lagunduko digula argitzen ea Foru Aldundian benetan dagoen agindu hori, Fiskaltzari ustezko delituen berri zuzenean ematea basozainei eragozten diena. Beste modu batean esanda, espero dugu argitzea zergatik Errezilgo arrano txikiaren, Segurako elanioaren eta antzeko beste hainbat kasu ez dituen Diputazioak berak salatzen.

Eguzki, 2021eko urria

La entrada Seguran elanio urdin bat tiroz zauritu dutela salatu du Eguzkik Fiskaltzan aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/