2019-12-25 14:16

Boluntario talde bat, Eguzkirekin elkarlanean, Azpeitiko Santomas eguneko hondakinak biltzen aritu zen larunbatean, goizeko 5etatik 7ak arte. Emaitza argazkietan ikus dezakezun pilo hori da, Perez Arregi Plazan “ikusgai” egon zena atzo arte. Eta nabarmendu beharra dago pilo hori emaitza partziala baino ez dela; izan ere, hondakin asko zegoelako, boluntarioak uste baino eremu txikiagoa garbitzera mugatu ziren.

Azpeitia_2Ekimen honek badu aurrekari hurbil bat. Izan ere, abenduaren 1ean, Azkoitian sanandresak zirela eta, parrokiako taldeak, Eguzkirekin batera, antzeko zerbait egin zuen. Honako esteka honetan aurki ditzakezu informazioa eta irudiak, Azpeitikoak bezain adierazgarriak:

http://eguzki.org/2019/12/05/nora-goaz-konponbidearen-parte-izan-nahi-duzu-azkoitiko-san-andres-jaietako-adibidea/

Ekimen hauen helburua ez da kale-garbitzaileei lehia desleiala egitea, jakina, baizik eta agerian uztea zer arduragabe jokatzen dugun eta, batez ere, zer alde dagoen esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean. Behin baino gehiagotan adierazi dugun bezala, eskandalizatu egiten gara, adibidez –eta adibide bat baino ez da, hondakinen arazo honi leku askotatik heldu baitakioke–, ozeanoan kontinente baten adina azalera duen plastiko multzo bat badagoela entzuten dugunean, edo hango eta hemengo hondartzak hondakinez estalita ikusten ditugunean. Baina ez omen gara gauza irudi horien eta geure eguneroko praktiken arteko loturarik egiteko. Izan ere, Santomas egunean azken urteotan lurrera botatako plastiko asko eta asko ibaira erori dira, seguru, eta berandu baino lehen itsasora iritsi ziren edo iritsiko dira. Ze, itsasoan gertazen denak, gehienetan, gure etxe ondoan du jatorria, esaterako, urte bukaerako festotan.

Apeitiko boluntarioak, egindako lan bikainaren emaitzaren ondoan.

Apeitiko boluntarioak, egindako lan bikainaren emaitzaren ondoan.

Honi dagokionez, eta festetan zer gertatu ohi den ikusita, Udala rejilla edo burdin-sare batzuk  ipintzen hasi da Urola ertzean, plastikoak ibaira eror daitezen ahal den neurrian eragozteko. Eta pozik esan dezakegu burdin-sare horiek beren ekinkizuna ondo betetzen dutela, honako argazki honetan ikus daitekeen bezala:

Azpeitia_4Udalak dagoeneko 260 metro burdin-sare ipini ditu, baina, guztira, 850 ipintzeko asmoa du. Langintza horretan 20.000 euro inbertituko ditu. Beraz, serio ari da. Herri-erakundeek beraei dagokien partea egiten dutenean, herritarron erantzunak ere neurrikoa beharko luke.

EGUZKI, 2019ko Eguberri egunean

La entrada Santomas eguneko hondakinak, gogoetagai Azpeitian aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/