2020-08-13 15:46

Olaia hilik, Bizkaiko Basoizainek beraien facebookean argitaratutako argazki batean.

Joan den urtarrilean, tiroz hilik agertu zen Muskizen belatz handi bat (Falco peregrinus). Eme bat zen, Bizkaiko ornitologiazaleek Olaia izenarekin ezagutzen zutena (1). Orduan, Eguzkik eskatuta, ikerketa-diligentziak ireki zituen Fiskaltzak. Orain, berriz, itxi egin ditu.

Ez ditu itxi deliturik ez dagoelako, Guardia Zibilak tiro nork egin zuen argitu ezin izan duelako baizik. Izan ere, espezie babestu bat tiroz botatzea ingurumenaren aurkako delitua izan daiteke, zehatz-mehatz, faunaren aurkako delitua, eta kartzela-zigorra ere ekar dezake.

Olaiarena ez da kasu bakarra, ezta hurrik eman ere. Espezie babestuak edo ez ehizatzekoak tiroz botatzea ohikoa da, kronikoa. Zer puntutaraino? Ikus dezagun… Gorlizko Basafauna Berreskuratzeko Zentroak iaz 20 urte bete zituen. Urtebetetzea zela eta, honako datuak argitaratu zituen: bi hamarkadotan, guztira, 17.021 ale artatu ditu, era guztietako espezietakoak, baina gehienak, 11.744, hegaztiak. Ale hauetako guztietako 502 tiro-zauriekin iritsi dira zentrora. Gure ustez, nahiko kopuru argigarria da. Batez ere kontuan izanda kopuru hau icebergaren tontorra baino ez dela. Izan ere, argi dago tiroz botatako animalia guztiak ez direla Gorlizera edo beste zentroetara iristen. Gure ustez, administrazioek ez diote arazoari behar bezala heltzen, eta, are okerragoa dena, beraien politiken bidez nolabait sustatzen dute (esaterako, noizko ehiza-linea bat ixtea bertatik espezie babestuei tiro egin zaielako?).

Eguzkik ezagutzen dituen kasuak salatzen eta ezagutarazten jarraitzeko asmoa du. Badakigu oso zaila dela tiro egin duena identifikatzea, baina salaketen bidez bistaratu nahi dugu alor honetan ere ingurumenaren aurkako delituak egiten ari direla eta zigorgabetasuna nagusi dela. Eta herritarrak ere animatu nahi ditugu kasu hauen berri eman eta sala dezaten.

Eguzki, 2020ko abuztua

(1) Joan den urtarrilean, Bizkaiko Basozainek Facebooken bidez jakinarazi zuten Gorlizera, Basafauna Berreskuratzeko Zentrora, Udaltzaingoak Muskizen hilik aurkitutako belatz handi bat eraman zutela. Handik gutxira, Iñigo Zuberogoitia espezialistak jakinarazi zuen ez zela “edonolako belatza”, Olaia baizik:

zuberogoitia-olaia

La entrada Muskizen belatz bat tiroz botatzeagatik irekitako diligentziak itxi ditu Fiskaltzak, egilea identifikatu ezinean aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/