2019-12-12 23:21

Zoritxarrez, Donostiak galdu egin du Urumea ibaiaren azken zati urbanizatuan barrena hegan egiten zuen martin arrantzale bat, beharbada, bakarra.

Duela egun batzuk hilik agertu zen Lehendakari Agirre zubiaren ondoan (5. zubia). Arrazoia? Zubiko kristalen aurka talka egin izana.

Kristalezko eraikinak eta hesiak tranpa perfektuak dira hegaztientzat. Hauek, kristalak detektatzen ez dituztenez, haien kontra talka egin eta hil egiten dira.

martin+y+cristaleraMartin arrantzale hori zen, ziurrenik, Astiñeneko zubitik bokaleraino, Urumea egunero zeharkatzen zuen ale bakarra, beharbada bere parejarekin batera. Horregatik esan dugu martin arrantzale “urbanoa” zela.

Ez da erraza ale hori Urumea inguratzen duten barandetatik ikustea. Hegazti oso-oso urria ez izan arren, “interes bereziko” gisa sailkatuta dago, eta arriskuan dauden hegaztien katalogo gorrian “ia mehatxupean” direnen artean aipatzen dute.

Zeharo urbanizatuta dagoen inguru batean ikusi ahal izatea, tartean behin bederen, opari bat zen.

Tamalez, ehunka hegazti hiltzen ari dira Donostiako hainbat kristaletan seinalerik ez dagoelako.

Izan ere, arazoa ez dira soilik 5. zubiko kristal hauek. 6. zubian, Realaren zubian ere beste horrenbeste gertatzen da, eta Arccon (hori ere Udalaren ardura) eta hiriko eraikin partikular askotan.

Martinetea ibaian gora eta behera ikustea luxu hutsa da.

Martineteak ibaian gora eta behera ikustea luxu hutsa da.

Beraz, Eguzkitik Udalari eskatzen diogu bera ardurapean dauden kristalak behar bezala seinalizatzeko, Gladys Eneko Ingurumen Zentroan seinalizatu zituen bezala, hegaztien heriotzak ahalik eta gehien murrizteko.

Apirilean, Artzain Oneko belatzak galdu genituen, kanpandorrean lanak zirela eta; orain, berriz, Urumeako martin arrantzalea galdu dugu. Bioaniztasun galera honi galga jarri behar zaio.

Batzuei kostatzen zaie sinestea, baina espezie hauek Donostiako Ondare Naturalaren parte garrantzitsua dira.

EGUZKI

La entrada Martin arrantzale “urbano” baten galera deitoratu du Eguzkik aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/