2022-01-04 09:36

Lezoko saneamenduaren egoerari buruzko gure kezka aurretik dator, 2020ko ekainaren 5ean honen inguruan idatzi-galderari eman genion sarrera, eta erantzuna urte bereko azaroko 16an jaso genuen. Beste gauza batzuen artean, igerilekuetako ur zikinak kolektorera bideratzeko 2021eko aurrekontuetan lan horiek egiteko partida onartuko dela jakinarazten ziguten bidalitako erantzunean.

 

2021. urte hasieran Lezoko Udalarekin izandako harremanetan saneamenduko sarearen egoeraz hitz egin genuen. Altamirako zuzeneko isuria, Jaizkibelgo etorbidearena eta igerilekuetako saneamenduaren egoera mahai gainean jarri genuen. Oraingo honetan, igerilekuetako saneamenduaz hitz egin nahi dugu, aipatu ziguten partida ez baitzegoen aurrekontuetan. Guk inongo tratamendurik gabe errekara  botatzen jarraitzea ahalik eta azkarren konpondu behar zela adierazi genuen, eta horretarako udalak behar ziren erabakiak hartu beharko lituzke, obrak egiteko behar den dirua onartuz eta hartutako konpromisoa betez.

 

Bileran udalak izan zuen jarrera oso positiboa izan zen, eta aurtengo aurrekontuan ez egon arren, urtean zehar helburua gauzatzeko behar zen diru kopurua onartuko zutela berretsi zuten. Finantziaziorako aukerak aztertuko zituztela, baita aurreko urtean izandako soberakina ere adierazi zuten eta gaia lotutzat eman genuen.

 

Urtea bukatua dago, eta zoritxarrez egoerak bere horretan jarraitzen du. Egoera klimatikoak eskatzen duen jarrera trinkoa hitzetan gelditzen da erakunde gehienetan, eta ez dute ingurumenarekiko sentsibililate minmorik. Ez gara hitz egiten ari konpontzeko diru asko behar duen arazoaz. Betidanik gaizki dagoen arazoa konpontzeko bi urte dira eskaera egin genuela, eta bere jarrerarekin argi geratu da lehentasuna ez dela ingurumena.

 

Ingurumenaren alde lan egitea denon ardura da, baina erakunde publikoak dira lidergoa izan behar dutenak beraiek dituztelako bere eskuetan neurriak, tresnak eta bitartekoak. Erakunde publikoak ez dira eragile sozialek egiten dituzten eskaeraren zain egon behar, are gutxiago legearen aurkako arazoa baldin bada.

 

Berriro ere, Eguzki Oarsoaldeak egoera hau salatu nahi du eta, era berean, ahalik eta azkarren konpontzeko eskaera berresten du.

La entrada Lezoko Udalak konpromisoak bete ditzala eskatu du Eguzkik aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/