2020-01-21 12:48

Ingurugiroa maite duten Leringo eta bertako pertsonek gonbidatuta, Leringo pinudiak bisitatu ditut duela gutxi.

Irudiaren eskubialdean, atzean, Leringo Pinudien ikuspegi bat.

Lerinek 700 ha pinudi ditu (Aleppo-pinua) igeltsu eta materia buztintsu askoko lurzoru txiroetan. Baso-espezie hori oso gogorra da idortasunarekiko, eta, horregatik, egokia da lurzoruen higadurari aurre egiteko, lurra materia organikoz ere ongarritzen duelarik. Oso ondo jasaten ditu tenperatura altuak eta lehorte luzeak, eta beraz, klima mediterraneoko gune beroetan bizi daiteke, prezipitazio gutxi baina irregularrak baita tarteka euri-jasak erasanda ere. Beraz,   Leringo Pinudien inguruan gaur egun dauden Aleppo-pinuaren landaketek guztiz justifikatzen dute haien ingurumen-funtzioa.

Orain, Leringo Udalak 10.000 ale – heldu zein gazte- baino gehiagoko entresaka garrantzitsua egitea erabaki du, 18 eta 30 zm arteko diametrokoak. Mozketak justifikatzearen arrazoia landaketa birsortzea da. Baina batzuetan, azalpen teknikoek eta ingurumen-azalpenek deklaratu gabeko beste interes ekonomiko batzuk ezkutatzen dituzte, eta baliteke kasu honetan gauzak hortik joatea. Bestalde, horrelako erabaki batek, derrigorrez, orain arte egindakoa baino informazio zehatzagoa eskaini beharko lieke herritarrei, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik, beste ikuspuntu batzuekin parte hartu ahal izatea ahalbidetuko lukeena.
Lehen entresakak 70 urte inguruko pinu helduetan egingo lirateke (250 urtera arte bizi daitezke), lehenago ere antzeko mozketak egin izan diren lekuetan.  Gainera, landaketa barnean argia sartzen denez, lurzoruak aniztasun biologiko handia du. Kontraesana da hurbileko beste landaketa gazteago batzuetan, non bakantzea nabarmen eskatzen ari diren garapen egokia izateko, ez dela esku harzterik programatu, are gutxiago helduen kasuan egin den presarekin. Leringo pinudiena eremu garrantzitsu bat da,  Natura 2000 Sareak babesten du eta multzoa monumentu naturalarekin pareka daitekeen naturgune babestu bat da.

Gauza kezkagarria da mozketak makineria industrialarekin egingo liratekeela, zoru hauskorrak errespetatzen ez dituztenak. 15 metrotik behin irekiko lirateke kaleak, makinak sartzeko, mozteko eta pinuak herrestan eramateko. Horrek larriki eragingo lieke hain hauskorrak diren eta hainbeste urtez berreskuratzea kostatu den lurzoru horiei. Lan horiek Soriako pinudietan mandoekin egiten ikusi ditut, zorua ez kaltetua izateko kontu handiz, edo beste ale batzuen mozketak erortzean beste zuhaitz batzuk kaltetzea ekiditea ere. Gerta liteke haize bortitzek zuhaitz helduak botatzea soilguneetan, aleak isolatuta geratzean ezin  baita  adaburu bat bestean babestu.

Era berean, pinu heldu eta tamaina onekoak, 10 metrotik gorakoak, lurra babesteaz gain, atmosfera hozten dute, beste landare- eta animalia-espezie batzuk babesten dituzte, jolas-, gizarte-, kirol- eta turismo-funtzioak betetzen dituzte, ur-kaptadoreak eta -metagailuak dira, eta berotze globala eragiten duten gasen hustubidearen funtzioa betetzen dute. Aleppo-pinua da funtzio hori hobekien egiten duen zuhaitza. Sevillako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, Aleppo-pinu heldu batek 50 tona CO2 inguru xurga ditzake urtebetean. Horrek esan nahi du ale bakar batek neurri ertaineko 30 autok 12 hilabetean 10.000 kilometro egiten dituenean sortutako emisioen baliokidea xurgatzen duela.

cof

Zuhaitz-masa guztiak behar bezala kudeatu behar dira, baina inoiz ez litzateke baso-aprobetxamendua lehenetsi behar, hau da, irabazia, ingurumen-iraunkortasunaren gainetik jarri. Koniferoek ez lukete izan behar pinuak letxuak balira bezala ekoizten diren baratze bat bakarrik. Udal defizitario batzuk bitarteko horren bidez finantzatzen dira.

Nafarroako Gobernuak ingurumenean eraginak aurreikusteko eta gutxitzeko, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen Foru Lege proiektua onartu zuen duela bi hilabete. Lege-proiektuaren xedea, atmosferan, uretan, lurzoruan, paisaian eta ingurune naturalean eragin leiken  ingurumen-inpaktuari aurre hartzea eta murriztea da… Zalantzarik gabe, Leringo pinudietako mozketak babes horren barruan sartzen dira, eta, beraz, eska dakieke, bai Landa Garapen eta Ingurumen Sailari, bai Leringo Udalari, beren asmoetan atzera egitea.

Leringo pinudiak 1

Baina, duela gutxi Madrilen egin den COP25 Klima Aldaketari buruzko Konferentziaren ondoren, ingurumen-funtzio baliotsu bat betetzen duen zuhaitz-kopuru garrantzitsu bat kolpe batean kentzeko aukera izan al dezakegu? Argi dago ez dela…

Lur-planetarentzat â€' eta bertan bizi garen espezie guztientzat â€'beroketa globala dela eta funtsezkoa den une honetan, Ingurumen sailak, bai lur pribatua naiz publikoa garatzen duen mendien baso-aprobetxamenduen politika  berrikusi egin beharko litzateke . Etekin ekonomikoa bigarren maila batera pasatu beharko litzateke eta ingurumenari eman beharko litzaioke lehentasuna. Gaur egun, ale helduak moztu eta entresakak egin daitezke, modu naturalean berrituko diren esperantzan. Leringo Mendien kasuan, 70 urteko pinu bat moztea, berez heldua izatea beste 70 urte kostako zaion beste ale batekin ordezkatzeko zain, ez da jasangarria. Horrek zentzua zuen duela 50 urte, Larrialdi Klimatikoa errealitate kezkagarria ez zenean, baina ez orain, guztion artean irtenbideak ekartzeko denbora amaitzen ari delako. Zuhaitz horien premia dugu, berotegi-efektuko gasen hustubide izaten jarrai dezaten eta ekosistemak manten ditzaten. Hori ere onartzear dagoen Klima Aldaketari Buruzko Foru Legeak jasotzen du.

Duela gutxi, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak esan zuen “klima-aldaketa gizadiak aurre egin beharrean dagoen ingurumen-erronka handietako bat da”, beraz, guztion premiazko zeregina dela, baita Nafarroako Gobernuarena eta Leringo Udalarena ere. Era berean, nabarmendu zuen “tokiko erakundeak eragile garrantzitsuak direla klima-aldaketaren aurkako borrokan”, eta Klima eta Energiaren Aldeko Alkatetzen Itunera 73 udalerri batu direla azaldu zuen. Itun horrek berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak murriztea du helburu besteen artean. Leringo Udalari dei egiten diot udal-mugimendu horrekin bat egin dezan eta Leringo pinudietan programatutako mozketa batzuk egiteari uko egin diezaion.

Juan del Barrio (Nafarroako Ingurumen Kontseiluko kidea)

La entrada Leringo pinudiak arriskuan aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/