2019-11-25 20:49

Urteak joan eta urteak etorri, eta promesak promes, Pasai Donibaneko ur beltzek zuzen-zuzenean badiara isurtzen jarraitzen dute.

Eusko Jaurlaritzaren 2020ko Aurrekontu Proiektuak, asko aldatu ezean, Gipuzkoako ibaiak saneatzeko lanetan atzerapen gehiago ekarriko dute, ez baitute nahiko diru aurreikusi Lakuak alor honetan hartutako konpromisoak betetzeko.

Iñaki Arriola kontseilariak eta Jose Ignacio Asensio foru diputatuak joan den otsailean iragarritako Gipuzkoa saneatzeko Esparru Akordio berria urratu eta praktikan ia-ia ezerezean uzten du Jaurlaritzaren Aurrekontu Proiektu honek. Adierazgarria da ez Mijoa (Saturraranen araztu gabe zuzen-zuzenean isurtzen duen erreka) ez Pasaia saneatzeko dirurik aurreikusi ez izana. Eta adierazgarria da, besteak beste, Asensio diputatuak berak bi kasu horiek espresuki aipatu zituelako otsailean, Esparru Adordio berria horien “gabezia historikoak” konpontzera zetorrela nabarmenduz.

Joan den otsailean Esparru Akordio berriaren berri emateko agerraldia. Erdi-erdian, kontseilaria eta foru diputatua.

Joan den otsailean Esparru Akordio berriaren berri emateko agerraldia. Erdi-erdian, kontseilaria eta foru diputatua.

Arriolak eta Asensiok iragarri zuten datozen urteetan Gipuzkoako ibaiak saneatzeko 61 milioi euro inbertituko zituztela, horietatik 34,5 2021. urte bitartean eta gainerakoa 2027. urte bitartean. Arriolak esan zuen Esparru Akordioa “anbizio handikoa” zela eta, aldi berean, “errealista” ikuspegi ekonomikotik.

Eguzkik, alabaina, konstatatu zuen Esparru Akordio berrian aipatutako saneamendu-proiektu gehienak 2007-2011 Esparru Akordioan zeuden berberak zirela. Are gehiago, batzuk 2003-2006 Esparru Akordioan ere aipatzen ziren! Hau da, aspaldi eginda eta martxan egon behar ziren proiektuak dira. Eta zer dute proiektu hauek guztiek komunean? Kasu guztietan Eusko Jaurlaritzak finantzazioa % 100 edo % 75 bere gain hartu zuela. Ez du agindutakoa bete, ordea,

taula_eus[1]Esparru Akordio berriaren bidez, “oraingoan bai”, esaten zigun nolabait Arriolak, “oraingoan Jaurlaritzak konpromisoak beteko ditu”. Baina Eguzki eszeptiko agertu zen. Izan ere, horrela izan zedin, alegia, Jaurlaritzak bere konpromisoak bete zitzan, legealdi hasieratik saneamendu-alorrean erakutsi duen aurrekontu-politika nabarmen aldatu behar zuela ohartarazi genuen. Honela arrazoitzen genuen: “Jaurlaritzak, Ura agentziaren bitartez, saneamendu-lanak egiteko 12 edo 13 milioi euro inguru bideratu ditu urtean Autonomia Erkidego osorako (eta, egia esan, diru horretatik orain arte Gipuzkoari ezer gutxi ‘tokatu’ zaio). Akordio Marko berriaren zirriborroa beteko bada, berriz, Jaurlaritzak hemen eta 2021. urte bitartean 19 milioi euro inbertitu beharko ditu, soil-soilik Gipuzkoan”.

Bada, 2020ko Aurrekontu Proiektuan, Jaurlaritzak berriz ere 12 milioi euro inguru bideratu ditu EAE osorako. Oraingoan ere 12 horietatik 2 baino ez zaizkio Gipuzkoari ‘tokatu’. Beraz, legealdi hasieratik alor honetan erakutsi duen aurrekontu-politika ez da batere aldatu, eta inbertsio kopuru honekin konpromisoak nahitaez urratzen jarraituko du eta proiektuek atzerapena pilatzen jarraituko dute.

Gainera, kontuan izan behar da Plan Hidrologikoa berraztertzen ari dela eta 2021. urtea bukatu baino lehen Plan Hidrologiko berri bat indarrean jarriko dela. Plan berri horren neurrien artean, orain arte egin ez diren saneamendu-proiektu zaharrak egongo dira, halabeharrez, baina baita berriak ere, hauek ere halabeharrez, azken urteotan zorroztu den ur araudiaren ondorioz. Beraz, inbertsio gehiago.

Laburbilduz: horrela jarraituz gero, hau da, inbertsioak nabarmen handitu ezean, saneamendu-sare oinarrizkoa ez da hamarkadetan osatuko.

Mutrikuko Mijoa errekak ur beltzak araztu gabe isurtzen ditu itsasora, Saturrarango hondartza ondo-ondoan.

Mutrikuko Mijoa errekak ur beltzak araztu gabe isurtzen ditu itsasora, Saturrarango hondartza ondo-ondoan.

Dirua egon badago. Ez guk, baizik eta kontseilari jaunak berak kontsideratzen du “errealista” gehiago inbertitzea, ikusi dugun bezala. Gainera, kontu honetan, beste hainbatetan bezala, lehentasunak ezartzean dago gakoa, eta guk argi ikusten dugu saneamendua lehentasunezkoa dela, oinarri-oinarrizko beharra delako. Beste inoiz esan dugun bezala, ulertzen dugu edozer gauza dela saneamendu-proiektu bat baino glamourosoagoa. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusirik dutenak.

Eguzki, 2019ko azaroan

La entrada Ibaiak saneatzeko lanetan atzerapen gehiago dakarte Jaurlaritzaren 2020ko Aurrekontuek aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/