2020-04-09 23:35

Azkarateko gaina, Azkoititik Elgoibarko bidean, hondakin-gune berria ezarri nahi duten parajea. ARGAZKIA: MAXIXATZEN.

Eusko Jaurlaritzak Azkaraten urtero 200.000 tona hondakin â€'eraikuntzakoak eta bestelakoak ere baiâ€'kudeatzeko planta baimendu izanak hautsak harrotu ditu azkoitiarren artean. Izan ere, oso gogoan dute Zaldibar, denok bezala, baina hondakin-kontuetan berezko eskarmentua dute Oñederreko hondakindegi industrialari “esker”.

Ohi bezala, albisteak denak ustekabean harrapatu ditu. Oposizioko taldeek ez zekiten ezer, baina EAJrekin batera udal gobernuan aritzen den PSE ere jokoz kanpo zegoen. Eta, proiektuaren berri halabeharrez ematen hasi direnean ere, informazioa erdizka-edo eman dute. Adibidez, planta berrian hondakin ez arriskutsuak tratatuko dira, bai, baina, proiektuaren letra txikia irakurri bezain pronto igertzen da hondakin arriskutsuak ere tratatu eta bilduko direla. Tira, lehengo lepotik burua.

Beraz, ez du inor harrituko herritar asko ados ez egoteak. Eta, gaur egun, desadostatuna, dena bezala, balkoietan adierazten da. Egunero, 21:00etan, lapiko-hotsa egiten dute. Hona hemen Eguzkiko kide batek gaur atera duen bideotxo bat:

https://www.youtube.com/watch?reload=9&v=mgo5AGgR2Z8&feature=youtu.be

Gainerakoan, Urola Bizirik Natur Taldeak oso komunikatu egokia plazaratu du. Irakurtzera animatzen zaitugu. Hona hemen:

UROLA BIZIRIK NATUR TALDEAREN ASKOTARIKO HONDAKIN EZ ARRISKUTSUEN PLANTARI BURUZKO OHARRA

Atzokoa konfinamenduko beste egun bat izango zela zirudien baino guztiz kontrakoa suertatu zen. Bizitzen ari garen egoera lazgarri honetan albiste batek goizean goiz geure belarriak kolpatu zituen. Diario Vasco egunkariak, Gipuzkoako atalean, titular hauxe zekarren:

“Luz verde a una planta de valoración de residuos industriales en Azkoitia”.

WhatsAppak su hartu zuen. “Baino, zer arraio da hau?”. Albistea taldez talde pasa zen eta horrela, WhatsAppez, enteratu ziren azkoitiarrak bere udalerrian askotariko hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazio bat ezartzeko baimena eman ziola herenegun Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Laker 360 SL enpresari.

Dakigunez, Diario Vascokoak izan dira lehen hitz ofizialak. Badirudi Azkoitiko beste alderdi politikoen ordezkariek ere ez zekitela ezer honi buruz. Horregatik alderdiek Bozeramaile Batzordearen bilera eskatu zuten eguerdian eta arratsaldean EAJ, PSE-EE eta Azkoitia Bai-ko ordezkariek ohar bat kaleratu zuten Maxixatzenen azkoitiarroi enpresa honen asmoei buruz herritik datozen lehenengo berriak emateko eta lasaitasuna transmititu nahian.

Eskuraturiko dokumentazio guztia aztertu ondoren (EHAA), Urola Bizirik Natur Taldeak egoera honen aurrean hauxe adierazi nahi du:

  • · Balorazio plantaren helburua EZ da obretako materiala bakarrik sailkatzea, eraldatzea eta berrerabiltzea. Zerrendan eraikuntza eta eraispenetatik ez datozen hondakinak ere agertzen dira: udalerrietako gaikako bilketetako ontzien hondakinak (kartoizko, plastikozko, zurezko, metalezko, beirazko ontziak; nahasketa bituminosoak, harrikatz mundruna eta beste produktu mundruneztatu batzuk; metalak (kobrea, brontzea, latorria, beruna); gaika jasotako frakzioak (papera, kartoia, beira, jantziak, ehunak, plastikoak); udal-hondakinen nahasketak eta errepide-garbiketako hondakinak. Guztira 183.000 tona urtean.
  • · Ingurumen eta Lurraldearen Sailak 2008ko ebazpenean Oñeder S.A.ko zabortegiari, dokumentazio tekniko guztia aztertu ondoren, baimena eman zion eta gero denok dakigu benetan zer gertatu zen; beraz, dokumentazio teknikoa horixe da, teknikoa. Azkoitian ez zuten ezertarako balio izan Udaletik irekitako espedienteak hondakin arriskutsuak lurperatzen ari zirenaren ebidentzien aurrean (gogoratu, besteak beste molibdeno, substantzia kantzerigenoa, eta beruna, biak kopuru onartezinetan halako instalazioetan). Gainera, kasu honetan gauzak harantzago doaz, badirudi Hierros Eginoren zabortegi haren sozio kapitalista IHOBE S.A. izan zelako, Ingurumen Saileko sozietate publikoa. Administrazioa bera enpresako sozioa zen baino ez zuen ezer egin honen kudeaketa zaintzeko. Zabortegia itxi zen, enpresa desegin, baino hondakin toxiko horiek hor egongo dira azkoitiarrekin betirako.
  • · Etorkizunak eskatzen duen ekonomia zirkularrean hondakina ezinbestez ondo kudeatu behar denaren ideiakoak gara, noski, baina, zoritxarrez, errealitateak duela gutxi oso era gogorrean demostratu digu hori ez dela askotan egiten. Zeinek ikuskatzen du benetan kudeaketa egin behar den bezala egiten ari direla? Enpresek? Bere etekin ekonomikoan besterik ez dute pentsatzen! Non egongo da administrazioa? Badakigu noizean behin ikuskari batzuk izango direla bertan, baino normalean, ezer arrarorik gertatzen ez denean behintzat, aurretik abisatuta egiten dira bisitak.

Ingurumena zaintzea eta herritarron osasuna bermatzea denez gure helburuetariko bat, Azkoitiko udaletxean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak izan behar dute eskuragarri ikuskaritza eta kontrol plan osoa (erakunde publikoak, IHOBE, Osalan…) eta hau betetzen denaren egiaztatze bisitak egiteko aukera.

Beraz, honen aurrean naturala eta ulergarria iruditzen zaigu azkoitiarrok izandako erreakzioa. Are gehiago murgilduta gauden egoera ikusita, horrelako albiste baten aurrean xehetasun zuzenak izatea oso zaila suertatzen delako (kasualitate hutsa?). Alde batetik, lasaiago gaude EZ delako zabortegi bat izango. Bestetik (dokumentazioa irakurtzeko denbora juxtua izan dugu) oraindik geure kezkak dauzkagu hondakinen kudeaketa benetan era egokian egingo den. Barkatu gehiegizko zuhurtziaz jokatzen badugu (agian mesfidantza deituko diozue) baina zoritxarrez Euskadin hondakinen inguruan montatu den negoziotik heltzen diren albisteak horrela egin behar dugula erakutsi digu.

UROLA BIZIRIK NATUR TALDEA

 

La entrada Hautsak harrotu ditu Azkoitian Azkarateko hondakin-planta berriak aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/