2021-11-09 16:34

Hau ez da botatako gabiraia, espezie bereko beste ale bat baizik. Argazkia: José Herrero.

Eguzkik Fiskaltzan salatu du gabirai bat (Accipiter nisus) tiroz bota zutela urriaren 27an Andatza aldean, Usurbilgo udalerrian. Partikular batek balkoi batean zaurituta aurkitu eta, Igeldoko Arrano Etxera eraman zuen arren, hegaztia handik gutxira hil zen.

Beraz, gabirai hori da urrian tiroz bota zuten espezie babestuetako laugarren alea, edo, hobeto esan, ezagutzen dugun laugarren alea. Izan ere, Eguzkik Fiskaltzan salatu zuenez, urriaren 6an arrano txiki bat (Hieraetus pennatus) zauritua agertu zen Errezilen eta 16an, berriz, elanio urdin bat (Elanus caeruleus) Seguran. Arranoa ere handik pixka batera hil zen eta elanioa gaur egun osatzen ari da. Halaber, urriaren 24an belatz handi bat (Falco peregrinus) hil zuten Jaizkibelen, hori ere tiroz.

Berriak argitaratu du gaur Seguran zauritutako elanioaren irudi hau. Hegaztia Arrano Etxean sendatzen ari da,

Berriak argitaratu du gaur Seguran zauritutako elanioaren irudi hau. Hegaztia Arrano Etxean sendatzen ari da, “apurka-apurka”. Argazkia: Arrano Etxea.

Hau da Jaizkibelen botatako belatz handia. Argazkia Iñaki Sanz-Azkueren twitter kontutik atera dugu.

Hau da Jaizkibelgo ehiza-lerroan botatako belatz handia. Argazkia Iñaki Sanz-Azkueren twitter kontutik atera dugu.

Hilabeteko epean gutixenez babestutako lau hegazti bota izanak agerian utzi du urtetan salatu dugun arazo kroniko bat, Aldundiak, alor honetan eskumenak dituen administrazio nagusiak, orain arte behar bezala tratatu ez duena. Horregatik poztu ginen lehengoan Jaizkibelgo hainbat ehiza-postu itxiarazi zituelako, postu horien inguruetan belatz bat tiroz bota ondoren (eta, esan dezagun bide batez, Eguzkik Fiskaltzan salaketak jarri ondoren). Alabaina, orduan esan genuen bezala, ikusteko dago momentuzko erreakzioa izan zen, urrian kasuak pilatu zirelako, edo benetan Aldundiaren politika berri baten abiapuntua den. Premia, behintzat, badago, gaur ezagutarazten dugun Usurbilgo gabiraiaren kasu berriak berriro agerian utzi duen bezala.

Behar bezainbeste aldiz errepikatuko dugu babestutako hegazti bat tiroz botatzea ingurumenaren aurkako ustezko delitua dela, kartzela-zigorra ere ekar dezakeena. Bada, hemen hegaztiak tiroz botatzen dira eta inoiz gutxitan izaten du zigorrik.

2020an, tiroz botatako 33 hegazti iritsi ziren Arrano Atxera

Esan dezagun, bide batez, urrian Gipuzkoan tiroz botatako hegaztietatik abiatuta, oso erreportaia gomendagarria argitaratu duela gaur Berriak (Tirokatze ‘tronpatuak’ | Bizigiro | Berria). Beste gauza askoren artean azaltzen du iaz tiroz jotako 33 hegazti iritsi zirela Arrano Etxera. Horietatik 12 “ehizagarriak” kontsideratzen diren espezietakoak ziren, baina gainerako guztiak ez, eta gainerako guzti horietatik erdia harrapariak ziren. Marka ederra. Eta pentsatu egin behar da botatako hegazti guztiak ez direla inolaz ere Arrano Etxera iristen, asko sasi tartean galduta geratuko direlako edo ehiztariak jasoko dituelako, disekatzeko edo auskalo zertarako.

Eguzkik, tiroz botatako hegazti babestuen kasuen berri duen heinean (gogoan izan ingurumenaren aurkako ustezko delituak izan daitezkeela), ezagutarazten jarraituko du, nahiz eta garbi dagoen (erreportaian ere garbi geratzen da) horrek Foru Aldundiari ez diola batere graziarik egiten.

EGUZKI, 2021eko azaroa

La entrada Gabirai bat, hilabete batean tiroz bota duten laugarren hegazti babestua aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/