2020-07-17 14:04

Planoa

Inork ezin zezakeen imajina, norbaiti otuko zitzaionik 11 super-aerosorgailu ipintzea, 200 metroko altuera (Artzai Onaren dorrearen hirukoitza) eta palen muturren artean 155 metroko distantzia dutenak, hain justu hegaztien migrazio-bide garrantzitsuan, Natura 2000 Sarearen barruko hiru zonaldeen artean dauden mendien gailurretan. Baina ez hori bakarrik, haize-sorgailuek baserriei itzala emango liekete, oraindik ere laborantzan diharduten atlantiar landa-eremu horietan. Gainera, historiaurreko aztarnak ere badira, bai eta naturaren maitale diren mendizale ugari.

Proiektu zoro horrentzat baina eskaera bat badago jada, NORDEX eta ACCIONA enpresek aurkeztua. Sektoreko egiazko erraldoiak dira, CO2-aren kontrako bandera goratzen dutenak gizateriaren onurarako. Auzoberriko parke eolikoak (49,5 MWko potentzia, 4,5 MW aparailu bakoitzak, El Perdón-ekoak baino 10 aldiz indartsuagoak), lursail publikoak erabiliaz lorturiko probetxuari esker eta tentsio altuko linea gertutik pasatzen dela kontuan hartuta, instalakuntza gastuak murriztuko lituzke. Honek azaltzen du guztia, gainerakoak ez dio axola. Nahiz eta kamioiak -pieza luze horiekin- bertara iristeko, 15 kilometrodun mendi-pista bat zabaldu behar izan, nahiz eta energia-bihurtzeko instalazio bat egin behar izan eta futbol zelai bat adinako hormigoi kopurua erabili behar izan plataformak eraikitzeko.

Enpresa hauek ez dute arazorik ikusten. Kokalekua, berreskuratu litekeen -urbanizagaitza den baliogabeko- “eremu hutsala” da diotenez (sic), paisaian ez da inpaktu garrantzitsurik sortzen eta bertako herrien ekonomia hobetzen du (nola, ez da esaten). Baina bertatik oso gertu daude Natura 2000 Sarearen barruko hainbat eremu (Aiako Harria esaterako, Parke Naturala eta Kontserbaziorako Eremu Berezia izendatua) eta horrek esan nahi du parke eolikoak gune hauei eragingo liekeena nahitaez ebaluatu behar dela. Gainera, Kontserbaziorako Zonalde Berezi hauetan, EAEko komunitatearen interesezkoak diren hegazti nekrofagoak bizi direnez, bereziki haize-sorgailu eta energiaren ebakuaziorako eraikuntzen kontra talka egin ez dezaten, zentral eolikoen instalakuntzak saihestea aipatzen da, eta zehazkiago, Ugatz eta Sai zurien kasuan, gune kritikoak (Larrun-Txoldokogaña eta Artikutza) 10 Km-ko erradio batean babestea.

Paisaian eragingo lukeen suntsiketa agerikoa da, tamaina horretako haize-sorgailuak mendigoietan jarrita, oso urrutitik, kilometro askotatik bistaratuko lirateke. Agiñako gaina, bere tontorrean bertan ipinitako haize-sorgailuarekin (Aiako Harriaren altuerara helduko litzateke, altzairuzko 200 metro gehituta), San Antongo uretan islaturikoa da nonbait oraingo paisai proposamen berria. Aiako Harritik ikusten den paisaia ez litzateke sekula berdina izango. Hegazti harrapariak, putreak eta sai-zuziak esaterako, uso migratzaileak, sagu-zaharrak -desagertzeko arriskuan-, beste lurralde batzuk bilatu beharrean leudeke edo eta haize errota txikitzaileak saihestu beharrean, egun euren bizi-bidea den horretan. Endara ibarreko bailara, Kopako Harria mendia eta interes orokorreko habitat-zonaldeak pasabide ekologiko garrantzitsuak direla azaldu izan dute maiz sektore kontserbazionistek eta egiazko bisagra lana egiten dutela Natura 2000 zonaldeen artean, 15.000 hektareako eremuan. Berau, eremu natural gisa mantendu, zaindu eta hobetzeko bokazioa dute, Europako sare ekologikoaren parte izan dadin.

Eta hau guztia parke eolikoaren interes energetikoa bera justifikatu gabe dagoenean. Aurkeztutako txostenak ez du daturik ematen (ez dira haize-neurketak burutu) eta lekua ez da agertzen Nafarroako energia eolikoaren garapenerako planean, lehentasunezko gaien artean. Ezinezkoak diren lekuetan parke eolikoak eraikitzeko broma txar bat al da hau? Edo burbuila energetikoaren “pelotazo” espekulatzaile bat, eraiki ostean hirugarrengo bati saltzeko? Energia berriztagarria? Bai, baina ez edozein preziotan! Besteak beste, has gaitezen kontsumoa gutxitzen.

Errespeta dezagun daukagun ondare naturala eta geldi dezagun gure mendientzako eraso berri hau!

EGUZKI Talde antinuklear eta ekologista
EKOLOGISTAK MARTXAN

La entrada Endara-Lesaka parke eolikorik ez! aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/