2019-10-14 00:03

Ez da, noski, atzo Jaizkibelen botatako belatz txikia, baina belatz txiki bat da. Argazkia Jesus Mari Lekuonak utzi digu.

Asteburu honetan hasi da ehiza-aldi orokor berria eta dagoeneko badugu tiroz botatako lehen hegazti babestuaren berri. Belatz txiki bat da (Falco columbarius), Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoak “bakan” gisa sailkatzen duena.

Jaizkibelen txango bat egiten ari zen pertsona batek atzo igandean aurkitu zuen. Igeldoko Arrano Etxera eraman eta han berretsi zuten hegaztiak zauri itsusi bat bazuela hegoan, tiroz egindakoa.

Belatz txiki hau ehiza-aldi honetan bota duten legez babestutako lehenengo hegaztia izan da, baina, zoritxarrez, ez da azkena izango, urtero bezala, hamaika botako baitituzte; hobeto esan, botatzen ari baitira. Hau da ezagutzen dugun lehenengoa, baina kontuan izan behar da botatako guztietatik kasu bakan batzuk baino ez garela ezagutzera iritsiko.

Oraingoan ere, Eguzkik salaketa jarriko du Ingurumen Fiskaltzan. Egia da horrelako kasuetan tiro egin dutenak oso gutxitan identifikatzen dituztela, ezta “ehiztari onez” inguratuta daudenean ere, eta, ondorioz, salaketak, gehienetan, artxibatzen direla. Baina, hala ere, salatzen jarraituko dugu. Batetik, hemen delituak egiten ari direla bistaratzeko. Izan ere, babestutako espezie bat botatzea delitua izan daiteke, kartzela-zigorra ere ekar dezakeena. Bestetik, ehiza-politika publikoak, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiarena, salatzeko. Izan ere, gure ustez, Foru Aldundiaren ehiza-politikak legez babestutako hegaztiak botatzeko aukera handiak ematen ditu. Ehiztarien artean klientelismoa sustatzeak bioaniztasuna babesteak baino gehiago axola dionez, ez du neurririk hartzen. Horra hor zer egin duen aurten: Ulian ehiza berriz ere baimentzea edota pagausoaren ehiza-aldia luzatzea. Aldiz, babestutako espezie bat botatzen dutenean ehiza-lerroak kudeatzen dituzten elkarteei ardurak eskatzea burutik ere ez zaio pasatzen. Portzierto, 2016an horrelako beste kasu bat salatu genuen Jaizkibelen. Kasu hartan belatz handi bati tokatu zitzaion (Falco peregrinus). Inork ez zuen ezer ikusi, jakina.

EGUZKI, 2019ko urriaren 14an

La entrada Ehiza-aldi berriaren lehen asteburua baino ez da pasatu, eta dagoeneko badugu tiroz zauritutako lehen hegazti babestuaren berri aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/