2021-10-01 10:45


Duela 9 hilabete inguru, 2020ko abenduan, Oiartzun ibaira zuzenean botatzen den isuria konpontzeko, Lezo eta Oreretako Udalei elkarlanean aritzeko eskatu genien. Konponketa txikia bada ere, eskumenen kontuengatik 4 Administrazioen onespena behar du egin ahal izateko. Isuriak Lezon dauka jatorria, Oreretako lurretan egin behar dira lanak ordea, tutua Añarbeko Urak duen sarean konektatu behar da eta isuria Oiartzun ibaira doa (Costas). Eta hori dena, harrigarria bada ere, 1,5 metroko eremu eskasean egin behar da.

Aipatutako eskaeran bi herriak batera arazoa konpontzeko neurriak har zitzatela eskatu genuen eta Añarbeko Urari saneamendu-sarera konektatzeko baimenaren eskaera batera egitea ere. Denbora aurrera doa, eta Lezoko Udaleko ordezkariekin izandako bileran Udalak berak eta Costasek egiteko prest daudela baina Oreretako Udala ez duela interesa azaldu eta Añarbeko Urak aitzakiak jartzen dituela esan ziguten. Egoeraren ondorioz arazoa ez da konpondu, eta zuzenean isutzen jarraitzen da.

Bere garaian esan genuen bezala, aspalditik datorren arazo hau premiazkotzat eta lehenbailehen konpondu beharrekotzat jotzen dugu, horregatik onartezinak dira Oreretako Udalak eta Añarbeko Urak duten jarrera.

Eguzki talde ekologistatik bi erakunde hauek jarrera alda dezatela ozen eskatzen dugu, alde batetik isuriak legea hausten duelako, eta, bestetik, ingurumena eta biodibertsitatea kaltetzen dituelako. Administrazioren burokraziaren gainetik INGURUMENA dago, eta ibaira zuzenean isurtzen ez jarraitzeko administrazioak lehenbailehen konpondu behar du arazoa.

La entrada Eguzkik salatu du burokraziak Oiartzun ibaiko isuriaren konponketa oztopatzen duela aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/