2020-01-07 00:32

Ia 3 urte bete dira Donostiako Udalak Lourdes Txikin zuhaitz sarraskia ahalbidetu ez ezik sustatu egin zuenetik. Triskantza hura leuntze aldera malda lehengoratzeko eta zuhaitzak birlandatzeko eman zuen hitza, baina 32 hilabete pasata bere horretan darrai. Hortaz, Eguzki eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteek elkarlanean bertako zuhaitzen ehunka hazi ereiteari ekin diote. Haritz kandudun, lizar eta astigar zuriaren haziak bildu genituen eta soildutako eremuan sakabanatu ditugu sinbolikoa izan nahi duen ekintzan. Ikus bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=XfwD0RoDO9w&feature=youtu.be

Hilabete hauetan guztietan Udalak ez du hitza bete: malda ez da berreskuratu, kanpoko espezie inbaditzaileaz bete egin da, hala nola Panpako belarra (Cortaderia selloana), budleia (Buddleja davidii) edo sasiakazia (Robinia pseudoacacia), jabeei ezarritako, edo behintzat agindutako isunen inguruan ez dakigu ezer eta basoak zuen babesak airean jarraitzen du egun.

Eguzkiko eta Haritzaldeko kideok ezkurrak eta beste hazi batzuk sartzen.

Eguzkiko eta Haritzaldeko kideok ezkurrak eta beste hazi batzuk sartzen.

Gogora dezagun 2017ko aste santuan (apirilean) gertaturikoa: segurtasunaren izenean 2,5 hektarea (ia 3 futbol zelai) soildu ziren kilometro bateko pistak irekiz. Kontxatik bertatik ikus zitekeen triskantza. Planeamenduak babesten zuen baso mistoa suntsitu zen eta ehun urtetik gorako haritzak galdu ziren motozerren hortzetan. Ekintza Ikastolako umeei begira 50 metroko segurtasun gerrikoa ezarri zuen Udalak, baina lanak kontrolatzeko mediorik ez zuen jarri eta mozketa gelditu zenean 100 m hartuak zituen. Segurtasunaren aitzakian ere oporretan burutzekoak ziren lanak eskolak hasi eta gero jarraitu zuten makineria astuna gora eta behera ibili zelarik eta behin baino gehiagotan harriak eta enborrak Ikastolako patiora eroriz.

Orain dela hiru urte sekulako triskantza egin zuten berez babestuta zegoen harizti batean.

Orain dela hiru urte sekulako triskantza egin zuten berez babestuta zegoen harizti batean.

Magala soilduta, lur jauzi eta luizi arriskua areagotu egin zen eta gerora Udalak jabeari malda egonkortzeko plana eskatu behar izan zion. Lanak Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek gelditu behar izan zuten Udalak, gertatutakoa salatuta ere, ez zituelako gelditzen. Maiatzaren 22an, Biodibertsitatearen egunarekin bat, berriro ekin zioten zuhaitz mozketari eta beste behin Aldundiko basozainek gelditu zituzten mozketak gaur arte. Bigarren honetan Udalak ere ez zuen ezertxo ere egin.

  • Zuhaitz mozketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren ezinbesteko baimenik gabe burutu zen.
  • Donostiako Udaleko Ingurumen teknikarien irizpideen kontra eman zen agindua eta haien iritzia gerora ere ez zen aintzat hartu.
  • Teorian umeen segurtasuna bermatzeko sustatutako ekintza arrisku bizian jarri zituen lanak beraiek eskolan zeuden bitartean burutu zirelako eta malda are desegonkorragoa gelditu zelako.
  • Arbitrarioki ezarritako eta oso arbuiagarria zen 50 metroko gerrikoa 100 metrora zabaldu zen Udalaren inongo kontrolik gabe.
  • Babesturiko basoa larriki kaltetu zen ehun urtetik gorako zuhaitzak galduz eta babesturiko landaredia suntsituz.
  • Lanak faunaren ugal garaian, bete-betean, burutu ziren.
  • Ageriko ilegalitateak eta pertsonentzat berebiziko arriskua egonik Udalak ez zituen lanak gelditu, ezta egoera salatuta ere.
  • Egunak igaro eta gero zigor espedientea ireki zen Diputazioan eta Udalak ere irekiko zuela agindu zuen. Egun, ez dakigu ezer balizko isunen inguruan.
  • Udalak malda lehengoratu behar zela eta birlandatu behar zela adierazi zuen, baina ez da ezer egin.
  • Egintzen larritasuna zela eta Haritzaldek Hirigintzako zinegotzia eta azken erantzulea zen Enrique Ramosen dimisioa eskatu zuen eta Ingurumen zinegotzi jarri dute!
Irudi honek argiro uzten du botatako zuhaitzak ez zirela nolanahikoak izan.

Irudi honek argiro uzten du botatako zuhaitzak ez zirela nolanahikoak izan.

Horregatik guztiagatik, 3 urte bete behar diren honetan Eguzki eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteek Lourdes Txikiko txikizioa gogora ekarri nahi izan dugu ekintza sinboliko honen bidez. Salatu nahi dugu Donostiako Udalaren jarrera eta dagoen gardentasun eza. Arduragabekeriaz jokatu zen eta kalte itzuliezinak eragin ziren. Hilabete hauetan guztietan Udalak ez du bere hitza bete. Lourdes txikiko maldatik kanpoko espezie inbaditzaileak kendu behar dira eta bertako zuhaitzak landatu behar dira lehenbailehen. Soberan ditugu Klima Aldaketaren inguruko adierazmen panpoxoak gero babestutako basoak edo gelditzen zaigun berde-apurra kontserbatzeko gauza ez bagara. Estrategiak estrategia, Lourdes Txikik zuhaitzak behar ditu, herritarrok behar ditugu.

haritzalde_eguzki[1]

La entrada Eguzkik eta Haritzaldek ehunka zuhaitz-hazi erein dituzte Lourdes Txikin, Udalak parajean basoa biziberritzeko hartu zuen konpromisoa, hiru urte geroago ere, bete gabe jarraitzen duela salatzeko aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/