2021-02-09 18:50

Orain dela 30 urte fluorazioaren berri emateko Eguzkik argitaratutako triptiko baten marrazkia.

Añarbeko Urak elkarteak edateko uraren fluorazioa, Mankomunitatean 1994tik indarrean dagoena, bertan behera utziko duela iragarri du. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko ur-hornidura kudeatzen duten elkarte nagusien bidetik jarraitzen du; izan ere, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Gasteizko Udal Urak SAk, Gipuzkoako Ur Partzuergoak edo Txingudiko Uren Mankomunitateak ere bertan behera utzi dute.

Eguzki, orain dela hogeita hamar urte fluorazioaren aurkako kanpaina garrantzitsu bat egin zuena â€'arrakastarik gabekoa, bistan daâ€', pozten da praktika hori amaitu delako, baina faltan sumatzen du gogoeta kritikoa eta zeresanik ez autokritika bat Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren partetik.

Osasun Sailak ezarri baitzuen fluorazioa 1988an, dekretuz ezarri ere, haurren hortzetako gehiegizko txantxarra prebenitzeko. Hainbat arrazoi direla medio, txantxarra nabarmen gutxitu da azken hamarkadotan. Osasun Sailari gustatzen zaio esatea fluorazioa dela arrazoi horietako bat, baina, egia esan, txantxarrak Europa osoan egin du behera, eta Europan oso bakanak dira edateko urak fluoratzen dituzten estatuak. Izan ere, 12 urteko neska-mutilen artean, txantxar-indizea oso antzekoa da ur fluoratua duten herrialdeetan, hala nola Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ura inoiz fluoratu ez dutenetan, Nafarroan kasu. Esan dezagun, bide batez, Ipar Euskal Herrian ere ez dela ura fluoratzen, Frantziako legediak ez baitu horrelakorik aurreikusten.

Alegia, alde batetik, ez dago batere argi uren fluorazioak zer neurritan lagundu duen haurren txantxarra gutxitzen, eta, bestetik, Añarbeko Urak elkartearen oharretik hitzez hitz kopiatzen dugunaren arabera, “fluorazioa eztabaidagarria ere izan da, eta Europako herrialde askotan desagerrarazi dute”. Joño! Hori besterik ez genuen guk esaten… orain dela hogeita hamar urte!

Hau da, fluorazioa zalantzan ipintzeko arrazoiak duela hogeita hamar urte eta gaur egun, funtsean, berberak dira: ez dago garbi fluorazioak haurren hortzetako txantxarra zer neurritan gutxitu dezakeen; herritar batzuentzat ona izan daitekeenak ez du zertan guztiontzat ona izan; ez dakigu fluorra etengabe kontsumitzeak, dosi txikietan bada ere, bestelako osasun-arazoak sor ditzakeen; fluoratutako uraren % 1 soilik edaten dugu herritarrok, gainerako guztia zuzenean ibai eta itsasora doa; eta â€'erreparatu ongi arrazoi honiâ€' edateko uren fluorazioa herritar guztiok derrigorrez medikatzeko modu bat da, eta besteak beste herritar gutziok derrigorrez medikatzeko modu bat delako, fluorazioa ez da Grezian, Danimarkan, Austrian, Belgikan, Luxenburgon, Norvegian, Herbehereetan, Suedian edo Finlandian egiten. Arrazoi honi ondo erreparatzeko eskatu dugu zeren eta kontuan izan behar baita gaur egun koronabirusaren aurkako txertoa ez dela derrigorrezkoa. “Derrigortzea herritarron askatasunaren aurkakoa litzatekeela” dioskute (nahiz eta ez derrigortzeak momentuz denontzako txertorik ez izatearekin zerikusia baduela pentsa dezakegun). Baina, begira, gauzak nola diren, ezin omen da inor txertatzera behartu eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, hogeita hamar urte daramatza ur fluoratuaren bidez populazio osoa derrigorrez medikatzen.

Aipatu triptikoaren azala.

Aipatu triptikoaren azala.

Nolanahi ere, hiru hamarkada geroago, geunden leku berean gaude: ez dago argi fluorazioak zenbateraino laguntzen duen txantxarra prebenitzen, eta, beste kontu batzuei dagokienez, eztabaidagarria izaten jarraitzen du.

EGUZKI, 2021eko otsaila

Argazkiotan ez da oso-osorik ikusten, baina Añarbeko presan bertan fluorazioaz ohartarazteko 25 bider 3 metroko pankarta bat zabaldu zuen Eguzkik.

Argazkiotan ez da oso-osorik ikusten, baina Añarbeko presan bertan fluorazioaz ohartarazteko 25 bider 3 metroko pankarta bat zabaldu zuen Eguzkik.

La entrada Eguzki pozik dago edateko uraren derrigorrezko fluorazioa amaitu delako, baina autokritika-falta sumatu du aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/