2019-07-12 19:33

Tonino Segundo tretzaontzia, ezpata-arraina eta marrazoetan espezializatua.

Gernikako epaile batek Toñino Segundo arrantzontziaren jabea eta patroia zigortu ditu ingurumenaren kontrako delitua egiteagatik, legez babestutako espezie bat “zuhurtziagabetasun larriz” arrantzatu zutelako eta saltzen saiatu zirelako. Zehatz-mehatz, 20 ale marrazo muturmotz (Lamna nasus) zeramatzatela harrapatu zituzten Toñino Segundokoak. Kondedatu bakoitzari epaileak honako zigorra ezarri dio: 3 hilabete eta 10 eguneko isuna (6 euro egun bakoitzeko) eta 3 hilabete eta 10 eguneko gaitasungabetze edo inhabilitazio berezia arrantzatzeko.

Epaiketa sustatu duen Eguzkiren iritziz, sententzia garrantzitsua da, nahiz eta, egia esan, ingurumenaren kontrako delituak merke ateratzen direla iruditzen zaigun. Zaila da delitu horiek frogatzea, eta, frogatzen direnean ere, zigorrak ez dira oso larriak izaten. Kasu honetan, isunari dagokionez, behintzat, oso zigor arina da: guztira, 1.200 euro, edo, beste modu batean esanda, 60 euro legez kanpo harrapatutako marrazo bakoitzeko. Ez dirudi horrelako zigor merkeak disuasorioak direnik. Hala ere, epai garrantzitsua da, ezbairik gabe, arestian esan bezala.

Zer gertatu zen

2018ko apirilaren 23an, Estatuko Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuak Toñino Segundokoei 20 marrazo muturmotz bahitu zizkieten. Hauek, Toñinokoek,  legez kontra arrantzatutako marrazoak Ondarroako portuan deskargatzeko eta saltzeko asmoa zuten, kaelekin nahastuta. Kaela, tintoleta edo marrazo urdina (Prionace glauca) arrantzatu daiteke, marrazo muturmotza ez bezala. Arrantza Ikuskaritzak, legez kanpo arrantzatutako marrazoak bahitzeaz gain, Toñino Segundo tretzaontziari zigor-espedientea ere ireki zion, 4.872 kilo kaela deklaratu zituelako, 6.320 kilo eraman arren.

Ikuskaritzak apirileko operazioan atzemandako 20 aleetatik 3.

Ikuskaritzak apirileko operazioan atzemandako 20 aleetatik 3.

Gertaera honek agerian utzi zuen Ondarroan legez kanpoko marrazo-arrantza ohikoa zela, Eguzkik eta beste batzuek salatu eta herrian aspaldi bolo-bolo zebilen bezala. Izan ere, bahitutako marrazo kopuruak (ez ziren bat edo beste, 20 baizik) eta kaelen gehiegizko pisuak (iruzurra % 29,7koa zen) aditzera ematen zuten ez zela kasualitatea, ez zela “despiste” puntuala, zigorgabetasunean oinarritutako praktika arrunta baizik.

Estatuko Arrantza Ikuskaritzak bahiketa egin baino hilabete batzuk lehenago, 2017ko irailean, Ondarroako portuan ateratako hainbat argazki zirkulatu ziren. Argazki haietan marrazo asko hilik eta pilatuta ikus zitezkeen. Irudi haiek hautsak harrotu zituzten eta haien inguruan oso informazio larriak zabaldu ziren. Adibidez, egun hartan arrantzatutakoen artean marrazo muturmotzak ere bazirela; hainbat alek hegalak legez kanpo moztuak zituztela (aparte saltzaeko, jakina), edota baita abandonatuta zeudela ere. Izan ere, portuko langileek ez omen zuten jaberik aurkitu, bila aritu ziren arren.

2017ko irailean zirkulatu ziren argazkietako bat.

2017ko irailean zirkulatu ziren argazkietako bat.

Gauzak horrela, Eguzkik Eusko Jaurlaritzari zehatz informatzeko eskatu zion. Jaurlaritzak ez zuen erantzun, ordea.

Azaroan, berriz, Ertzaintzak jakinarazi zuen, Eguzkiren salaketa abiapuntutzat hartuta, hainbat pertsona ikertzen ari zela ustez ingurumenaren kontrako delitua egiteagatik.

Honen guztiaren ondorio da orain ezagutu dugun epaia.

Eguzki, 2018ko uztailean

La entrada Eguzki, arrantza-ontzi baten jabea eta patroia legez babestutako marrazoak harrapatzeagatik zigortu dituen epaiaren aurrean aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/