2021-02-12 01:47

Bigarren aldiz 10 urtetan, hika-mika bera, eta protagonista berdinekin, sortu da hedabideetan Gipuzkoako baso-politika dela eta. Ez orduan eta ez orain, Aitziber Sarobe Egigurenek eta Naturkonek ez dute “salaketa larririk” egin mendi zuzendaria izandako Julian Unanue pertsonaren kontra; baizik eta bere kargutik gauzatu izan diren politiken kontra.

Berriki egunkari honetan Mikel Goenaga Gubia, Gipuzkoako Eusko Alkartasunaren Lurralde Koordinatzaileak, koordinadoraren izenean argitaratutako artikuluak, Unanue jaunari gorazarre egiten dio Foru Aldundiko Zuzendaritza horretan 1999-2003 bitartean EAko ordezkari bezala eta 2011-2014 bitartean Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari bezala Bilduko ordezkari gisa egindako lanarengatik. Hitzez hitz esaten du, “Unanuek badaki ekologia, ekonomia eta gizartearen arteko oreka zailari eustea beharrezkoa dela sektorea bideragarria izan dadin”, “bere erantzukizunen artean oreka horri eusten saiatu zen, eta, asmo horrekin, Baso Aholku  Batzordea sortu zuen, sektore guztiak ordezkatzen zituena”. Baso Aholku Batzorde hori Naturkonen eskariei bizkar egiteko sortu zen, ehiza kontseilua eta arrantza kontseilua bezala. Bioaniztasunaren zaintza eta kontserbazioa ezin da sektoreka banatu eta horregatik eskatu zuen Naturkonek sektore horietan guztietan interesatuta zeuden guztiekin, Bioaniztasunaren mahaia osatzea. Hau ez zen Unanue jaunaren gustukoa izan, naturaren ustiapenaren eta kontserbazioaren arteko interes ezberdinak ez zituen hain modu argian mahai berean ordezkatuak ikusi nahi, eta horregatik sortu zituen guztiz inoperanteak diren sektoreko mahai horiek.

Artikulu berean esaten da mendi publikoak bertako espezieekin basoberritu nahi zirela. 2011-2014 artean, aitortu behar da mendi publikoan landare exotikoen monokultiboei uko egiteko bideak jarri zirela Foru Aginduetan; ez, ordea, makina astunekin malda handietan lan egiteko debekuak. Basogintza ez baita zuhaitz espezie batzuen edo besteen arteko hautua bakarrik: lan horiek nola egiten diren garrantzitsua da gurea bezalako orografia konplexua duen eremuan eta hor ez zen inolako debekurik jarri inoiz. Ez lehen, eta ez orain, egurgintza sektoreak ez du onartzen kudeaketa-eredu intentsibo horrekin lurra Tonaka higatu eta galtzerainoko kalteak eragiten dituela lurzoruan.

Artikuluan esaten da ere, “basoa da, eta nagusiki izan da, gure baserriaren euskarri garrantzitsua”. Horrelako baieztapenak daturik gabe egitea doakoa da. Pinuak gurean emandako etekinetik baserri askok onurak atera dituztela ez dago ukatzerik, baina horrek euren ekonomian zenbaterainoko garrantzia izan duen oso da zalantzazkoa. Baina, eta azken hamarkada honetan zenbatekoa da pinuak emandako errentagarritasuna? Zer zatekeen, gurean, egurgintza-sektorea diru-publikorik gabe? Pinudien gaitzek eragindako ingurumen-kalteak dirutan kalkulatu eta jabeek ordaintzea eskatuko bagenu, zertan geldituko litzateke auzia? Eta bada kezkatzea den galdera: zein da egurgintza sektorearen aterabidea egoera honen aurrean? Monolaborantza intentsiboarekin jarraitzea pinu espezie ezberdinekin eta eukaliptoarekin. Politika hau sustatu zuen Julian Unanuek zuzendari postutik eta hori aldatzeko ari da lanean Naturkon. Artikuluaren bukaeran esaten da “Bazekien aurrera egiteko ezinbestekoa zela oreka eta adostasuna lortzea, baserritarren eta basoetako jabeen ahotsa gutxietsi nahi dutenen presioen aurrean, hauek baitira Gipuzkoako basogintzaren kudeaketaren benetako protagonistak”. Baserritarren[E1]  eta jabeek basogintza kudeatzen dutela esatea gure inteligentzia erasotzea da. Basogintza, lehen sektoreko gainerako jarduerak bezala, diru-publikoak baldintzatuta dago. Administrazioak, eta basogintzaren kasuan, egurgintzaren sektoreak kudeatzen du baso-politika Gipuzkoan. Euren mesedetan idazten dira Agindu Foralak eta euren nahiak dira administrazioak bideratzen dituenak. Baserritarrek eta lurjabeak euren aginduetara ibili dira gaurdaino, besteak beste, sektore horren beharra dutelako egurra saltzeko.

Aipatu bezala, 2011-2015 legealdia Julian Unanuek hasi zuen Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari karguan. Baina, ez zuen bukatu, urte eta erdi lehenago utzi zuen kargua erretiroa hartuta. Haren ordez EA-k jarritako zuzendari berria saiatu zen politika hauek norabidez aldatzen. Bere agindupean onartutako Foru Aginduan lehen aldiz debekatu zen malda handietan makina astunak sartzea, landaketak bertako zuhaitz-landareekin egitea sustatu ziren eta mendi publikoak natur kontserbazioaren bidean jartzeko oinarriak finkatu ziren. Naturkonen eskaerei erantzunez, Bioaniztasunaren mahaia sortu zen. Hau guztia, ordea, legegintzaldiaren bukaeran etorri zen eta, ondorioz, ez zuen denborarik eman ordurako begi-bistakoa zen pinudien krisia, gure mendiena dena, bideratzen hasteko.

2011-2016 legealdian, Gipuzkoako basogintzan bi aurpegi erakutsi dizkigu EA-k eta Goenaga, Gipuzkoako Lurralde Koordinatzaileak idatzitako artikuluaren ostean, beharrezkoa da egun Gipuzkoarako planteatzen duen baso-politika zein den argitzea. Artikuluan goraipatzen denari kontra egiteko sortu zen Naturkon. Alderdi berdinak urte eta erdian sortu zuen oasia ikusteko esperantza ez dugu galdu.

Aitor Leiza eta Garikoitz Plazaola, Naturkonen izenean.
 

La entrada EAren baso politika Gipuzkoarako aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/