2019-10-24 00:00

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Gipuzkoako Fiskaltzan salaketa aurkeztu du gaur, Donostiako Metroaren egitasmoan trenbide-tunelen segurtasunaren eta larrialdi-irteeren arloan nahiz bidaiarien eta pertsona gutxituen ebakuaziorako baldintzen inguruan antzeman dituen araudi-urraketa larriak direla eta.

Ekimen honekin bat eginik obrak gelditzeko eskatu dute ELA, LAB, STEILAS eta Dbus-eko KURPIL sindikatuek, Donostia Defendatuz koordinakundeak, Donostiako Ernai gazte mugimenduak, Bizilagunekin plataformak eta Eguzki talde ekologistak.

Aipagarria da Alemanian sute-arriskuen prebentzioan aditua den Hans Heydemann injeniariak ere epaitegiaren aurrean egindako prentsaurrekoan partehartu duela, Donostiako Metroaren egitasmoa aztertzean aurkitu dituen irregulartasun ugarien inguruan landu duen txostenaren berri emateko. Aditu alemaniarrak hitzaldi bat emango du bestalde bihar asteazkenean, hilak 23, arratsaldeko 7etan Groseko Okendo Kultur Etxean, “METROAREN PASANTEA: TRANPA HILGARRIA?” izenburupean, txostena jendaurrean aurkezteko. Prentsaurrekoaren argazkiak bidaltzen ditugu.

Satorralaiak fiskaltzan aurkeztu duen salaketa eta H. Heydemann injeniariaren txostena atxikita bidaltzen ditugu:

- Salaketan, Metroaren egitasmoan Pio Barojan aurrikusitako larrialdi-irteerak trenbide-tunelen segurtasunaren arloan ezarritako hainbat araudi urratzen dituela zehazten da. Izan ere, eraikuntza lanetarako egindako eraso-arrapaladaz baliatuta paratu nahi duten larrialdi-irteera horrek 500 metroko luzera eta 400 eskailera-maila ditu 68 metroko desnibela igotzeko –hots, dorre baten 24. solairura oinez igotzea bezainbeste. Itxuragabekeria horren inguruan Satorralaiak Eusko Jaurlaritzari aurretik zuzendutako salaketaren eta jasotako erantzunen berri ere ematen da.

- Hans Heydemann injeniariak salaketaren egiazkotasuna eta zuzentasuna berresten du bere txostenean eta ebakuazio bide hori ezbairik gabe erabat baliogabea dela ohartarazten du. Halaber, afera honetan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendariak eta Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburuak emandako erantzunak gezurtatzen ditu aditu alemaniarrak. Ildo berean, Metroaren Donostiako pasantearen Eraikuntza-Proiektuan tunelaren segurtasunaren eta sute-kasuan larrialdiko ebakuaziorako oinarrizko baldintzen atal askotan aurkitu dituen irregulartasunak eta gabezia ugariak zehatza-mehatz jorratzen ditu.

-Ondorioz, Fiskaltzari eskatzen diogu auzi hau segurtasun kolektiboaren kontrako delitua izan daitekeena ikertu dezala, kontuan hartuta Metroaren tunelean ondorio katastrofikoak gertatzea eta pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jartzea ekar ditzakeela segurtasunaren eta larrialdiko ebakuaziorako baldintzen inguruan ezarritako arauak ez betetzeak .

 

Donostiako Metroaren gaia dela eta, gero eta erakunde sozial gehiagok desadostasuna adierazten dute, obra erraldoi hori egitea hiriko mugikortasunaren “hobekuntzari” begira zeharo behargabekoa eta xahuketa ekonomiko itzela dela iritzita. Esleitutako obren gastua gutxi bailitzan, Mirakontxa-Easo tarteko  Lanen Zuzendaritza eta enpresa eraikitzaileak proiektu konstruktiboan aldaketak eta “modifikatuak” prestatzen ari diren zantzu nabarmenak daude gainera, ustekabekoen gain-kostuak gehitzeko asmoz alegia. Honi dagokionean, erabateko gardentasun falta dagoela salatzen dugu, batipat metroak hiri-erdialdeko Cortazar Zabalgunean eta Amara auzoan oso lurpe problematikoak zeharkatu behar dituen tartearen eraikuntzan hilabete askotako atzerapena ekarri duten arazoen inguruan. Arazo horien seinale dira, obrak hasi ondoren eta joan den otsailaz geroztik, hirigunean egiten ari diren etengabeko zundaketa geoteknikoak.

Bestalde, Antiguako zenbait etxebizitzetan obrak eragindako kalteek erakusten dutenez –azkenaldian pitzadurak agertu dira Aizkorri kaleko 34 eta 36 eta Zarautz etorbideko 31 zenbakietan–, Lugaritz-Mirakontxa tartean egitasmoan aurrikusitakoak baino prozesu erasokorragoak erabili dituzte tunelaren zulaketa lanak bizkortzearren.

Hori denagatik, bere hastapenetik propaganda askorekin baina inongo partehartze sozialik gabe sustatu den makro-proiektu hori geldi dezatela eskatzen dugu. Hausnarketa falta nabarmen batek ezaugarritzen  du zentzugabeko egitasmo hau, eta egun kosta ahala kosta eraikitzen ari dira, abusuzko eta legezkontrako lanaldiak barne, hirian garraio publikoa eta eskualdean EuskoTrenen sarea hobetzeko dauden beste alternatiba arrazoizkoak alboratuta.

Satorralaia bizilagunen mugimendua, 2019ko urriaren 22an.

La entrada Donostiako metroko lanak fiskaltzara segurtasun gabeziengatik aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/