2020-11-21 20:07

Argazkian auto-garbitokitik botatako hainbat hondakin ikusten dira, baina badira beste hondakin asko ibai ertz zati horretan sakabanatuta, tarteka, landaretzan ezkutatuta.

Azkoititik atera eta Garbigunearen aurrean Zumarragako bidean dagoen auto-garbitokiaz ari gara, Egia da horren parean Urolan aurkitu daitezkeen zabor batzuk, esaterako, plastiko arinak, beharbada haizeak bultatuta iritsi direla haraino, baina beste batzuk garbitokitik bertatik bota dituzte, inolako dudarik gabe. Adibidez, gailu elektronikoak, zapatak, arropa, motxila bat, eltze baten estalkia, toldo bat eta era guztietako poteak. Ikus ezazu bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=lGd8bnTAM2s&feature=youtu.be

Handik 150 bat metrora Egino erreka dago (Plater-tiroketako errepidea). Orain dela hilabete bat Eguzkik erreka hori zabortegi bihurtuta dagoela salatu eta Udala jakinaren gainean jarri zuen. Kontuan izan behar da hor botatakoen artean uralita dagoela (amiantoa) eta hondakin arriskutsu gisa salkatuta dagoela. Halaber, horrelako praktikak, legez kanpokoak diren arren, gure inguruan nahiko arruntak direla ohartarazi genuen. Azkoitia ez da salbuespen bat, alegia. Hona hemen adibide batzuk.

Gogoratu 2019ko ekainean Eguzkiko eta Urola Bizirikeko hainbat kideren artean ehunka kilo zabor atera genituela Juin Txiki poligonotik, eta eliz ondoan ikusgai egon zirela.

Azkoitiko eliz ondoan ikusgai jarritako hondakinak, kontzientziazioa helburu.

Azkoitiko eliz ondoan ikusgai jarritako hondakinak, kontzientziazioa helburu.

2019ko urrian, berriz, Urola ertzean zaborraz betetako hiru puntu salatu ziren: lehenengoa Ugarte kalean, bigarrena GI-2634 errepidearen zubipean eta hirugarrena berriz ere Juin Txikin (garbigailu bat eta guzti zegoen). Gaur egun bakar batzuek zaborrak botatzen jarraitzen dute.

Honako bideo hau, berriz, Eguzkiko eta Urola Bizirikeko kideok San Martin kalean hartu genuen, lokutorioaren atzean, otsailean, konfinamendua hasi baino pixka bat lehenago:

https://www.youtube.com/watch?v=fx5b6_Aj0dA&feature=youtu.be

Ibai Ondo eta Trino de Uria kaleak lotzen dituen zubiaren inguruan zabor-poltsak eta tetrabrikak (ardo, ozpin, esne…) ateratzen jarraitzen dugu. Dudarik gabe, baten batek etxeko leihotik bota ditu.

Trino de Uria kaletik atera gabe, etxe tartean, alde batean harategi bat eta bestean bizikleta-denda bat dauden puntuan, arropa, erratz bat eta arrautza-ontzi bat daude (testu hau argitara eman baino lehen euria egiten ez badu eta urak ibaitik behera eraman ez baditu, behintzat). Hondakin horiek ez dira hara iritsi haizeak bultzatuta. Bertan bota egin dituzte. Urola zati honetan isurketak sarri ikus daitezke.

Urola, Trino de Uria kale parean. Eguzkik orain dela hilabete batzuk ateratako argazkia.

Urola, Trino de Uria kale parean. Eguzkik orain dela hilabete batzuk ateratako argazkia.

Ordenantzak honela dio:

41. Artikulua: “Hondakinak zuzen-zuzenean ibaira botatzea guztiz debekatuta dago, ingurumenaren, osasun-baldintzen eta herriaren irudiaren kaltetan delako” eta “Ibaiara zaborra botatzea arau-urratze larria kontsideratuko da”.

Eguzkik, zaborrak garbitegitik eta Trino de Uriatik kentzeko eskatzeaz gain. urtero ibaira eta erreketara zabor kantitate handiak isurtzen direla ikusita, Azkoitiko Udalari eta Urola Erdiko Mankomunitateari eskatzen die neurriak har ditzatela, besteak beste, zaintza-protokolo bat abian jar dezatela isurketak lehenbailehen identifikatu eta atera daitezen, eta erakunde publikoak izan daitezela horrelako ekintzak publikoki salatzen dituztenak, erabat gaitzesgarriak direlako.

Eguzki, 2020ko azaroan

La entrada Azkoitiko auto-garbitokitik Urolara zaborrak botatzen direla salatu eta neurrik hartzeko eskatu du Eguzkik aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/