2020-03-04 16:44

TOPATU.EUS. Aroztegiako pelotazo urbanistikoa egiteko, ez-urbanizagarri ziren 40 hektarea lur urbanizagarri bihurtu zituzten. Hori egin ondotik, Lekarozen, 340 inguru biztanleko herrian, luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza eraiki nahi dituzte.

Proiektu hau UGPS (Udalez Gaindiko Plan Sektoriala) bitartez inposatu zen. Modu horretan herriko nekazariei beren lurrak kenduz, herri lurrak bereganatuz eta Lekarozeko herriarena izan den ermita, baimenik gabe proiektuan sartuz. Hori dena egiteko, Baztango instituzioen erabakitzeko ahalmenaren gainetik pasatu dira, nahiz eta Baztango Batzar Nagusiak, Baztango Udal Gobernuak, Lekarozeko herriak eta Baztan osoak herri galdeketaren bitarteaz argi eta garbi erran duen proiektu honen aurka dagoela, behin baino gehiagotan gainera.

Hainbat alditan erran dugun bezala, proiektu horrek Baztango egitura sozioekonomikoa hankaz goiti paratuko luke. Horrelako proiektu urbanistikoak euskararen arnasguneetan eragiten duen kaltea nabarmena izaten da.

Baztandarrek prozesu parte hartzaile baten bitartez onartutako Hirigintza Planarekin erabat hausten du. Lekarozen dagoen uraren arazoa larriagotuko luke. Zer erranik ez, proposatzen diren lanpostuen izaera prekario eta behin-behinekoa.

Palacio de Arozteguia, S.L-ren  gibelean, alde batetik, Inmobiliaria Caixa Galicia dago (partizipazioaren %51rekin), banku hau, herritarrenak ziren 9.000 milioi eurorekin erreskatatutako bankua izanik. Bertze aldetik, Salvador Urbistondo Arotzarena, Arotzarena Marin anaiak (SICAVen jabe eta iruzur fiskalagatik kondenatuak hauen artean) eta Eduardo Zubikoa Viela, bertzeak bertze. Hauek berak, La Olivan (Fuerteventura) eta Arrollalekun (Erratzu-Baztan), antzeko pelotazo urbanistikoak egin zituzten eta toki babestua zena porlanezko hilerri bihurtu dute gaur egun. Hori egin ondotik enpresak desegin eta ardura guztiak bertzeengan utziz “desagertu” dira.

Gaur egun, obrak hasi behar dituztela erranagatik, hainbat auzi daude konpontzeko. Berriki Baztango Udalak Lekarozko herriaren eskariz ermitaren jabetzaren inguruko auzia irabazi du. Epaitegiak argi eta garbi erran du enpresak ermita proiektuan berea balitz bezala paratu badu ere, ez duela frogatu berea denik. Obren esleipenean ere, LAB sindikatuak prozedura horren kontra paratutako helegitea irabazi du, esleipen horrek kontratuen legea betetzen ez duela erakutsiz. Azkenik, Hotelaren obren proiektuak Nafarroako Ondasun departamentuko Principe de Vianaren kontrako txostena du. Beraz, ez du araudia betetzen. Bide luze honetan behin eta berriz ikusten ari gara promotoreek lege eta araudiak bete gabe ere, inpunitate osoz egiten dutela aitzinerat.

Azkeneko jokaldia Hilton Hotel katearen babesa lortu dutela izan da. Gauza positibo bezala saldu nahi digute, bertze diru gose aseezina duen multinazional baten mesedetarat jarri nahi gaituzten bitartean. Hilton Hotel kate estatubatuarrak berriki hainbat salaketa jaso ditu AEBetako epaitegi ezberdinetan. Alde batetik, haurdun dauden langileen eskubideak ez errespetatzeagatik. Bertze aldetik, hamahiru emakumek sexu trafikoarekin etekinak ateratzeagatik akusatu dute hotel kate hau, horien artean batzuk adingabeak dira. Eta guk sinesten ditugu! Hau al da ¨bertako emakumeendako¨ eskaini nahi dizkiguten lanpostuak?

Hau dena guti balitz, 2018. urtera artio Hilton hotelen kateko akziodun garrantzitsuenetako bat, Blackstone Group multinazionala izan da. Donald Trumpen kanpainak babesteagatik eta Amazoniako deforestazioan izaten ari den arduragatik ezaguna. Nazio Batuetako Negozio eta Giza Eskubideen txostenak egiten dituztenak, multinazional hau alokairuak neurrigabean igotzeagatik eta etxe-gabetze bortitzak aitzinerat eramateagatik ere salatu dute.

Beraz, Baztan espekulazio iturri eta aberats guti batzuendako parke tematiko bihurtu nahi duten horien aitzinean, guk herritarren Baztan defenditzen segituko dugu. Gure herria, gure hizkuntza, gure lurra eta gure erabakitzeko eskubidea defendituko dugu. Testuinguru honetan kapitala edo bizitza aukeratzeko momentua da, guk bizitza aukeratzen dugu. Hortaz, herritar guztiak deitzen ditugu hurrengo hilabeteetan proiektu honen kontra burutuko diren ekintzetan parte hartzerat.

Baztan ez dago salgai!

Aroztegia…eta gero zer?

La entrada Aroztegia eta gero… zer? aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/