2021-05-19 17:48

 

Mundu mailako pandemia deklaratu zenetik urtebete baino gehiago igaro da eta, pixkanaka, covid-19aren ondorio berri eta gogorrak ikusten ari gara. Horietako bat covid iraunkor izenekoa da. Osasun agintaritzek aitortzen dutenez, covid iraunkorra luzaroan iraun dezaketen birusaren sintomak dira.

Sintoma iraunkor ohikoenak nekea, muskuluetako eta artikulazioetako mina, zorabioak, sukarra eta loaren gorabeherak izaten dira. Beste sintoma batzuk ere azal daitezke, hala nola eztula, aire-falta, beherakoa, dastamena eta usaimena galtzea, ilea erortzea, azazkaletako mina, kontzentratzeko zailtasuna eta oroimen galerak, palpitazioak edo arteria-tentsioa aldatzea. Gaitz hauek guztiek denboran iraun dezakete eta gure gaitasun funtzionala, zein lan egiteko gaitasuna, muga diezagukete.

Ez da zerbait puntuala, datu batzuen arabera, infekzioa gertatu eta bost astera sintomak dituzten pertsonak %20 dira. Eta 3 hilabete igaro ondoren ere, %10. Baina ziur gaude errealitatea datu horiek diotena baino askoz handiagoa dela, askotan behar den bezala diagnostikatzen ez den arazoa baita.

 

 

Aitortzen ez den gaixotasuna, diagnostikatzen ez diren gaixoak

 

Ebidentzia zientifikoa egon badago eta Osasunaren Mundu Erakundeak berak patologia hori onartu du Gaixotasunaren Nazioarteko Kodea emanik (CIE 11); hala ere, gaur egun oraindik ez dago aitorturik eta, kasu askotan, pertsona batek covid-19a pasatu eta, sintomek beren horretan iraun arren, baja ematen zaio beste gaixotasun batengatik, hala nola, buruko mina, eztarriko mina, e.a. Beste kasu batzuetan, batez ere lehen olatuan gaixotutakoetan, covid-19a pasatu izanaren konstantziarik ere ez dago; izan ere, duela urtebete, behar ziren probak (PCR) egin ez zirenez, beste diagnostikoren bat eman zaie hasieratik hainbat eta hainbat laguni.

Horren guztiaren ondorioz, honezkero urtebetera heldu diren lehenbiziko bajak ikusten ari gara. Gogoratu bajan urtebete ematen dugunean, Gizarte Segurantzaren Institutuak hartzen duela horren kargu. GSINek (INSSek) erabakitzen du, beraz, zer egin baja horrekin.

 

Beste artikulu honetan kontatu genizuen, besteak beste, zer egin, bajaren edozein momentutan, alta ematen badizute eta ez bazaude ados:

 

Hori dela eta, gaixotasunaren onarpen formala lortzeko ekintza politiko eta sozialaz gain, hemen argi apur bat eman nahi dugu prozedura hauen inguruan, zailtasunak zailtasun, gutxieneko bermeekin ekin ahal izateko. 

 

 

Laneko bajak, 12 hilabete betetzerakoan

 

Laneko baja guztiak, hala gertakizun arruntagatik (gaixotasun edo istripu arruntagatik), nola lan gertakizunengatik (lan istripua edo gaixotasun profesionala), ardura osasun-zerbitzu publikoarena edo mutualitatearena izanda ere, baja guzti-guztiak Gizarte Segurantzaren Institutuaren (GSINaren, gaztelerazko INSSaren) mende geratzen dira urtebete pasaturik.

Izan ere, Gizarte Segurantzak bajaren edozein unetan deitzeko eskumena du, baita urtebete pasatu baino lehen ere. Edozelan, askotan ez da hala gertatzen, eskumen hori mutualitate patronalen esku uzten dutelako, eta, gainera, une honetan Gizarte Segurantzak ez daukalako horretarako baliabiderik nahikoa.

Beraz, 12. hilabete horretatik aurrera, GSINeko -Gizarte Segurantzako- mediku ebaluatzaile batek deituko digu (gaur egun ez dute kasu guztietan egiten, informazio gehigarria eskatzen da, baina aurrez aurreko hitzordurik gabe). Balorazioa txosten medikoen arabera egingo du huts-hutsean. Honelakoetan ez gaituzte ia aurpegira begiratzen, txostenek diotenak du garrantzia. 

Honen ostean, balorazio hori Ezintasunak Baloratzeko Taldeari (EBT) emango dio (normalean “tribunal mediko” moduan ezagutzen den horri, alegia). Talde hau Gizarte Segurantzaren Institutuaren Lurralde Ordezkaritzaren menpekoa da eta zera proposatu ahal du: 

— Alta ematea (alta izango litzateke, ondorio guztiekin)
— 180 egun arteko luzapena
— Ezintasun iraunkorrerako proposamena (partziala, osoa, erabatekoa edo baliaezintasun handia)

 

 

Zer egin honelako kasuetan?

 

Beti esaten dizuegun bezala, gomendagarria da, ezer baino lehen, sindikatuarekin kontaktuan jartzea zure kasu zehatza jorratzearren.

Urtebetera hurbiltzen garenean, funtsezko zeregin bi dauzkagu aurretik:

 

  • Ahalik eta txosten gehien eskuratu eta bildu behar ditugu.

Esan dugun bezala, Ebaluazio Taldeak ez digu osasun azterketa medikorik egingo, ez deitzen digutenean, ez gerora. Guk emango dizkiegun txosten medikoak baloratzera mugatzen dira. Beraz, zenbat eta txosten mediko gehiago eskuratu eta zenbat eta argiagoak izan, orduan eta hobeto. Gaur egun, pandemia egoera dela eta, zaila da Osasunbidea edo Osakidetzako medikuekin (lehen mailako arretarekin zein arreta espezializatuarekin) hitzorduak lotzea eta, hortaz, ahalegindu beharko gara txosten horiek nahikoa denboraz biltzen.

Txosten hauek argiak izan behar dira: zer dugun eta pairatzen ditugun patologiek zelan mugatzen gaituzten adierazi behar dute. Argi eta garbi esaten ez badute, arazo bat izan daiteke luzapen baten edo ezintasun iraunkor baten beharra baloratzeko eta, ondorioz, baliteke alta ematea, nahiz eta benetan ez egon gure lanpostura itzultzeko moduan.

 

  • Ikuskaritza medikoaren txostena.

Arestian komentatutako Balorazio Taldean (“tribunal mediko” deitutako horretan) Eusko Jaurlaritzako/Nafarroako Gobernuko Osasun Saileko Ikuskaritza Medikoko kide batek ere hartzen du parte.

Ikuskaritza Medikoa Osasunbidea eta Osakidetzako lehen arretarekin koordinatzen da. Balorazio Taldea hauen guztien txostenetan oinarrituko da ebazpena emateko eta, horregatik, komenigarria da Ikuskaritza Medikoarekin hitzordua eskatzea Gizarte Segurantzak guri deitu baino lehen.

Ikuskaritza Medikoa honakoetan dago kokatuta:
            — Nafarroa: Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren barruan (NOPLOI, gaztelerazko ISPLN). [Helbidea beherago*]
            — EAE: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren barruan. Kasu honetan zonaldeka dago antolatuta eta, hortaz, gure osasun zentroan bertan esango digute ze ikuskatzaile mediko dagokigun.

Kasu bietan, ze ikuskatzaile mediko dagokigun dakigunean, Ikuskaritzarekin jarriko gara kontaktuan eta hitzordua eskatuko dugu (momentu honetan hitzordu presentziala baino, telefonoz izan daiteke). Helburua da ikuskatzaileari gure kasua azaltzea eta kontatzea zer gertatzen zaigun. Honela, ahaleginduko gara ikuskatzaileak txosten bat egin dezan eta Ebaluazio Taldeari eman diezaion, Ebaluazio Taldearen ebazpena benetan gertatzen zaigunarekin bat etor dadin. Honetaz gain, segidan ikusiko dugunez, Gizarte Segurantzaren Institutuak alta ematen badigu ere, desadostasun prozedura bat has dezakegu eta honetarako ere garrantzitsua izango da ikuskatzaile medikoaren txostena.

* Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua: Balorazio Kliniko-laboralaren eta Ikuskaritza Medikoaren Atala.
Aldez aurretiko hitzordua eskatzeko: 848 42 37 50, ssl.ispln@navarra.es. Landaben Poligonoa, E/F kalea, 31012 Iruñea.

 

 

Desadostasun prozedura

 

Esan bezala, Gizarte Segurantzaren Institutuak honako erantzunetako bat eman ahal digu:

1. • Aldi baterako ezintasuna luzatu ahal digu, gehienez, 180 egun gehiagoz. Honen ostean: 
            — Alta.
            — Ezintasun iraunkorra.
            — Salbuespenezko kasuetan, trataera medikoa jasotzen jarraitu beharko balitz eta sendatzeko aukerak aurreikusten badira, ezintasun iraunkorra eman beharrean, baja beste 180 egunez luza diezagukete (azken 180 egun hauetan ez dago kotizatu beharrik). 

2. • Ezintasun iraunkorrerako espedienteari ekin ahal dio.

3. • Alta eman ahal digu.

Gizarte Segurantzak alta ematen badigu, alta honekin gure desadostasuna adierazteko prozeduran hasteko aukera dago:

→ Altarekin ados ez bagaude, desadostasun idatzia aurkeztu ahal dugu (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 170.2 artikulua, 1430/2009 Dekretuaren 3. artikuluan garatzen dena). Altaren ebazpena jasotzen dugunetik 4 egun natural dauzkagu idatzi hau aurkezteko (gogoratu egun naturaletan larunbat, igande eta jai egunak ere sartzen direla). Egun naturalak, baliodunak, baliogabeak eta lan egunak zertan dautzan jakiteko:

Desadostasun idazki hau HEMENDIK jaitsi dezakezu. Ikusiko duzunez, Idatzi honetan azaldu behar dugu zergatik uste dugun ez digutela altarik eman behar izan edo, bestela esanda, alta horren kontra dauzkagun alegazioak egin beharko ditugu.

Desadostasun prozedura hau tramitatzen den bitartean, aldi baterako ezintasun egoeran jarraituko dugu, harik eta ebazpen bat ematen den arte.

→ Desadostasun eskaera aurkezten den egunean bertan jakinarazi beharko diogu baita enpresari ere (esan bezala, bajan jarraituko dugulako).

→ Desadostasuna aurkeztutakoan, Gizarte Segurantzak Eusko Jaurlaritzako edo Nafarroako Gobernuko Ikuskaritza Medikoari ere bidaliko dio. Bi gauza gerta daitezke:

Ikuskaritza Medikoak bajan jarraitu behar dugula uste badu, 7 egun dauzka Gizarte Segurantzari proposatzeko alta medikoa berriz azter dezan proposatzeko (azken hitza beti dauka Gizarte Segurantzaren Institutuak).

Gizarte Segurantzak Ikuskaritza medikoaren proposamen hau jasotzen duenean, 7 egun natural dauzka bere iritzia emateko. Bi gauza gerta daitezke: 
            – Alta medikoa berretsi.
            – Langilearen aldi baterako ezintasuna edo baja medikoa luzatu. 

• Ikuskaritza Medikoak uste badu lanera itzul gaitezkeela, alta medikoa 11 eguneko epean berretsiko du. Denbora hau pasatzen bada eta ez badu erantzunik eman, ulertu behar da gure eskaera atzera bota dutela, isiltasun administratiboagatik.

→ Gizarte Segurantzak alta medikoa berresten badu edo, honen ezean, isiltasun administratiboagatik gure eskaera ukatzen badute, 20 egun baliodun izango ditugu Lan Arloko Epaitegian salaketa aurkezteko.

 

 

 

Gida

Informazio zabalagorik nahi baduzu, PDF gida hau jaitsi dezakezu

 
 
 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Aldi baterako ezintasuna

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ezintasun iraunkorra

 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus