2023-01-27 10:58

2020/02/04
Azken eguneraketa: 2023/01/25

3/2004 Dekretua, ekainaren 25ekoa, lanbidearteko gutxieneko soldataren arauketa errazionalizatu eta beronen zenbatekoa handitzeari buruzkoa
31/2022 Legea, Aurrekontu Orokorrena, 90. Xedapen Gehigarria

 

IPREM, ondorio anitzen errenta adierazle publikoaren gaztelerazko siglak dira (indicador público de renta de efectos múltiples). Laguntza eta prestazio sozialak, kalkulatzeko Estatuan erabiltzen den adierazlea da. Honela, langabezia subsidioak, etxebizitzarako laguntzak edota bekak, besteak beste IPREMaren bitartez kalkulatzen dira, bai prestazioaren zenbatekoa, bai eskatzailearen gehienezko diru sarrerak ezartzeko.

PSOEren gobernuak sortu zuen 2004an. Ordura arte, erreferentzia moduan, lanbidearteko gutxieneko soldata erabiltzen zen prestazio guztietarako. Adierazle berri hau sortzeak helburu oso argia izan zuen: babes sozialeko gastua murriztea. Eta ondo baino hobeto lortu zuten, ordudanik laguntzak gero eta murritzagoak baitira eta gero eta jende gehiagori ukatzen baitzaizkie eskubide hauek.

Adierazle hau ia izoztuta egon da azken hamarkada luzean eta azken urteotan zertxobait igo arren (%5 2021ean, %2,5 2022an eta %3,6 2023an), igoera hori ez da inondik inora nahikoa, geroko tauletan ikusiko dugunez.

Esan barik doa, ezer baino lehen, IPREM adierazlearen existentzia bera jarri behar dela zalantzan, arestian azaldu bezala, prestazioak jaistea beste helbururik ez daukanez gero.

2023. urterako zenbatekoak honako hauek dira:

  • Egunekoa: 20 euro
  • Hilekoa: 600 euro
  • Urtekoa (12 ordainsari): 7.200 euro
  • Urtekoa (14 ordainsari): 8.400 euro

Ikusten duzuenez, urteko balio bi erabiltzen dira: 12 ordainsari edo 14 ordainsari (aparteko paga edo ordainsari bi barne). Berez, 14 ordainsarien erreferentzia erabiliko da IPREMak lanbidearteko gutxieneko soldata ordezkatu dituen kasuetan, ez bada arauan beren-beregi adierazten 12 ordainsarien balioa erabili behar dela.

 

Zertarako erabiltzen da IPREM adierazlea?

Prestazio bat jaso ahal dugun erabakitzeko orduan, eskatzailearen diru-sarrerak hartzen dira kontuan. Ohikoa da irakurtzea prestazio edo laguntzaren bat jaso ahal izateko, gure diru sarrerak ezin direla muga batetik gorakoak izan. Bada, gehieneko muga hori ezartzeko, IPREM adierazlea erabili ohi da. Era berean, laguntza askoren zenbatekoa -jasoko dugun kopurua, alegia- IPREMaren arabera kalkulatzen da.

  • Prestazioa eskatzen duen pertsonaren diru-sarreren muga ezartzeko.

Prestazioren bat eskatzen dugunean, gehienezko diru-sarrerak markaturik daude, prestaziorako eskubidea ote daukagun ebazteko. Hau, normalean, IPREM adierazlearen arabera finkatzen da.

ADIBIDEA: doako laguntza juridikoa eskatu behar badugu, familiaren diru-sarrerak ezin izango dira izan hurrengo zenbatekoak baino altuagoak (Doako Laguntza Juridikoaren Legearen 3. artikulua):

– Norbanako edo pertsona bakarrentzat: IPREM x 2 = 14.400€ gordin urtean
– 2 edo 3 laguneko familientzat: IPREM x 2,5 = 18.000€ gordin urtean.
– 4 lagun edo gehiagoko familientzat: IPREM x 3 = 21.600€ gordin urtean.

Gauza bera gertatzen da diru laguntza gehienekin: etxebizitzarako laguntzak, ortodontzia edota entzumen protesiak erosteko laguntzak, bekak eta abarrak. Familia unitatearen gehienezko diru sarrerak kalkulatzeko IPREMa erabiltzen da.

Hortaz, zenbat eta adierazle txikiagoa, orduan eta diru-sarrera txikiagoak eskatuko dira, hau da, orduan eta pobreagoak izan beharko gara laguntza eskuratu ahal izateko.

  • Prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko.

Zenbateko prestazioa jasoko dugun edo, bestela esanda, zenbat diru egokituko zaigun kalkulatzeko ere erabiltzen da IPREM indizea. Bestela esanda, diru laguntzaren zenbatekoa adierazle honen ehuneko bat izaten da.

Gainera, izan kontuan prestazioetan askotan IPREMaren %100 ere ez dela jasotzen. Honela, langabezia subsidioetan, adibidez, IPREMaren %80 baino ez da kobratzen: 480 euro hilean besterik ez (lanbidearteko gutxieneko soldataren erdia baino gutxiago).

Hortaz, zenbat eta adierazle txikiagoa, orduan eta laguntza prekarioagoak.

 

Honako hauek dira IPREM adierazlearen menpean dauden laguntzetako batzuk:

– Langabezia prestazio kontributiboagatik jasoko dugun zenbatekoaren gehieneko eta gutxieneko mugak
– Langabezia subsidioaren zenbatekoa
– Doako laguntza juridikoa jaso ahal izateko gehieneko diru-sarrerak
– Babes ofizialeko etxebizitza eskatu ahal izateko gehieneko diru-sarrerak
– Bekak edo ikasketetarako bestelako laguntzak eskatu ahal izateko gehieneko diru-sarrerak
– Gurasotasun-prestazio ez kontributiboa eskatu ahal izateko kotizazio baldintzak
– …

 

Gero eta jende gutxiago

Beraz, prestazioa dagokigun ala ez erabakitzeko, diru-sarrerak hartzen dira kontuan. Adierazlea oso baxua bada, laguntza jasotzeko aukera askoz jende gutxiagok izango du. Eta horrelaxe gertatu da: laguntzak edo subsidioak, gaur egun, pobrezia egoera oso-oso larrian dagoen jendeari baino ez daude bideratuta eta hainbat lagun kanpo geratzen dira, premia izan arren, diru-sarrerak “gehiegizkoak” direlako.

Honela, lehen eman dugun adibidearen arabera, demagun seme-alabak dituen bikote bat: euretako batek lanbidearteko gutxieneko soldata eta besteak langabezia subsidioa jasoko balute, gaur egun “gehiegi” kobratuko lukete eta ez lukete eskubiderik izango doako laguntza juridikoa jasotzeko. Eta, era berean, ez lukete eskubiderik izango beste prestazio batzuk, ikasketa bekak eta abarrak jasotzeko.

 

Prestazio gero eta baxuagoak

Jasotzen diren prestazioen zenbatekoak ere indize honi loturik egoten dira. Lehen ikusi dugunez, 480 euroko langabezia subsidioak duintasun minimorik ere ez du bermatzen. Miseriazko indizea bada, miseriazko prestazioa jasoko dugu eta horixe izan zen, hain zuzen, indize honekin hasieratik bilatu zena, babes soziala muga-mugako kasuetara murriztea.

 

IPREMaren bilakaera

Indize hau 2004an sortu zenetik ez da apenas handitu, ezta KPIaren hazkundearen arabera ere. Beraz, hasieran gutxieneko soldatatik deslotzeak ekarri zuen murrizketaz gain, urtez urte ari da balioa galtzen, bizi maila hazten den heinean. Izan ere, martxan ipini eta hurrengo urteetan baino ez zen igo. Gerora, urte gehien-gehienetan, izozturik egon da.

Hurrengo taula honetan ederto ikus daiteke:

 

IPREM eta lanbidearteko gutxieneko soldata ("SMI")

Lehen azaldu dugunez, 2004ra arte babes sozial aferetarako erabiltzen zen adierazlea lanbidearteko gutxieneko soldata zen. 2004an biak 460 eurotan zeuden arren, lanbidearteko gutxieneko soldatak gora egin du azken urteotan, IPREMa geldirik edo igoera askoz apalagoekin izan duten bitartean.

Esan beharra dago lanbidearteko gutxieneko soldatak gora egin arren, oraindik ez dela nahikoa. Europako gomendioen arabera, lanbidearteko gutxieneko soldata batezbesteko soldaten %60 izan beharko litzateke; hau da, momentu honetan 1.400 euro, gutxienez, EAEn eta Nafarroan. Edozelan, lanbidearteko gutxieneko soldata nahiko urrun dago oraindik (1.000 euro 2022. urterako).

Hemen ikus dezakegu IPREMaren galera urtez urte gutxieneko soldatarekin eta KPI igoerekin erkaturik:

 

 
 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Langabezia subsidioak

 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus