2020-11-27 15:43

 

2020/11/20

 

Badakizuenez, izapideak internetez egin ahal izateko, NAN elektronikoaz eta ziurtagiri digitalaz gain, badira beste bide batzuk. Aurreko artikulu batean cl@ve sistema azaldu genizuen, Estatuko eta Nafarroako administrazioekin izapideak egin ahal izateko modua, alegia. Baina, orduan esan genizuen bezala, EAEko administrazioek (Jaurlaritzak, aldundiek, udalek…) beste sistema bat erabiltzen dute. Horixe da, hain zuzen, gaur ekarri dizueguna: izenpe eta b@kq.

Izenpe identifikazio digital eta sinadura elektronikorako sistema da. Hainbat modu ematen ditu aukeran honetarako, hala nola, herritarren ziurtagiria, b@kq edo bak. Herritarren ziurtagiria ordaindu behar da, baina b@kq eta bak doanik dira.

 

 

Herritarren ziurtagiria

 

Txartel fisikoa da eta erabiltzeko, NAN elektronikoarekin bezala, txartelen irakurle bat behar da. Gainera, 10,25 euro ordaindu behar dira. Hortaz, ez dirudi bide hau hoberena denik herritar gehienontzat.

Hala ere, txartel hau tramitatu nahi izanez gero, HEMEN egin dezakezu online (NAN elektronikoa beharko duzu honela tramitatzeko). Bestela, aurrez aurre egin beharko zenuke.

Hiriburuetan baino ezin da tramitatu: Bilbon (Kale Nagusia, 85) eta Gasteizen (Ramiro de Maeztu, 10) Zuzenean bulegoetan eta Donostian Erregistro Zibil zaharrean (San Bartolome, 28). Honetarako, hitzordua eskatu behar da. HEMENDIK eska zenezake aldez aurretiko hitzordua.

 

 

B@kq

 

Esan bezala, B@kq eta Bak doako alternatibak dira. Hemen B@kq sistema azalduko dizuegu, EAEko administrazio eta izapide guztietarako baliagarria baita. Bak giltzaren inguruan informaziorik nahi izanez gero, HEMEN kontsulta zenezake.

B@kq bitartez egiten den identifikaziorako, NAN zenbakia eta pasahitzaz gain, koordenadak edo itsasontzi-jokoa deritzona ere erabiltzen da, segurtasun altuagorako modu moduan.

 

  • Nola eskatu?

Ezin da online eskatu (ez bada oraintxe ikusi dugun herritarren ziurtagiria edo NAN elektronikoa daukazula, baina horrelakoetan, nik uste, identifikazio bide nahikoa izango zenuke edozein izapide egiteko).

Aurrez aurre eskatu behar da. Ez da momenturik egokiena aurrez aurre ezer egiteko baina, behintzat, badira eskaera egin ahal izateko toki anitz, KZguneak, esaterako. Hau geroxeago zehaztuko dizuegu.

Eskaera behin eginda, posta elektroniko bat bidaliko dizute. Posta horretan koordenatuak jasoko dituzu. Gorde koordenatu hauek, izena eta pasahitzaz gain, itsasontzi jokorako ere eskatuko dizkizutelako izapideak egitean.

Posta elektroniko horretan, koordenatuez gain, emisio eta aktibazio prozesurako lotura ere bidaliko dizute. Lotura horretan sakatu eta segi jarraibideak. SMSz pasahitz bat bidaliko dizute; momentuan aldatu ahal izango duzu, errazago gogoratu ahal duzun beste batez.

 

  • Nola erabili?

Identifikazio-modu honek hiru atal ditu:

• Erabiltzailea: zure NAN zenbakia, kontrol-letra barne.
• Pasahitza: b@kq aktibatu duzunean aukeratu duzun pasahitza (8 karaktere).
• Itsasontzi-jokoa: bidali dizkizuten koordenatuetan letra bakoitzari zenbaki bat dagokio. Identifikatzen zarenean hiru letra azalduko zaizkizu eta zure koordenatuetan letra horiei dagozkien zenbakiak sartu beharko dituzu.

⇒ Ikus dezagun pausoz pauso:

Sartu egin nahi duzun izapidearen orrialdera, Eusko Jaurlaritzaren webguneko, Egoitza Elektronikora, adibidez.

Tramitatzeko botoia sakaturik, “Eskabidea” dakarren horretan, alegia, identifikazio modu posibleak azalduko zaizkizu, guztietatik zein erabiliko duzun aukera dezazun:

 

B@kq sakaturik, lehenengo eta behin, erabiltzailea eta pasahitza eskatuko digute, honelako pantaila batean. Ikusten duzunez, pasahitza ahaztu baduzu, hemen daukazu aukera berreskuratzeko:

 

Honen segidan koordenatuak sartzeko eskatuko dute. Hiru letra agertuko zaizkigu eta behean zenbakidun teklatu bat. Gure koordenatuetan letra bakoitzari ze zenbaki dagokion begiratu beharko dugu eta letra bakoitzaren azpian sartu pantailako teklatua erabilita:

 

  • Non eskatu?

Esan dugunez, aurrez aurre eskatu beharra dago. 600 toki baino gehiago omen daude honetarako. Toki hauek bilatzeko Izenperen webgunetik zein Eusko Jaurlaritzaren webgunetik ematen den aukera bakarra MAPA HAU da, erosoegia ez dena, bestalde.

Hainbat toki zerrendatu dizkizuegu hemen, apur bat laguntzearren. Izan kontuan guk hona ekarri ditugunak baino toki gehiago badaudela eta, esaterako, gero eta udaletxe gehiagotan tramita daitekeela. Edozelan, edonora jo baino lehenago, deitu telefonoz, badaezpada. Baliteke aldez aurretiko hitzordua eskatu beharra:

— KZGuneak
HEMEN kontsulta zenezake non dauden zure herriko, auzoko edo eskualdeko KZguneak.
Esan bezala, KZguneetan, adibidez, aldez aurretiko hitzordua eskatu behar da. Hau egin zenezake bai internetez, bai telefonoz. Honen inguruko informazioa HEMEN.

Zuzenean herritarrentzako arreta bulegoak.
Bulego hauek hiriburuetan baino ez daude. Kasu honetan ere aldez aurretiko hitzordua ezinbestekoa da. Hitzordua eskatzeko, HEMEN.

Zuzenean bulegoen helbideak:
            Bilbo: Kale Nagusia, 85
            Donostia: Andia, 13
            Gasteiz: Ramiro de Maeztu, 10 behea

— Bizkaiko Foru Aldundia

• Herritarrentzako arreta bulegoa (Bilboko bulego nagusia):
Diputazio kalea, 7, beheko solairua (Foru Liburutegiko beirazko eraikina, Aldundiko Jauregiaren atzealdea).

• Eskualdeetako bulegoak:
Durango – Askatasuna etorbidea, 12.
Bermeo – Dolariaga kalea 19.
Gernika – San Juan Ibarra enparantza, 5.

• Ogasun Sailaren eskualdeetako bulegoak. HEMEN daukazu bulego bilatzaile bat.

— Gipuzkoako Foru Aldundia:

• Herritarrentzako arreta bulegoa (Donostiako bulego nagusia): Foru Jauregia, Gipuzkoa plaza z.g.
• Politika Sozialen Saila: Txara 2. Zarategi pasealekua, 99. Donostia
• Ogasun eta Finantza Saila:
            Egoitza nagusia. Errotaburu pasealekua, 2. Donostia
            Azpeitiko bulegoa. Julian Elortza kalea, 3.
            Bergarako bulegoa. Toki Eder, 5.
            Eibarko bulegoa. Arragueta 2, behea.
            Irungo bulegoa. Frantzisko de Gaintza kalea, 1.
            Donostiako bulegoa. Okendo, 20.
            Tolosako bulegoa. San Frantzisko, 45.

— UPV/EHU
            • Leioan (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Eraikina)
            • Larrako Etxean (Sarriko)

— Osakidetzako osasun zentroak (momentura arte osasun zentroetan egiten bazen ere, koronabirus sasoi honetan baztertu beharreko aukera da hau, jakina).

 

Informazio gehiago: IZENPE.EUSen

 

 

 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus