2021-03-29 15:22

 

 

2021/03/29

Langileen Estatutuaren 37. artikulua

Langileen Estatutuaren 37. artikulu honetan azaltzen da ze kasutan daukagun ordaindutako baimenak disfrutatzeko eskubidea. Baimenak zerrendatzeaz gain, gutxienez, zenbat egunetakoak izan behar diren ere ezartzen da. Jakina, baimen hauek hitzarmen kolektiboetan ere arautu ohi dira eta, hainbat kasutan, Estatutuak markatzen dituen gutxienekoak hobetu ahal dituzte.

Hemen senideen ospitaleratzeagatiko baimena zabalago ekarri dugu, baina baimen guztien zerrenda eta azalpena beste artikulu honetan kontsulta dezakezue:

Enpresei ez zaie batere gustatzen langileok baimen ordaindu hauetako bat eskatzen eta disfrutatzen dugunean eta senideen gaixotasunengatiko hau, sarritan, gatazkatsua izan daiteke. Izan ere, Estatutuak, gutxieneko egun kopurua emateaz gain, ez du zehaztapen handirik egiten. Hori dela eta, garrantzia izango du, batez ere, hitzarmenak ezartzen duena. Edozelan, hitzarmen askotan ez da askoz gehiagorik azaltzen eta, horregatik, jurisprudentzia finkatzen joaten den horretan ere erreparatu beharko dugu.

 

 

Ze kasutan har daiteke baimena?

 

Ikus dezagun ze dioen Estatutuak:

37.3.b) Odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasun bigarren gradura arteko senideen heriotzagatik, istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo, ospitaleratu ez arren, etxean atseden hartzea dakarren ebakuntzagatik.

Kasu hauetan, eskubidea daukagu BI EGUN libre hartzeko. Egun hauek hartzeagatik ez zaigu soldatarik kenduko.

Bestetik, desplazamendua behar denean, LAU EGUN hartu ahal izango dira. Oro har, ulertzen da desplazamendu hori gutxienez 200 kilometrokoa izan behar dela (200 kilometro joateko eta 200 itzultzeko). Auzitegi Gorenaren 4476/2012 ebazpena.

Odolkidetasun eta ahaidetasun graduei begirada bat bota ahal diezu honako artikulu honetan:

Noiz hartu behar dira egun bi hauek?

 

Langileen Estatutuak ez dio ezer egun hauen disfrutearen inguruan. Beraz, hitzarmenak ere ez balu finkatuko, jurisprudentzia ezartzen duen horretan erreparatu beharko genuke.

Alde batetik, baimena lan egunetan edo egun baliodunetan hartu beharko da. Jurisprudentziak baimen luze (ezkontzagatik) eta baimen laburrak bereizten ditu. Ezkontzagatiko baimena egun naturaletan eta gertaera (gaztelerazko “hecho causante”) suertatzen denetik hasi beharko litzateke, baina beste baimenen kasuan, ordea, lan egunetan disfrutatu beharko lirateke. Honela, larunbatean ospitalizatu arren, baimena astelehenean hasiko litzateke, adibidez. Hau Auzitegi Nazionalaren 98/2018 ebazpenean, azaltzen da, besteak beste.

Bestetik, Gaztela eta Leon/Burgoseko Justizia Auzitegi Gorenaren 2008/05/29ko ebazpenean adierazten denez, ez da derrigorrezkoa baimena hartzea lehen egun bietan. Baimenaren helburua senidea zaintzea eta laguntzea bada, ospitaleratze lehen egunak ez dira zertan izan zaintza eta laguntzarik handiena behar dutenak.

Azkenik, eta aurrekoarekin lotuta, baimen ordaindua hartzeko eskubidea ez da amaitzen ospitaleak alta ematen duenean, baizik eta senideak alta medikoa jasotzen duenean, ez bada hitzarmenak beren-beregi ezartzen duela baimena ospitaleratze sasoian disfrutatu behar dela derrigorrez.

 

 

Senidearen ospitaleratzea erditzeagatik denean

 

Baimena senide baten erditzeagatik denean, ohikoa da enpresek galdetzea ea erditze hori naturala izan den ala ez. Naturala izan bada, baimena askotan ukatzen da, baimena hartzeko eskubidea amak aparteko osasun arazoak izan dituen kasuetarako baino ez balitz bezala.

Kontrako ebazpenak egon diren arren, gaur egungo irizpidea Auzitegi Gorenaren ebazpen honetan edo Auzitegi Nazionalaren beste honetan islatzen dena da: ospitaleratzeagatiko baimena gaixotasunagatik zein erditzeagatik izan daiteke. Izan ere, Estatutuak eta hitzarmen gehienek ez dute bereizketarik egiten. Hau da, arrazoia “ospitaleratzea” da, zergatia bereiztu barik. Erditzea ez da gaixotasuna, jakina, baina berdin-berdin dakar ospitaleko egonaldia arreta mediko-sanitarioa jasotzeko.

Bestetik, ezin da ahaztu sexuagatiko berezikeria izango litzatekeela baimena kasu hauetan ukatzea. Baimenaren helburua senidea laguntzea bada, onartezina da kasu honetan ukatzea, gizonezkoren bati garrantzi txikiko edozein ebakuntza egiteko onartzen den bitartean, adibidez.

Hortaz, ez litzateke beharrezkoa izango enpresari komunikatzea zeintzuk izan diren erditzearen ezaugarriak -naturala izan den edo zailtasunak izan diren, alegia-. Hala ere, badakizue, edozein arazo edo oztoporen aurrean, jar zaitezte kontaktuan sindikatuarekin.

 

 

Gaixotasun larriagatik. Noiz jotzen da larritzat gaixotasuna?

 

Ikusi dugunez, ospitaleratzea ez da kasu bakarra. Estatutuak ezartzen duenez, baimen hau istripu edo gaixotasun larri kasuetan ere har daiteke. Izan ere, ospitaleratzea eta gaixotasun larria bereizten diren egoera bi dira, hortaz, baimen ezberdinak hartzeko aukera ematen dute. Bestetik, baliteke hitzarmenean egoera bietako bakar bat hobetzea eta bestea ez, egun libre gehiago hartzeko aukerarekin, esaterako.

Gaixotasun bat larritzat jotzea, berez, nahiko ausazkoa da, ez baitago zehaztutako kontzepturik, ezta gaixotasun zerrendarik edo irizpide finkorik ere. Honela, “larritasunaren” interpretazioa egoera zehatzaren ezaugarrien arabera balioztatu beharko litzateke. Hori dela eta, 2010eko azaroaren 24ko ebazpen batean, Ciudad Realeko Epaitegiak zera ezarri zuen, baimen hau disfrutatzeko ez dela beharrezkoa berebiziko larritasunik edo arriskurik eskatzea; aitzitik, gaixoa laguntzeko senidearen presentzia beharrezkoa den kasu guztiak hartu beharko lituzke barne.

 

 

Hainbat ebakuntza edo ospitaleratze direnean, nahiz eta gaixotasun berbera izan

 

Urteetan zehar epaitegiek ebazpenak eman dituzte kasu zehatz honen inguruan, gure senidea, gaixotasun berberagatik, behin baino gehiagotan ospitaleratua izan behar denean. Hala ere, epaitegi hauek ez dira beti ondorio berberetara heldu.

• Prozesu patologiko berean ebakuntza bat baino gehiago egin behar izanez gero, horrenbeste baimen hartzeko eskubidea izango genuke (Aragoiko Auzitegi Gorena, 2000/03/06).

• Ekinbide mediko berberak ospitaleratze bi ekarriko balitu, ospitaleratze hauen artean egun bakar bat pasatuko balitz eta gaixoa ez balizt ospitalean gelditu beharko, baimena lehenbizikotik hasiko litzateke zenbatzen (Gaztela-Mantxako Auzitegi Gorena, 2005/03/10).

• Aitzitik, beste kasu batzuetan ulertu da ospitaleratze bakoitza gertaera berezitua dela (gaztelerazko “hecho causante”), nahiz eta gaixotasun berberagatik izan, ospitalerate bakoitzak familian sorrarazten diren premiei aurre egin behar izatea dakarrelako (Galiziako Auzitegi Gorena, 2010/12/21), nahiz eta interpretazio hau ez den baliogarria hitzarmen kolektiboak gaixotasun luzeei edo birgaixotzeei aurre egiteko lizentzia ez ordaindua ekarriz gero (Madrileko Auzitegi Gorena, 2016/11/30).

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Egun libreak edota baimen ordainduak

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Odolkidetasuna eta ahaidetasuna

 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus