2021-06-28 08:44

 

2021/06/25

Langileen borrokari esker, azkenik, Rider Legea onartu zen. Lege hau 2021eko abuztuaren 12an hasi behar da indarrean. Egun horretarako, beraz, enpresek autonomo faltsutzat aritu diren riderrak erregimen orokorrean erregularizaturik izan behar dituzte. Hala ere, Rider Legea artikuluan azaldu genizuen bezala, legeak ez ditu enpresak behartzen enplegua bermatzera eta, gainera, jakin badakigu iruzur berrietan ahaleginduko direla.

Horretaz gain, iruzurrezko lan harreman horrek ondorio oso txarrak izan ditu langileentzat. Izan ere, autonomo moduan aritzera beharturik, kotizazio guztiak, BEZa eta gastuak norberaren poltsikotik ordaintzera ere behartzen zuen enpresak. Momentu honetan nahasmen handia dago eta ez dago argi Gizarte Segurantzak txarto egindako kotizazio horiek guztiak ofizioz itzuliko dituen.

Eta, azkenik, sektorean zenbait langilek auzitegietan aldeko ebazpenak lortu dituzte, baita Lan Ikuskaritzaren esku hartzea ere; baina, hala ere, ez da hori rider guztien kasua. Arestian komentatutako guztia dela eta, gomendagarria da, batez ere, azken egoera honetan dauden langileentzat, lan harremana ofizialki islatuta egotea. Baina zelan egingo dugu hori?

 

 

Eskaera enpresari

 

Enpresari eskaera formal bat bideratuko diogu. Bertan eskatuko diogu gurekin kontratu mugagabe bat egiteko eta kontratu horretan adieraz dadila lan harremana noiztik hasi zen eta zenbateko jardunaldia egiten dugun. Kontratu hau dagokigun ostalaritza hitzarmen probintzialean oinarrituta egon beharko da, dagokigun mailaren soldatarekin.

Egin kopia bat zuretzat eta beste bat enpresarentzat eta, zuzendaritzari bideratzen diozunean, ziurtatu enpresak sinadura eta zigilua jartzen duela (bertako langilea zarela eta eskaera egin duzula erregistraturik gera dadin eta balizko deskonexio baten aurrean babesteko).

Hemen ikusi ahal duzue honetarako eredu bat:

Idatzi eredu hau word formatuan jaitsi nahi baduzu:
            Euskaraz
            Gazteleraz

 

 

Eskaera Lan Ikuskaritzari

 

Enpresari eskaera egitearekin batera, Lan Ikuskaritzan ere sartuko dugu salaketa. Izan ere, beste artikulu batean azaltzen dugunez, hainbat ordainketa egin behar izan dituzu autonomo faltsutzat aritzen zinen bitartean (autonomoen kuotak, BEZa, bestelako gastuak…). Diru hau berreskuratzeko aukera badago, baina, lehen esan bezala, oraindik nahasmen handia dagoenez eta Rider Legea ez denez indarrean hasi, ezin gara gelditu Gizarte Segurantzak edo Ogasunak edo dena delakoak gastu horiek guztiak ofizioz itzuliko ote dizkigun esperoan. Artikulu honetan azaldu dizuegu zelan egin kuotak berreskuratzeko:

 

Bertan kontatzen dugunez, zure egoeraren berri ematen duen dokumentazio ofizialik ez badaukazu, baliteke lehen momentuan itzulketa ukatzea (nahiz eta, edozelan, preskripzio epea etengo genukeen, horrek daukan garrantzia guztiarekin). Hala ere, Lan Ikuskaritzan salaketa egiten badugu, egiaztapen ofiziala lortuko genuke Gizarte Segurantzak diru hori itzul diezagun.

Salaketan Lan Ikuskaritzari azalduko diogu enpresan lanean aritu garela, baina kontratu merkantilaz, gure lan harremana inoren konturakoa edo, bestela esanda, soldatapekoa, izan behar zen arren eta hortaz eskatuko diogu egoeran esku hartzeko eta kaltetutako langileon eskubideak berma ditzan.

Hemen daukazue eredu bat:

Eta word formatuan nahi baduzu, HEMENDIK jaitsi ahal duzu.

Gogoratu edozein arazo daukazula edo prozedura honetan zein bestelakoetan laguntzarik behar izanez gero, sindikatura jo dezakezula. HEMEN dauzkazu helbide eta telefonoak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Rider Legea

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Riderrak: autonomoen kuoten itzulketa

 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus