2020-11-27 16:04

2020/11/26

 

5/2002 Lege Organikoa, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketarena
34/2008 Dekretua, profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituena
1224/2009 Dekretua, lan eskarmentuz lortutako lanbide gaitasunak aitortzekoa

 

Profesionaltasun ziurtagiriak dokumentu ofizialak dira. SEPEk eta, gurean, Enplegu Sailek ematen dituzte. Profesionaltasun ziurtagirien bidez egiaztaten da pertsona batek badituela lan jarduera zehatz bat egiteko beharrezko konpetentzia edo gaitasun profesionalak.

 

 

Zertarako balio dute?

 

Ziurtagiri hauen bitartez lanbide zehatz batean dauzkagun konpententzia teknikoak, hau da, daukagun kualifikazio profesionala egiazta dezakegu. Honela, honek balioko liguke, beste titulazio edo prestakuntza batzuekin bezala, ziurtagiri horrekin zerikusia daukaten lanpostuetara sartzeko.

 

 

Zelan lortzen dira?

 

Profesionaltasun ziurtagiriak hainbat konpetentzia edo gaitasun unitatek osatzen dituzte. Konpetentzia unitateak dira lanbide hori egiteko beharrezkoak diren ezagupen eta gaitasunen multzoak. Profesionaltasun ziurtagiria jasoko dugu konpetentzia unitate guztiak egiaztatzea lortzen dugunean. Hau bide bitatik egin daiteke:

• Prestakuntzaren bitartez: ziurtagiria osatzen duten prestakuntza unitate edo moduloak (ikastaroak) gaindituta. Hurrengo puntuan (Lanbide arloak eta kualifikazio mailak atalean) azaldurik dauzkazu kualifikazio mailak eta maila bakoitzeko ziurtagiria lortzeko eskatzen diren gutxieneko ikasketak.

• Lan eskarmentuaren bitartez: sektore batean lan esperientzia zabala baduzu, baina ez baduzu egiaztagiri ofizialik, lanbide-gaitasunak aitortzeko, ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesuaren bidez lor dezakezu egiaztagiri ofizial hori. Aurrerago azaldurik daukazu zelan egiaztatu behar den hau.

 

 

Lanbide arloak eta kualifikazio mailak

 

Profesionaltasun ziurtagiriak 26 lanbide arlotan daude banandurik (lanbide heziketa banadurik dagoen 26 arlo berberetan) eta hiru kualifikazio maila izan ditzakete.

• 1. mailako ziurtagiria lortzeko, ez da eskatzen ikasketa edo prestakuntza zehatzik eta ez da beharrezkoa aldez aurretiko lan eskarmenturik. Hau da, 1 . mailako ziurtagiri bat atera zenezake, zelan edo halan esateko, zerotik. 1. mailako ziurtagirietan gaitasun oso oinarrizkoak egiaztatzen dira, baina lehen pausoa izan daitezke 2. eta 3. mailako ziurtagiri espezializatuagoak lortzeko.

• 2. mailako ziurtagiria lortzeko aldez aurretiko ikasketak beharrezkoak dira: DBH titulua; beste profesionaltasun ziurtagiri bat (2. mailakoa edo 1. mailakoa lanbide arlo berekoa bada); LHko maila ertaineko ziklo batera sartzeko proba edo unibertsitatera sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba.

• Azkenik, 3. mailako ziurtagiria lortzeko: batxilergo titulua; beste profesionaltasun ziurtagiri bat (3. mailakoa edo 2. mailakoa lanbide arlo berekoa bada); LHko goi mailako ziklo batera sartzeko proba edo unibertsitatera sartzeko 25/45 urtetik gorakoentzako proba.

⇒ Bada beste modu bat 2. edo 3. mailako ziurtagiriak atera ahal izateko eskatzen den titulaziorik gabe. Maila bakoitzari dagozkion oinarrizko konpetentziak (matematikak, hizkuntza, inglesa…) badauzkazula froga zenezake. Horretarako deialdiak izaten dira eta, parte hartzeko, enplegu zerbitzuetan eskatu baino ez duzu egin behar.

Informazio gehiago oinarrizko konpetentzien inguruan:
NAFARROAN
EAEn:
            2. mailako ziurtagirietarako
            3. mailako ziurtagirietarako

 

Bestalde, hauexek dira aipatu ditugun 26 lanbide arloak:

– Administrazioa eta kudeaketa
– Arteak eta eskulangintzak
– Arte grafikoak
– Beira eta zeramika
– Ehungintza, jantzigintza eta larrugintza
– Elektrizitatea eta elektronika
– Elikagaien industriak
– Energia eta ura
– Eraikuntza eta obra zibila
– Erauzketa industriak
– Fabrikazio mekanikoa
– Garraioa eta ibilgailuen mantentze lanak
– Gizarte eta kultura zerbitzuak
– Informatika eta komunikazioak
– Instalatze eta mantentze lanak
– Irudia eta soinua
– Irudi pertsonala
– Itsasoa eta arrantza
– Jarduera fisikoak eta kirolak
– Kimika
– Merkataritza eta marketina
– Nekazaritza
– Osasungintza
– Ostalaritza eta turismoa
– Segurtasuna eta ingurumena
– Zurgintza, altzarigintza eta kortxoa

LANBIDEren orrialde honetan familia bakoitzean sakatu eta azpi-multzoak azaldako zaizkizu. Azpi-multzo bakoitzean hainbat profesionaltasun egiaztagiri posible ikusiko dituzu. Nafarra bazara ere, honek ideiatxoa emango dizu dauden aukera guztien inguruan, sistema domotiko eta inmotikoen muntaketatik menpeko pertsonei osasun arreta emateraino, web programaziotik, estetika zerbitzuetatik edo arrantza lanetatik pasatuta.

 

 

Lan eskarmentuaren aitorpena

 

Esan dugun bezala, agian ez daukazu titulaziorik, baina lan eskarmentuaz (edota prestakuntza ez formalaz) hainbat konpetentzia eskuratu dituzu. Honelakoetan, posible da gaitasunen egiaztapen prozesu baten bitartez kopetenztia horiek egiaztatzea eta profesionaltasun ziurtagiria lortzea. Izan kontuan gutxienez, bi edo hiru urteko (1.200/2.000 orduko) lan eskarmentua beharko duzula. Esperientzia laboral hau egiaztatu nahi duzun ziurtagiriarekin lotuta egon behar da, jakina.

Prozesu honek hiru pauso dauzka:

  1. Aholkularitza fasea:

Eskaera egiten duzunean, pertsona bat jarriko da zurekin kontaktuan. Zure lan eta prestakuntza ibilbidea aztertu eta aholkatuko dizu zeintzuk gaitasun-unitate egiaztatu ahal dituzun. Hurrengo fasera pasatzea komenigarria ote den esango dizu eta aparte ikastarorik egin behar ote duzun.

  1. Ebaluazio fasea:

Fase honetan zure konpetentziak egiaztatu beharko dituzu. Beraz, eman duzun dokumentazioa aztertuko da eta ebaluazio modu egokienak proposatuko dira. Ebaluazio modu hauek izan daitezke elkarrizketa profesional bat, erakustaldi praktiko bat egin dezazula, gaitasun probaren bat…

  1. Akreditazio eta erregistro fasea

Ebaluazio fasea gainditzen baduzu, administrazioak akreditazio bat emango dizu gainditu duzun konpetentzia unitate bakoitzeko. Lehen esan bezala, profesionaltasun ziurtagirirako eskatzen diren konpetentzia guztiak behin pilaturik, ziurtagiria eskuratu ahal izango duzu.

 

 

Profesionaltasun ziurtagiriak eta lanbide heziketa

 

Lanbide Heziketaren tituluak iraupen luzeagoko ikasketak dira eta eduki gehiago eman eta jasotzen dira. Lanbide heziketako ikasketak amaitzen dituzunean, titulazio akademikoa jasotzen duzu eta titulazio horrekin lan mundura sar zaitezkke edo, bestela, goragoko prestakuntza mailetan ikasten jarraitu ahal duzu.

Profesionaltasun ziurtagiriak iraupen laburragoko ikasketak dira eta ziurtagiriak berak eskatzen duen prestakuntzan zentratzen dira. Prestakuntza honekin amaitzen duzunean lan egin ahal izateko titulazioa jasoko duzu, hau da, lan mundura sartzeko edo ure lanbidean promozionatu ahal izateko titulua izango duzu.

Edozelan, ziurtagiriak eta LH lotuta daude:

Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzunean, profesionaltasun ziurtagirien batekin edo batzuekin lotuta dauden hainbat konpetentzia unitate lor ditzakezu (hau oso interesgarria da LH ikasketetan hasi, baina amiatu ez dituzunean eta, hortaz, titulurik ez daukazunean).

Era berean, ikusi dugunez, profesionaltasun egiaztagiriak blokeetan antolatuta daude. Honela, Lanbide Heziketaren tituluekin bat egiten duten konpetentzia unitateak ere lor ditzakezu eta administrazioak konbalidatu ahal dizkizu. Bestela esanda, Lanbide Heziketako titulu batekin lotuta dauden hainbat profesionaltasun ziurtagiri badauzkazu, LHko titulu hori ikasten baduzu, horiek guztiak konbalidatzeko eska zenezake eta eduki gutxiago ikasi beharko zenituzke titulua atera ahal izateko.

 
 

Europass gehigarria

 

Beste Estatu batera lan egitera joan nahi baduzu, profesionaltasun ziurtagiriaren Europass gehigarria eska zenezake. Dokumentu honek zure titulazioaren inguruko informazioa ematen du, inglesez edo beste hizkuntza batzuez. Honela, tituluaz gain, eskuratu dituzun konpetentzien berri ere ematen du, beste Estatu batzuetako enpleatzaileek edo instituzioek uler dezaten. Ondorengo informazio hau ematen du, besteak beste: eskuratu dituzun konpetentziak eta lortu dituzun ikasketen emaitzak, ze nolako tituluekin parekatu ahal den nazioartean, ze beste akreditazio ofizialak ikasteko aukera ematen duen…

Europass gehigarriaren inguruko informazio gehiago daukazu SEPEren ORRIALDE HONETAN.
Eta SEPIEren BESTE HONETAN (SEPIE hezkuntza internazionalizatzeko zerbitzua da). [Erdaraz]

 

Informazio gehiago:

TodoFP: Acreditación de competencias [erdaraz]
LANBIDE: Profesionaltasun ziurtagiriak
LANBIDE HEZIKETAREN EZAGUTZAREN EUSKAL INSTITUTUA
NAFAR LANSARE: Certificados de profesionalidad [erdaraz]
INSTITUTO NAVARRO DE LAS CUALIFICACIONES [erdaraz]
SEPE: Profesionaltasun ziurtagiria

Lanbide, telefono orokorrak: 945 160 600 / 630 305 452
Nafar Lansare: acreditacioncomunidadforal@navarra.es (profesionaltasun ziurtagirien inguruko galdera eta zalantzetarako)

 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus