2021-02-19 12:41

 

2021/02/18an eguneratua

 

Zeintzuk baldintzak bete behar dituzu langabezia prestazioa jasotzeko?

 

– Langabezian egon baino lehenagoko sei urteetan zehar 360 egun, gutxienez, langabeziagatik kotizatu izana.

– Hortaz, langabeziagatik kotizatu behar izan duzu. Pernandoren egia dirudien honek garrantzia dauka, batez ere erregimen orokorrean ez bazaude. Etxeko langilea bazara, esaterako, ez da langabeziagatik kotizatzen eta, hortaz, enplegu barik geldituz gero, ez daukazu langabezia kobratzeko eskubiderik. Aspaldiko aldarrikapen honi gobernuek oraindik orain muzin egiten diote eta bidegabekariak badirau. Era berean, autonomoa bazara, ez duzu langabezia kobratzeko eskubiderik izango; nahiz eta “autonomoen langabezia” deiturikoa existitu, latza da prestazio hori jasotzeko baldintzak betetzea. Egoera hauek beste atal batzuetan luzeago azalduta dauzkazu:

 

Ikus. Etxeko langileen erregimena
Ikus. Autonomoen langabezia

 

– Langabezia egoera legalean egon behar zara, kaleratu zaituztelako, kontratua amaitu zaizulako edo enpresak itxi duelako, besteak beste. Baina enplegua zuk utzi baduzu, nahiz eta enplegurik ez izan, ez zinateke egoera honetan egongo eta, hortaz, ezingo zenuke langabezia eskatu.

– Enplegu eskatzailetzat eman behar duzu izena (nora jo langabezian apuntatzeko?) eta jarduera konpromisoa izenpetu behar duzu.

 

 

Langabezia prestazioa eta langabezia subsidioa

 

Langabezia prestazioa kontributiboa da; hau da, kontribuzio edo kotizazioaren arabera izango dira bai prestazioaren kantitatea bai honek iraungo duen epea. Langabezia subsidioa, ordea, ez da kontributiboa, “asistentziala” baino. Langabezia prestazioa agortzen zaigunean eta bestelako diru sarrerarik ez daukagunean eska genezake azken hau. Ikus. langabezia subsidioa.

 

 

Zenbat kobratzen da langabeziagatik?

 

Lehenengo eta behin, oinarri erregulatzailea kalkulatu behar dugu. Izan ere, langabezia prestazioaren kopurua oinarri horren ehuneko ezberdinak izango dira.

Zer da oinarri erregulatzailea? Kotizatu dugun azken sei hilabeteetako kotizazio oinarrien eguneko batez bestekoa da. Hau dakigunean –demagun eguneko 35 euro direla-, langabezia prestazioa kopuru horren ehuneko bat izango da:

– Lehen 180 egunetan (6 hilabeteetan) %70 kobratuko dugu
– 180. egunetik aurrera kopuru hau %50era jaitsiko da

 

 

Zeintzuk dira kobratu ahal diren gehieneko eta gutxieneko kopuruak?

 

Urte bakoitzean muga hauek legez ezartzen dira. Hauexek dauzkazu 2021erako kopuruak:

• Gutxienekoak:
527,24 euro, seme-alabarik eduki ezean
705,18 euro, seme-alabarik edukiz gero

• Gehienekoak:
1.153,34 euro, seme-alabarik eduki ezean
1.318,10 euro, seme edo alaba bat edukiz gero
1.482,86 euro, seme-alaba bi edo gehiago edukiz gero

 

 

Zenbat denboraz kobra daiteke?

 

Gutxienez lau hilabetez eta gehienez bi urtez. Iraupena azken sei urteetan zehar kotizatu duzun denboraren arabera izango da, zenbat eta kotizazio gehiago, orduan eta iraunpen luzeagoa:

 

KOTIZATUTAKO EGUNAK PRESTAZIO EGUNAK
360tik 539ra 120
540tik 719ra 180
720tik 899ra 240
900tik 1079ra 300
1080tik 1259ra 360
1260tik 1439ra 420
1440tik 1619ra 480
1620tik 1799ra 540
1800tik 1879ra 600
1980tik 2159ra 660
2160tik aurrera 720

Izan kontuan ez direla aintzat hartuko bestelako prestazioren bat jasotzeko erabili dituzun kotizazioak.

 

 

Zer gertatzen da jardunaldi partzialaz lan egin baduzu?

 

Prestazioaren iraupenari dagokionez, jardunaldi osoz edo partzialaz aritzeak ez du eragiten, lan egindako egun bakoitza (jardunaldi osoz ez izan arren) kotizatutako eguntzat jotzen baita. Hala ere, jardunaldi partzialak prestazioaren kopurua jaisten du, kotizazioaren oinarri erregulatzailea txikiagoa baita.

Hau da, demagun jardunaldi osoz lan eginez gero, gure kotizazio oinarria 1200 euro direla, baina jardunaldi erdiz aritu garenez, 600 euro besterik ez litzateke. Hortaz, lehen sei hilabeteetan 420 euro (%70) eta, ondoren, 300 euro (%50) baino ez genuke kobratuko.

Lehen ikusi dugunez, prestazioaren gutxienekoak legez ezartzen dira. Hala ere, 2012ko lan erreformaren ondorioz, jardunaldi partzialaz lan eginez gero, prestazioa ere partziala izan dadila onartu zen, bai langabezia prestazioari bai subsidioari dagokienez, berez murritza den eskubide hau askoz gehiago murriztuta eta egoera bereziki latzak sortuta.

Honela, kontuan hartu behar da kotizazio oinarria kalkulatzeko, lan egindako azken sei hilabeteak baino ez direla aintzat hartzen. Hortaz, hainbat urtetan jardunaldi osoz aritu izanez gero, baina azken hilabeteetan jardunaldi partzialaz lan egitera behartuta ikusi baduzu zeure burua, azken sasoi horrek markatuko du prestazioaren kopurua.

 

 
 
 
 
 
 
 
 

 

 

 

Nora jo langabezian izena emateko?

 

 
 
 
 
 
 
 
 

 

 

 

Autonomoen "langabezia"

 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus