2022-05-12 15:37

 

2022/05/12

AGINDUA, 2022ko apirilaren 26koa, zeinaren bidez arautzen baitira Gaztelagun programaren etxebizitza-alokairurako laguntzak.
44/2022 Dekretua, urtarrilaren 18koa, Alokairurako Gazte Bonua arautzen duena

 

 

Seguruenik bere momentuan entzun zenuten Madrilgo Gobernuak atera behar zuen gazteentzako alokairu bonuaz. Bada, laguntza hau 42/2022 Dekretuan argitaratu zen urtarrilean. 

Lege estatala izan arren eta funtsak Madriletik ipini arren, kudeaketa erkidego autonomikoei dagokie. Honela, apirilaren 28an jakin genuen Garraio, Mugikortasun eta Agenda Urbanorako Ministerioak erkidegoei jakinarazpena bidali ziela funtsen banaketaren inguruan. Hortaz, momentu hartatik posible izan zen diru-laguntza jasotzeko eskaerak egitea. Seguruenik, hau guztia komunikabideetan entzun edo irakurri duzue.

Edozelan, laguntza hau ez da Hego Euskal Herrian martxan jarriko, lehenagotik halakoak bazeudelako indarrean gurean, bai EAEn, bai Nafarroan. Gainera, Estatuko legeak esplizituki adierazten duen bezala…

“El Bono Alquiler Joven es de aplicación a todas las comunidades autónomas y las ciudades de Ceuta y Melilla, con excepción del País Vasco y Navarra” (2. artikulua)

EAEn Gaztelagun eta Nafarroan Emanzipa programak dauzkagu martxan eta horiexek izango dira hemendik aurrera ere Hego Euskal Herrian indarrean jarraituko dutenak, bakoitza bere betebehar, arau eta baldintzekin. Edozelan, EAEn behintzat, lege estatal eta funts berri hauen harira, aldaketaren bat egin da, aurrerago azalduko dizuegunez.

Artikulu honetara EAEko Gaztelagun programa ekarri dizuegu:

 

 

Gaztelagun programa (EAE)

 

Alokairua ordaintzeko diru-laguntza da. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta (hau da, 36 urte bete arte jaso daiteke). Merkatu askeko etxebizitzen alokairua ordaintzeko balio du; izan ere, babes ofizialeko etxerik alokatu nahi bazenu, Etxebiden eman beharko zenuke izena.

 

 

Zenbat jasotzen da?

 

Errentaren portzentaje bat ordaintzen da. Gehienez, alokairuaren %60 jaso dezakegu. Hala ere, badago beste mugapen bat: hilean, gehienez, 275 euro jaso genitzake (etxebizitzarako prestazio osagarriaren zenbateko berbera, alegia).

 

 

Jasotzaileak

 

Norbanakoek edo familia unitateek jaso dezakete.

Familia unitatea: ezkontideak edo izatezko bikotekideek eta kargupeko seme-alabek osatzen dute. Jakina, guraso bakarreko familiak ere izan daitezke. Izan kontuan kasu honetan baldintzak zuk ez ezik zure bikotekideak ere bete behar dituela eta gehienezko errenta kalkulatzeko bion diru-sarrerak hartuko dituztela kontuan.

Etxea eta, hortaz, alokairua ere konpartitzen baduzu, edozelan eska zenezake. Hau da, ez da beharrezkoa etxea zeure kabuz alokatzea, bazik eta, beste lagun batekin egiten baduzu ere, eskubidea izango zenuke prestazioa eskatzeko.  Kasu honetan ez da beharrezkoa etxean bizi zareten lagun guztiok baldintzak betetzea. Baliteke beste lagunek ez betetzea edo laguntza eskatzeko premiarik ez izatea; hala ere, zuk eska zenezake.

 

 

Bete beharreko baldintzak

 

18 eta 35 urte artekoa izan behar zara.

— EAEn sei hilabetez jarraian bizitzen egon behar izan zara.

— Ezin duzu etxebizitza bat jabetzan eduki. Honetan salbuespenak badaude, hala nola, banandu bazara eta etxetik irten behar izan bazara.

— Alokairu kontratuaren titularra izan behar zara. Beste kide batzuekin batera alokatuta badaukazu, alokairu kontratuan zure izena ere azaldu behar da.

— Etxeko jabearekin ezin duzu familia harremanik izan. Zehazkiago, ezin duzu senide harremanik izan (3. gradura arte) ez etxeko jabearekin ez eta bere familia unitateko inorekin.

— Hilabeteroko ordainketa erregistraturik egon behar da; hau da, ordainketa banku transferentziaz, Bizumez edo bestelako bide elektronikoren batez egin behar duzu. Ezin duzu alokairua eskudirutan ordaindu.

— Gehienezko eta gutxienezko diru-sarrerak:

  • Norbanakoa: gutxienez, 3.000€ eta, gehienez, 24.500€
  • Familia unitatea (denen diru-sarrerak batuta): gutxienez, 3.000€ eta, gehienez, 30.000€
  • Familia ugariak (denen diru-sarrerak batuta): gutxienez, 3.000€ eta, gehienez, 32.000€

Kalkulua egin daiteke azken errenta aitorpena edo, bestela, azken 12 hilabeteetako diru-sarrerak kontuan hartuta. Kalkulurik probetxugarriena da aplikatu behar dizutena. Zalantzarik badaukazu, informa zaitez Alokabiden eskaera egin baino lehenago. Helbide eta telefonoak beherago dauzkazu.

Gehienezko diru-sarreren mugak urtero eguneratu behar dira KPIarekin edo, behintzat, horixe da apirilaren 26ko azken Aginduan ezarri dena.

 

 

Alokairuaren prezioa

 

Gehienezko diru-sarrerak eskatzen diren bezala, alokatu nahi duzun etxeak ere gehienezko prezio bat izan behar du diru-laguntza jaso ahal izateko. Prezio hauek udalerrien arabera ezberdinak dira:

  • Hiriburuetan (Bilbon, Donostian edo Gasteizen): 800€
  • Bilbo eta Donostiako metropoli barrutietan edo 10.000 biztanletik gorako udalerrietan: 750€
  • Gainontzeko herrietan: 650€

 

 

Bateraezintasunak

 

Diru-laguntza hau ezin izango duzu eskatu, baldin eta babes publikoko etxebizitza batean alokairuan bazaude edo beste programa publikoren bateko etxebizitza bada, hala nola, ASAP programakoa (“Alokairu segurua, arrazoizko prezioa”) edo Bizigune programakoa.

Era berean, bestelako laguntza batzuk jasotzen ari bazara, hala nola, etxebizitzarako prestazio osagarria (diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaileek eska dezaketena, alegia) edo alokairua ordaindu ahal izateko larrialdi sozialeko laguntzarik jasotzen baduzu. Gauza bera gertatzen da beste edozein administrazioren laguntzarik jasotzen baduzu.

 

 

Zelan eskatu?

 

  • Aurrez aurre:

Aukera bi dauzkazu: Zuzenean, herritarren arretarako zerbitzuan, edo Alokabiden.

Zuzenean:

Bilbo: Kale Nagusia 85
Donostia: Andia 13
Gasteiz: Ramiro de Maeztu 10

Informazio telefonoa: 945 01 80 00

Gogoratu aldez aurretiko hitzordua beharrezkoa dela. Hitzordua telefonoz edo internetez eska dezakezu:
          Hitzordua lotzeko telefonoa: 945 01 90 00
          Webgunea: https://www.euskadi.eus/

Alokabiden:

Bilbo: Trenbideko etorbidea 36, behea
Donostia: Errotaburu pasealekua 1, 7.solairua
Gasteiz: Gamarrako Atea 1A, behea (El Boulevard eraikina)

Informazio telefonoak:
945 569 020 (Gaztelagun programa)
944 044 708 (arreta orokorra)

Gogoratu Alokabiden ere aldez aurretiko hitzordua eskatu beharko duzula

 

  • Online:

Online egiteko, B@kQ identifikazio elektronikoa beharko duzu derrigorrez. Jakin nahi baduzu zelan funtzionatzen duen eta zelan eskuratu ahal duzun identifikazio hau, bota begirada bat beste artikulu honi:

B@kQ identifikazioa baldin badaukazu, tramitazioa HELBIDE honetatik egin beharko duzu.

⇒ Izapidearen inguruko informazio zehatzagoa HEMEN kontsulta dezakezu.

 

 

Dokumentazioa

 

ADI! Ez da beharrezkoa zuk dokumentu guzti-guztiak atxikitzea. Izan ere, administrazioak berak eskuratu eta kontsultatu ahal ditu. Beraz, eskaera egiten duzunean, posible izango duzu erantzukizunpeko adierazpena betetzea eta baimena ematea administrazioari datu horiek egiazta ditzan.

 

⇒ Derrigorrez atxiki behar duzun dokumentazioa:

Eskaera-orria. HEMEN kontsulta dezakezu eskaera-orriaren eredu bat. Izan kontuan Jaurlaritzaren webgunetik atera dugun dokumentu hau oraindik ez dagoela eguneraturik eta, hortaz, ez dizula balioko eskaera egiteko; hala ere, zer topatuko dugun aldez aurretik ikusteko, guztiz baliagarria da.

Alokairu kontratuaren kopia. 2015etik derrigorra da EAEko Alokairu Kontratuen Erregistroan inskribatzea eta fidantza gordailuan uztea. Zure alokairua erregistraturik baldin badago, inskripzioaren ziurtagiria atxikitzea nahikoa izango litzateke. Hala ere, alokairua ez badago erregistraturik, alokairu kontratuaren kopia eman beharko duzu.

Alokairuaren azken ordainketaren egiaztagiria.

Hirugarrenenen alta. Administrazioak diru-laguntza kontu korrontean ordaindu ahal izateko, hirugarrenen erregistroan egon behar zara izena emanda. Hau kontu oso erraza da: administrazioari zure banku datuak ematea baino ez da. Dokumentua HEMENDIK jaitsi ahal duzu.

 

⇒ Berriro diogu, eskaera egin bitartean administrazioari zure datuak kontsultatzeko baimena ematen badiozu eta baldintza guztiak betetzen dituzula adierazten baduzu, ez duzu aparteko dokumentaziorik eman beharko, ez bada administrazioak gerora espresuki eskatzen dizula. Administrazioak honako informazio hau egiaztatuko du bere kabuz. Edozelan, baimenik eman ezean, dokumentuak atxiki beharko dituzu:

Errolda ziurtagiria. Batetik, EAEn gutxienez sei hilabetez jarraian bizitzen egon zarela egiaztatzeko eta, bestetik, eskaera egiteko momentuan alokatutako etxean bizi zarela ziurtatzeko.

Etxebizitza baten jabe ez zarela egiaztatzen duen dokumentua. Dokumentu hau Jabetza Erregistroen Indizeen Zerbitzuak ematen du (gaztelerazko “Registro de la Propiedad” delakoak, alegia). Izan kontuan, lehen azaldu dugun bezala, balitekeela etxebizitza baten titularra izatea, baina etxebizitza hori, dena delako arrazoiagatik, ezin erabiltzea; kasu honetan, honen berri ematen duen dokumentazioa ere atxiki beharko zenuke.

Diru-sarreren egiaztagiriak. Errenta aitorpena egin baduzu, horixe aurkeztu beharko zenuke; bestela, bizi laboralaren egiaztagiria eta 10T dokumentua.

 

⇒ Eskaera aurrez aurre eta paperean egiten baduzu, honako dokumentu hauek atxiki beharko dituzu:

Familia liburua, familia unitatea baldin bada eskaera egiten duena

• Familia ugarien egiaztagiria, familia ugaria baldin bada

• Identifikazio dokumentuak (NAN, NIE, pasaportea)

 

⇒ Erantzukizunpeko adierazpena eta bateragarritasun adierazpena. Ez da beharrezkoa aparteko dokumenturik atxikitzea:

Eskaera online egiten baduzu, zuzenean eman ahal izango duzu zure baimena.

Paperean egiten baduzu, eskaera-orrian bertan eman dezakezu baimena (lehen ekarri dugun adibidean ikus dezakezu).

 

 

Izan diren azken aldaketak:

 

Hasieran azaldu dizuegunez, diru-laguntza estatala ez da gurean aplikatuko, aurretiaz bazeudelako, bai Nafarroan, bai EAEn, mota honetako laguntzak martxan. Hala ere, EAEn hainbat aldaketa egin dituzte lege berriaren harira (esan genezake euren burua derrigortuta ikusi dutela, lege estatalaren baldintzak probetxugarriagoak baitziren):

Diru sarreren muga altxatu da:

Norbanako bat: 18.000 eurotik 24.500 eurora
Familiak: 24.500 eurotik 30.000 eurora
Familia ugariak: 28.000 eurotik 32.000 eurora

Lege estatalak ezarri dituen diru-sarreren mugak askoz probetxugarriagoak dira Jaurlaritzak markaturik zeuzkanak baino, hau da, Jaurlaritzak askoz jende gehiago uzten zuen laguntzatik kanpo “gehiegi” irabazteagatik (miseriazko 18.000 euro gordin gehiegi irabaztea omen zen, jo kontuak!) Honela, Estatuak gehiegizko diru-sarreren maila 24.318,84 eurotan kokatu duenez (IPREM x 3), Jaurlaritzak ere maila horiek altxatu ditu behingoz.

Errolda: Laguntza eskatu ahal izateko, lehen beharrezkoa zen aldez aurretik, gutxienez, urtebetez EAEn bizi izana. Orain, 6 hilabete baino ez dira egiaztatu behar. Esan beharra dago lege estatalean ez dela gutxieneko denbora mugarik islatzen, alokairuzko etxean erroldatuta egotea nahikoa da.

Alokairuaren prezioa: puntu honetan ere aldaketaren bat egin behar izan du Jaurlaritzak. Hiriburuetako etxebizitzen gehienezko prezioa 775 eurotik 800 eurora altxatu du. Estatuak markatzen duen gehienezko prezioa, oro har, 600 euro dira, baina erkidegoei dagokie kopuru hauek altxatzea etxebizitzaren egoera euren eremuan kontuan izanda. Jadanik esan dugunez, muga hauek igotzen joango dira KPIaren arabera edo, behintzat, hala jasotzen du apirilaren 26ko Aginduak.

Denbora muga: lehen, gehienez, hiru urtez jaso zitekeen, orain aukera dago 36 urte bete arte jasotzeko.

Laguntza moduan jaso daitekeen gehienezko kopurua: lehen hilean 250 euro ziren, gehienez, orain 275 eurora hel daiteke. Gainera, errentaren erdia ordaintzetik errentaren %60 ordaintzera hel daiteke. Estatuaren laguntza 250 euro dira. Gogora dezagun erkidegoek aparteko funtsak jaso dituztela laguntza hauetarako.

Beraz, laburbilduz, lege estatala Jaurlaritza behartu du laguntza hobetzera hainbat puntutan, EAEko legearen zenbait baldintza benetan kaskarrak zirelako seinale argia. Bestetik, Madriletik jaso diren funts berriek aukera eman diote Jaurlaritzari beste puntu batzuk hobetzeko; bestela, ziur asko, ikutu gabe jarraituko luke denak. Baina ez dadila PNV gelditu “hemen Estatuan baino hobeto gaude” lelo barik eta “kudeatzaile onen” irudia ezin emanda…

 

Informazio gehiagorako:

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus