2020-07-01 15:36

 

24/2020 Dekretua, ekainaren 26koa, ekainaren 27an BOEn argitaratua.

 

Maiatzaren 13an ERTEak luzatu zituen dekretua argitaratu zen (18/2020 Dekretua). Orduko luzapen hura ekainaren 30ean amaitu behar zen eta dekretu berri honek, Madrilen patronalak, gobernuak eta sindikatuek adostu ostean, beste luzapen bat ekarri du, irailaren 30era arte, hain zuzen. Funtsean ez dago alde handirik, zenbait berritasun dauden arren.

Begirada bat bota ahal diozu bere momentuan lehen luzapenaren inguruan atera genuen artikuluari:

 

 

Ezinbesteko kausengatiko ERTEak (“fuerza mayor”)

 

Aldez aurretik indarrean bazeuden ERTEak izango dira luzatuko direnak. Hau da, enpresa jadanik ezinbesteko kausengatiko ERTEan bazegoen, ERTE hori luzatu ahal izango da, gehienez, irailaren 30era arte. Baina ez da covid-19aren eraginagatiko ezinbesteko espediente gehiagorik tramitatuko (8/2020 Dekretuan oinarritutako espediente gehiagorik, alegia).

Aurreko luzapenean ezarri bezala, dekretuak azaltzen du langileak jarduerara itzultzen joan behar direla eta, honetarako, enpresek jardunaldi murrizketa hobetsi beharko dutela: Hortaz, hobesten da suspentsioan dauden langileak jardunaldi murrizketara pasatzea.

⇒ Berritasuna: ERTEak irauten duen bitartean, ezin izango da aparteko ordurik egin, jarduerarik kanporatu, ezta kontratazio berririk egin ere (zuzeneko edo zeharkako kontrataziorik).

Salbuespena: ERTE barruan dauden langileek ez badaukate prestakuntza edo gaitasun nahikorik kanporatuko den jarduerarako edo kontratazio berriekin bete nahi den helbururako (edozein kasutan, aparteko ordurik ezin izango litzateke egin). Edozelan, arrazoi objektibo eta ondo justifikatuak izan behar dira eta enpresak langileen ordezkaritza legalari aldez aurretik jakinarazi beharko lioke.

Enpresak hau urratuko balu, Lan Ikuskaritzak zigor lezake (ze zigor izan litekeen zehazten ez den arren).

 

 

Arrazoi ekonomikoengatiko ERTEak

 

Arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako edo ekoizpenekoengatiko ERTEek –covid-19aren ondorioz- aurreko dekretuek ezarri bezala jarraituko dute puntu nagusietan; ERTEen luzapena artikuluan azalduta daukazue dena:

— Prozedura 8/2020 Dekretuak ezarri zuen berbera izango da (kontsulta epealdia, denbora epeak, komunikazioak)…

— Aurreko luzapenak ezarri bezala, arrazoi ekonomikoengatiko ERTEa tramita liteke ezinbesteko kausengatiko ERTEan egon bitartean.

— Lehenagotik (dekretu hau indarrean hasi baino lehen) arrazoi ekonomikoengatiko ERTEan sartuta egon baldin bazarete, ERTEaren amaiera data izan beharko da ERTEan agertzen dena. Dekretuak ez du hauen luzapenaren inguruan ezer esan.

⇒ Berritasuna: kasu honetan ere gehitu da lehen aipatutako debekua, hots, aparteko ordurik, kontratazio berririk edo jardueraren kanporaketarik ezin izango dela egin ERTEak iraun bitartean. Salbuespen berberekin.

 

 

Langabezia prestazioa

 

Aparteko langabezia prestazioa ere irailaren 30era arte luzatuko da; bestela esanda, irailaren 30era arte, prestazio berezia jasotzen egon ahal izango gara (gogoratu honek, besteak beste, ez duela langabezia “kontsumitzen”). Ikus. ERTEak atala hurrengo artikulu honetan: 

 

Bestetik, aldizkako kontratu finkoa (“fijo discontinuo”) daukaten langileei abenduaren 31ra arte luzatuko zaizkie langabezia prestazioaren inguruko neurriak (Hau ez da berria. Aurreko dekretuan data horretara arte luzatua zen honezkero, ERTEen luzapena artikuluan ikus dezakezuen bezala).

Aldizkako langileen finkoen inguruan hartutako neurriez: 

 

Azkenik, langabezia prestazioa kalkulatzeko, ERTEan jardunaldia murriztu badigute edo tarteka zenbait egunetan ez badugu lanik egiten, enpresak SEPEri jakinarazi beharko dio zein izan den aurreko hilabeteko gure jarduera. Jardunaldi murriztuan lan egin dugunean, lan egindako orduak jardunaldi oso bihurtuko dira kalkulurako, normalean egiten genuen jardunaldia kontuan izanda.

 

 

Kotizazioak

 

Enpresek kotizazioak bonifikaturik izango dituzte. Honelaxe geratu dira portzentajeak:

Erabateko ERTEak:

– 50 langiletik beherako enpresak:
            Uztailean %70
            Abuztuan %60
            Irailean %35
– 50 langile edo gehiagoko enpresak:
            Uztailean %50
            Abuztuan %40
            Irailean %25

ERTE partzialak:

            – 50 langiletik beherako enpresak:
                        Lanera itzuli diren langileak: uztailean, abuztuan eta iralean %60
                        Lanera itzuli ez diren langileak: uztailean, abuztuan eta iralean %35

            – 50 langile edo gehiagoko enpresak
                        Lanera itzuli diren langileak: uztailean, abuztuan eta iralean %40
                        Lanera itzuli ez diren langileak: uztailean, abuztuan eta iralean %25

 

⇒ Berritasuna: Orain arte ezinbesteko kausengatiko ERTEak baino ez zeuden salbuetsita kotizazioen portzentaje bat ordaintzeaz. Oraingo honetan arrazoi ekonomikoengatiko ERTEetara ere zabaldu da.

 

 

Enpresei mugapenak

 

Neurri bi hauek aurreko luzapenean jadanik ezarrita zeuden:

• Egoitza fiskala paradisu fiskaletan daukaten enpresek ezin izango dute ezinbesteko kausengatiko ERTErik martxan jarri.

• Enpresek, ezinbesteko kausengatiko ERTEan badaude eta kotizazioak ordaintzeaz salbuetsirik badaude (hau da, Gizarte Segurantzak bonifikaturik badaude), ezin izango dute dibidendurik banatu, ERTEa aplikatu den ekitaldi fiskalean (aplikatu den urtean).

Hala ere, dibidenduak banatzeko aukera izan badaukate, baldin eta, aldez aurretik, salbuetsi edo bonifikatu zaien zenbatekoa itzultzen badute.

Mugapen hau ez zaie aplikatuko otsailaren 29an 50 langile baino gutxiago zeukaten enpresei.

 

 

Enpleguaren babesa

 

8/2020 Dekretuan eta 18/2020 Dekretuan klausula hau sartu zen. Ikus. ERTEen luzapena artikulua. Oraingo honetan, arrazoi ekonomikoengatiko ERTEetan sartzen diren enpresei ere zabaldu zaie.

6 hilabeteko epea honelaxe hasiko da zenbatzen:

– Ezinbesteko kausengatik: ERTEan egondako langileren bat jarduerara itzuli eta enpresak kotizazioen salbuespen bonifikazioaz profitatzen denetik.
– Arrazoi ekonomikoengatik: dekretu hau indarrean hasten denetik, hau da 2020ko ekainaren 27tik.

 

 

Beste luzapen batzuk

 

Kaleratzeen balizko “debekua” irailaren 30era arte luzatu da. Gogora dezagun benetan ez dela kaleratzerik debekatu; baizik eta, gehienez, kaleratze horiek zertxobait garestitu direla.

Beste alde batetik, enpresa batean jarduera etenez gero, aldi baterako kontratuen iraupena ere etengo litzatekeela ezarri zen. Hau da, parentesi moduko bat zabalduko litzateke eta, jarduerara behin itzulita, lanean eta kontratuaren iraupenean zenbatzen jarraituko litzateke. Neurri hau ere luzatu da irailaren 30era arte.

Ikusi neurri bi hauek ondoko artikulu honetan:

 

 
 
 
 

8/2020 Dekretua, martxoaren 17koa
18/2020 Dekretua, maiatzaren 12koa
24/2020 Dekretua, ekainaren 26koa

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean! Harpidetu gure telegram kanalera:

 

https://t.me/BizilanEus

 

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus