2020-05-13 19:24

 

Azken egunotan luze hitz egin da ERTEen inguruan Madrilen adosten ari ziren neurri berrien inguruan. Maiatzaren 13an, azkenik, argitaratu da BOEn Madrilgo Gobernuak, CEOEk, Cepymek, CCOOak eta UGTk sinatutako akordioa (18/2020 Dekretua). Ikus dezagun, beraz, zer dakarren.

 

Ezinbesteko kausengatiko ERTEak (“fuerza mayor”)

 

Covid-19a dela eta, ezinbesteko kausengatiko ERTEan dauden enpresek ERTE hau luzatu ahal izango dute, jarduera galarazten duten arrazoiek dirauten bitartean, baina, gehienez, 2020ko ekainaren 30era arte (ez bada prorrogatzen, gero ikusiko dugunez).

Jarduera partzialki berreskuratzen joan ahal badira, ERTE partzialean sartu ahal izango dira. Honek esan nahi du langileak ERTEtik ateratzen joan ahal izango direla, jarduera berreskuratzen doazen heinean. ERTE partzial honetan egon ahal izango dira, gehienez, 2020ko ekainaren 30era arte (ez bada prorrogatzen, gero ikusiko dugunez).

Dekretuaren arabera, jarduerara itzultzeko, enpresek jardunaldi murrizketa hobetsi beharko dute, hau da hobesten da suspentsioan dauden langileak jardunaldi murrizketara pasatzea, nahiz eta ERTE barruan jarraitu. Honek esan nahiko luke, bestetik, Gizarte Segurantzak lan egiten ez dugun jardunaldi zatia osatu beharko ligukeela.

Enpresek SEPEri jakanarazi behar diote zeintzuk diren aldaketa hauek, bai langileak jarduerara guztiz itzuli direlako, bai eta suspentsiotik jardunaldi murrizketara pasatu direlako. Eta, honetaz gain, 15 eguneko epean lan agintaritzari ere jakinarazi beharko diote.

Badakigunez, ezinbesteko kausengatiko espedienteetan, legeak ez du derrigortzen langileekin ezer adostera. Baina, inoiz edo behin esan dizuegunez, honek ez du esan nahi guk ezin diogunik enpresari mahaigaineratu ERTEaren arintze edo leuntze honen terminoak gurekin adosteko.

 

Arrazoi ekonomikoengatiko ERTEak (ERTE arruntak)

 

Honelako ERTE bat hasten bada dekretu hau indarrean sartu denetik, hau da, maiatzaren 13tik, ekainaren 30era arte, honelakoak bete beharko ditu:

Kontsulta epealdia behar dute; bestela esanda, adostuak izan behar dira (puntu hau 8/2020 Dekretuak ezarri zuen berbera da, beraz, ez da berritasuna, baizik eta alarma egoerarako ezarri zen prozedura).

– Enpesan ordezkaritza legalik ez balego, oro har edo sektorean ordezkaritza gehien daukaten sindikatuekin osatu beharko da negoziazio batzordea (langile bat sindikatu bakoitzeko); eta, honen ezean, enpresako hiru langilek osatuko dute batzordea.

– Batzorde hau 5 egunetan osatu beharko da

– Kontsulta epealdiak (negoziazio prozedurak), gehienez, 7 egun iraungo ditu

– Lan Ikuskaritzak 7 egun izango ditu, gehienez, ERTEaren inguruko txostena emateko (hau da, ERTEa benetako arrazoietan oinarrituta ote dagoen ebazteko)

Arrazoi ekonomikoengatiko ERTEa tramitatu ahal izango da ezinbesteko kausengatiko ERTEan egon bitartean. HAU BERRIA DA. Izan ere, badirudi dekretu honek bultzatzen duen neurrietako bat hauxe dela, hau da, ezinbesteko kausengatiko ERTEak arrazoi ekonomikoengatiko ERTE bihurtzea.

Hau da, gure enpresa ezinbesteko kausengatiko ERTEan egon daiteke eta, ikusi dugunez, kasu horretan ekainaren 30era arte baino ezin izango luke luzatu. Hortaz, erabaki lezake arrazoi ekonomikoengatiko beste ERTE bat egitea, indarraldi handiagoarekin. Eta bigarren ERTE hau tramita lezake lehenbiziko ERTEa amaitu baino lehen.

• Honela, izan liteke ezinbesteko kausengatiko ERTEa amaitu eta segidan –egun berean- arrazoi ekonomikoengatiko ERTEan sartzea. Gogoratu arrazoi ekonomikoengatik bada, ERTEak amaiera data zehatza izan behar duela.

• Lehenagotik (dekretu hau indarrean hasi baino lehen) arrazoi ekonomikoengatiko ERTEan sartuta egon baldin bazarete, ERTEaren amaiera data izan beharko da ERTEan agertzen dena. Dekretuak ez du hauen luzapenaren inguruan ezer esan.

 

Langabezia prestazioa

 

8/2020 Dekretuak ezarri zituen langabezia prestazioaren inguruko neurriak ere “luzatu” dira ekainaren 30era arte: nahiko kotizaziorik ez badaukazu ere, prestazioa jasotzeko eskubidea, prestaziorako metatu dugun denbora ez kontsumitzea… Ikus. ERTEak atala Kononabirusa. Informazioa eta gomendioak alarma egoerarako orrialdean.

Bestetik, aldizkako kontratu finkoa (“fijo discontinuo”) daukaten langileei abenduaren 31ra arte luzatuko zaizkie langabezia prestazioaren inguruko neurriak. Ikus. Langabezia prestazioa: aldizkako langile finkoak

 

Hortaz, ondoriozta dezakegu, aldizkako langileen kasuan izan ezik, aparteko langabezia prestazioak ekainaren 30ean amaituko direla eta, hortik aurrera, langabezia prestazio arruntera pasatu beharko dela, prorrogarik ez balego. Honek esan nahiko luke langabezia prestazio arrunta jasotzeko nahiko kotizaziorik ez daukaten langileek ez luketela prestaziorik jasoko.

Beraz, enpresak ERTEetan jarrai dezakete (ezinbesteko ERTEtik ERTE “arruntera” pasaturik), baina langileentzakoaparteko prestazioa amaituko litzateke.

 

Kotizazioak

 

Ezinbesteko kausengatiko ERTEen kotizazioak bonifikaturik egon dira enpresentzat. Orain, ERTE partzialetara pasatzen badira, bonifikazio horiek honelaxe geldituko dira (hilabetearen arabera eta segun langileak lanera itzuli diren ala ez):

• Erabateko ERTEa (lehen bezala)
            – 50 langiletik beherako enpresak: %100
            – 50 langile edo gehiagoko enpresak: %75

• ERTE partziala

            – 50 langiletik beherako enpresak:
                        Lanera itzuli diren langileak: maiatzean %85, ekainean %70
                        Lanera itzuli ez diren langileak: maiatzean %60, ekainean %45

            – 50 langile edo gehiagoko enpresak
                        Lanera itzuli diren langileak: maiatzean %60, ekinean %45
                        Lanera itzuli ez diren langileak: maiatzean %45, ekainean %30

 

Enpresei mugapenak

 

• Egoitza fiskala paradisu fiskaletan daukaten enpresek ezin izango dute ezinbesteko kausengatiko ERTErik martxan jarri.

Ebazpen hau, praktikan, zaila izan daiteke aplikatzen. Izan ere, halako enpresak, normalean, ingeniaritza fiskal eta sozioetarioko enpresa taldeak izaten dira eta.

• 50 langile edo gehiagoko enpresek, ezinbesteko kausengatiko ERTEan badaude eta kotizazioak ordaintzeaz salbuetsirik badaude (hau da, Gizarte Segurantzak bonifikaturik badaude), ezin izango dute dibidendurik banatu, ERTEa aplikatu den ekitaldi fiskalean (aplikatu den urtean).

Hala ere, dibidenduak banatzeko aukera izan badaukate, baldin eta, aldez aurretik, salbuetsi edo bonifikatu zaien zenbatekoa itzultzen badute.

 

Balizko prorroga

 

Lehen aipatu dugun bezala, dekretu honek ezarri duen denbora-muga ekainaren 30 da. Hala ere, balizko prorrogak ezarri ahal izango dira. Beraz, ezinbesteko kausengatik ERTEak, Gizarte Segurantzaren kuoten salbuespena eta langabezia prestazioari dagozkion neurriak luza litezke, hurrengo dekreturen baten bitartez hala ezarriz gero.

 

Enpleguaren babesa

 

Behin baino gehiagotan esan dugunez, enpleguaren babeserako honelako klausulek ez dituzte kaleratzeak debekatzen. Zerbait egitekotan, kaleratzeak zertxobait garestitu dezakete, baina ez gaituzte kaleratzeetatik babesten.

8/2020 Dekretuan sartu zen xedapena (Seigarren Xedapen Gehigarria) zehaztu da beste dekretu honetan:

• Ezinbesteko kausengatiko ERTEei baino ez zaie aplikatuko

• Ez da aplikatuko
            – kaleratze diziplinarioetan edo langileak lana uzten badu
            – heriotza kasuetan, jubilazioetan edo ezintasun iraunkor kasuetan
            – aldizkako langile finkoak lanera deitzen ez dituztenean, baldin eta lan etenaldi sasoian bada (hau da, kaleratzea ez bada).
            – aldi baterako langileak: obra edo zerbitzua amaitu bada (kontratuan adierazitako denbora, alegia) edo kontratatutako jarduera berehala gauzatzea ezinezkoa denean.
            – enpresa hartzekodunen lehia edo konkurtso arriskuan badago. Hau oso labainkorra da, zeren eta ez da esaten enpresa hartzekodunen lehian EGON behar denik, baizik eta horren ARRISKUAN. Beraz, balizko “arrisku” hori nahikoa izango litzateke neurri hau aplikatu behar ez izateko.

• Bestetik, enplegua gordetzeko konpromiso honetatik kanpo hainbat enpresa gelditu ahal direla esaten da, segun eta zein den euren sektorea eta estazionalitatea kontuan izanda. Hortaz, hainbat enpresek aitzakia hau erabil dezakete (turismo edo udako jarduerekin lotutakoak, adibidez) konpromiso hau ez betetzeko.

• Eta, jakina, ez da inolako zehapenik aurreikusten legea urratzen duten enpresen kontra. Ondorio bakarra izango litzateke Gizarte Segurantzak ordaindutako kotizazioak itzultzea.

 

Jatorrizko albistea HEMEN

 

Informazio gehiago:

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus