2020-06-03 12:31

 

2020an senideren bat zaintzeko eszedentzia bat hartzen badugu, zenbait kasu zehatetan, diru-laguntzak eskatu ahal izango ditugu. Era berean, gure eszedentzia 2019ko azaroaren 3tik abenduaren 31ra arteko denbora tartean hasi bazen, aurten eskatu ahal izango ditugu laguntzak. Gehienez, 12 hilabete subentzionatuko dira.

 

Eskaera epea zabaltzear oraindik
Maiatzaren 28ko BONen argitaratu zen 2020-2023rako deialdi berria. Hala ere, eskaera epea zabaltzear dago oraindik (nahiz eta, berez argitaratu eta hurrengo egunean hasi behar zen). Hori dela eta, informazio hau ematen dizuegun momentu honetan ez da posible tramitatzea. Dena martxan dagoenean abisatuko dizuegu Telegram kanalaren edo twitter kontuaren bitartez.
 
 

Subentzionatuko diren kasuak

Ez dira subentzionatuko zaintza betebeharrengatiko eszedentzia hartzeko premia guztiak; aitzitik, kasu zehatzetara murriztuta daude diru-laguntza hauek:

1. Seme-alabaren batek istripu larriren bat izan badu, ospitalizatu behar izan badute eta zaintzak behar izan baditu, tarte horretan edota geroago ere bai (artikulu osoan zehar “seme-alaba” diogunean, uler dadila jaiotza, adopzio edo harreragatiko seme-alabak direla).

2. Senideren batek gaixotasun edo istripu larriren bat izan badu, ospitalizatu behar izan badute eta zaintzak behar izan baditu, tarte horretan edota geroago ere bai. Senide hau bikotekidea izan daiteke edo odolkidetasuneko lehen gradukoren bat.

3. Seme-alabak zaintzeko, bigarren semea edo alaba, edo hurrengoa, jaiotzen denean eta jaioberriak (edo beste seme-alabaren batek), gutxienez, %33eko desgaitasuna badauka edo menpekotasun egoeran badago. Kasu honetan, beste umeetako bat 6 urtetik beherakoa izan behar da edo 9 urtetik beherakoa, desgaitasunen bat baldin badauka.

4. Seme-alabak zaintzeko, hirugarren semea edo alaba, edo hurrengoa, jaiotzen denean eta 6 urtetik beherako beste umeren bat badaukazu.

5. Seme-alabak zaintzeko, jaiotza, adopzio edo harrera anizkunen kasuan.

 

Zenbat jasoko da?

Zenbateko zehatzak aurrekontuetan ezarriko dira. Hala ere, ezin izango dira hurrengo hauek baino txikiagoak izan:

Jardunaldi osoko kontratuarekin:

  • 645,30 euro hilean azaldu ditugun lehen eta bigarren kasuetarako (seme-alaba edo senidea ospitalizatua izan bada, alegia)
  • 450 euro hilean beste kasuetarako (seme-alaben zaintzarako, alegia)

Jardunaldi partzialeko kontratuarekin, diru-laguntza proportzionala izango da (aurreko sei hilabeteetan kotizatu duguna hartuko da kontuan).

Aldizkako finkoen kasuan, aurreko urtean kotizatutako 180 egun hartuko dira aintzat.

 

Betebeharreko baldintzak

– Familiakide guztiak Nafarroan bizitzen egon behar izan dira diru-laguntza eskatu aurreko bi urteetan, gutxienez. Bestela, nahikoa izango da azken zazpi urteetan zehar bost urtez Nafarroan bizitzen egon bazarete.

Elkarbizitza ere egiaztatu behar da. Salbuespena, eszedentzia senide bat zaintzeko izan bada. Kasu horretan ez da beharrezkoa etxe berean bizitzea.

– Seme-alabak zaintzeko eszedentzia izan bada, zure bikotekideak ere lan egin behar du (inoren kontura edo bere kontura) edo, bestela, lan egiteko erabateko ezintasuna izan behar du. Senide bat zaintzeko denean, betebehar hau ez da beharrezkoa.

Familia unitatearen diru sarrerak ezin dira ondorengo hauek baino altuagoak izan:

Familiakide 1 edo 2: IPREM (6.454,03€) x 5 = 32.270,15€
3 familiakide: IPREM (6.454,03€) x 6 = 38.724,18€
4 familiakide: IPREM (6.454,03€) x 7 = 45.178,21€
5 familiakide: IPREM (6.454,03€) x 8 = 51.632,24€
6 familiakide: IPREM (6.454,03€) x 9 = 58.086,27€

Familia unitatearen diru-sarreren kalkulorako familiakideen PFEZ erenta aitorpena hartuko da kontuan.

Familia unitate barruan ezkontideak edo bikotea eta seme-alabak sartuko dira (25 urtera artekoak, gurekin biziko balira), baita zaindu beharreko senidea ere, gurekin biziko balitz. Gurekin biziko ez balitz, kanpoan geldituko litzateke eta, hortaz, bere diru-sarrerak ere ez liratezke kontuan hartuko.

 

Dokumentazioa

– Eskaera-orria
– Familia liburuaren fotokopia
– Diru-laguntza banku transferentziaz jasotzeko eskaera. Dokumentua HEMENDIK jaitsi ahal duzu
– Familiak bestelako diru-laguntzarik jasotzen badu, horien aitorpena. Dokumentua HEMENDIK jaitsi ahal duzu
– Familiakideen nortasun agirien fotokopia
– Errolda agiria (kide guztiok agertu behar zarete)
– Bikotekidearen enpresa ziurtagiria, bertan lan egiten duela egiaztatzeko (autonomoa bada, azken 6 hilabeteetako kotizazio egiaztagiriak)
– Norberaren enpresa ziurtagiria. Bertan eszedentzia eman dizutela agertu behar da (data zehatzekin).
– Jardunaldi portzentajea adierazten duen ziurtagiria
– Azken 6 nominen fotokopiak
– Gainontzeko dokumentazioa HEMENDIK jaitsi ahal duzu

 

Eskaerak

Suposatzen zen eskaera-epea agindua BONen argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasi behar zela; hala ere, oraindik ez dago zabalik. Edozelan, epea azaroaren 2an amaituko da.

Eskaerak internetez:

Erregistro Elektroniko Orokorrean
Izapidearen fitxaren bitartez

Momentuz, eskaera digitalak hobetsi dira. Eskaera epea zabaltzen denean ikusiko dugu ea aurrez aurreko eskaera egiteko aukerarik ematen den.

Edozertarako, hemen daukazue Familia Sailaren arreta telefonoa: 848 42 12 58

 
 
 
Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus