2020-10-09 18:16

 

 

Covid-19a dela-eta, seme-alabak zaintzeko baimena (Nafarroako Administrazioa)

2020/10/09

 

Denok dakigunez, arazo handia daukagu momentu honetan seme-alabak zaindu ahal izateko, eskolan kutsatzen badira edo covid-19agatik ikastetxea edo klasea itxi behar izanez gero.

Bada, Nafarroako Administrazioko langileek lanean baimena eskatzeko aukera daukate zaintza betebehar hauei aurre egin ahal izateko. Betebehar saihestezinerako baimena izango litzateke hau eta maiatzean ezarri zen 59/2020 Foru Ainduaren bitartez.

Izan ere, hainbat neurri adostu ziren lanera buelta segurua izan zedin eta, horien artean, baimen hau eskatzeko aukera bazegoen. LABek proposatutako puntu gehienak barne hartu zituen Agindu hark eta Mahai Orokorrean irailera arte indarrean egoteko ere adostu zen.

Orain, urriaren 5eko BONen 105/2020 Foru Agindua argitaratu da eta honetan betebehar saihestezineko baimen honek indarrean jarraitzea ezarri da.

 
 

Nori zuzendua?

Nafarroako Administrazioko langileak. Hori lehenbiziko aginduak ere ezartzen zuen; hala ere, bigarren agindu honek ikastetxeetako langileak ere barne hartu ditu, baldin eta zerbitzuaren premiak behar bezala beteta geratzen badira.

14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko baimena da, ikastetxeen balizko itxieren aurrean erabiltzeko.

 

 

Baterazintasunak

Zaintza hauek bere gain hartu ahal dituen beste pertsonaren batekin bizi bazara. Esaterako, zure bikotekideak ordaindutako lanik egingo ez balu, ukatu ahal dizute baimen hau.

Bestetik, aipatzen da baldintzetako bat dela lana telematikoki ezin egitea. Beraz, ulertzen dugu, zure lanpostuan telelanaz aritu ahal izanez gero, horixe eskatu beharko zenukeela eta ez baimen hau.

 

 

Eskaera

Baimen hau Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen araudian kokaturik dago (11/2009 Foru Dekretua, 28. Artikulua) eta, beraz, baimen ordaindua izango litzateke.

Ondoko dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzu:

Eskaera-orria.
Honelako baimenak eskatzeko Hezkunza Sailak darabilen eskaera-orri orrokorra HEMENDIK jaitsi zenezake (sarean ez dago beste sailetako dokumenturik eskegita –edo, behintzat, ez dugu aurkitu-).

• Erantzukizunpeko adierazpena. Bertan azaldu behar duzu betebehar saihestezin hau, umearen zaintza, alegia, zure kargupean dagoela, hau da, familia unitatean zeu zarela horren arduraduna.

• Familia liburua edo, harrera kasuetan, ebazpen administratiboa.

 

 

Neurriaren indarraldia

Hasiera: argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hau da, urriaren 6tik aurrera.

Amaiera: beste baimen, prestazio edo tresnaren bat martxan jartzen den arte eta, honen ezean, 2020-2021 ikasturte amaierara arte. Bestela esanda, neurria kutsoa amaitu arte luzatuko da, ez bada denbora tarte honetan helburu berbera daukan beste neurriren bat hartzen dela.

 

 

 

Amaitzeko, betebehar saihestezinerako baimena ez da Nafarroako Administraziora mugatzen. Bere momentuan azaldu genizuen Langileen Estatutuak 37.3 artikuluan baimen hau jasotzen duela. Koronabirusa. Informazioa eta gomendioak alarma egoerarako artikuluan (“Zaintza betebeharrengatik ezin bazara lanera joan” atalean) horren berri eman genizuen eta, horretaz gain, baimen hau enpresari eskatzeko eredu bat jaitsi dezakezue.

 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus