2020-10-07 12:51

 

 

Bono soziala diru-sarreren jaitsiera esanguratsua pairatu dutenentzat

2020/10/07

 

30/2020 Dekretuaren Seigarren Xedapen Gehigarria

 

Dekretu honen bitartez, kontsumitzaile zaurgarrien kategoria berri bat sortu da edo, bestela esanda, bono soziala covid-19aren eragin ekonomikoa pairatu duten langileei zabaldu zaie.

Bete beharreko baldintza ekonomikoak antzekoak dira. Izan ere, diru-sarreren muga parametro berberen arabera neurtzen da, baina badira ezberdintasun nagusi bi:

– Ez dira urte osoko diru-sarrerak aintzat hartuko, baizik eta azken hilabetekoak. Bono soziala eskatzerakoan, urte osoko diru-sarreren berri eman behar da, errenta aitorpena aurkezturik, baina kasu honetan, esan bezala, azken hilabeteko diru-sarrerak baino ez dira kontuan hartuko eta hauen berri emateko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea nahikoa izango da.

– Azken hilabeteko diru-sarreren jaitsiera honen arrazoia honako hau izan behar da: titularra edo familia unitateko kideren bat langabezian edo ERTEan dagoela; zaintza betebeharrengatik jardunaldia murriztu duela; autonomoa izanez gero, diru-sarreren galera esanguratsua izan duela…

⇒ Adi! neurri honek autonomoentzat, alarma egoera zela eta, martxan jarri zen neurria ordezkatu du. Ikus Autonomoentzako neurri berriak (apirilak 1)

 

 

Deskontuak

Bono sozialarekin hainbat deskontu izaten dira elektrizitatearen fakturan:

— Zaurgarritasun egoeran dauden lagunentzat: %25eko beherapena.
— Zaurgarritasun larrian daudenentzat: %40eko beherapena.
Bazterketa sozial arriskuan dauden lagunentzat: faktura osoa.

[Egoera bakoitzean zeintzuk diren bete beharreko baldintzak ondoko artikulu honetan daude azalduta: Koronabirusa. Alarma egoerarako hartutako neurri sozialak]

Hala ere, kategoria berri honetan zaurgarritasun egoera baino ez da aitortuko, esan nahi baita, ez dela hiru balizko egoera horien artean bereiztuko eta, hortaz, beherapena %25ekoa izango dela kasu guztietan. Esan bezala, azken hilabeteko diru-sarrerak baino ez dira kontuan hartuko.

 

 

Bete beharreko baldintzak:

• Esan bezala, titularra edo familia unitateko kideren bat langabezian edo ERTEan egon behar da, zaintza betebeharrengatik jardunaldia murriztu behar izan du edo, halako arrazoiren batengatik, diru-sarreren galera esanguratsua pairatu behar izan du.

Familia unitatearen diru-sarrerak (aurreko hilabetean) ezin dira izan segidan azalduko ditugunak baino altuagoak. Muga hauek ezartzeko IPREM adierazlea erabiliko da: IPREM (14 paga) zati 12 egingo da eta emaitza hau (621,26 euro) familia unitatearen ezaugarrien arabera biderkatuko da. Honela:

— Familia unitatean adin txikikorik ez badago: 621,26 x 1,5 = 931,89 euro
— Familia unitatean adin txikiko bat badago: 621,26 x 2 = 1.242,52 euro
— Familia unitatean adin txikiko bi badaude: 621,26 x 2,5 = 1.553,15 euro

Biderkatzaile hauek 0,5 handituko dira honako kasu hauetan:
            — Familia unitateko kideren batek, gutxienez, %33eko desgaitasuna badauka edo II. edo III. graduko menpekotasun egoeran badago.
            — Guraso bakarreko familiak.
            — Familia unitateko kideren bat genero indarkeria egoeran badago.

⇒ Adi! Bono soziala tramitatzeko, araudiak ezartzen du ezinbestekoa dela PVPC tarifa kontrataturik edukitzea (PVPC: kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa), hau da, ezin dela izan merkatu askeko tarifa bat. Hala ere, aukera dago momentuan aldatzeko.

 

 

Zer jotzen da familia unitatetzat?

Familia unitatearen kontzeptualizazio oso murritza erabiltzen da bono sozialerako. Izan ere, gurasoak eta adin txikiko seme-alabak baino ez dira familia unitatetzat jotzen eta, hortaz, esaterako, aitite-amamak ere kanpo geratzen dira, nahiz eta elkarrekin eta etxe berean bizi.

 

 

Eskaera

Eskaera energia konpainiari egin behar zaio zuzenean. Posta elektronikoz ondoko dokumentazio hau bidali beharko diozu:

Eskaera orria eta erantzukizunpeko adierazpena:
            Jaitsi HEMENDIK PDF formatuan edo ODT formatuan
Langabezian bazaude: SEPEren ziurtagiria
Autonomoa bazara: jarduera amaieragatiko egiaztagiria
• Titularraren NAN edo NIEa. Familia unitatea bazarete, kide guztien nortasun agiriak.
Errolda agiria
Familia liburua

Energia konpainiak bost egun dauzka datuak konprobatzeko eta erantzun bat emateko.

 

 

Neurriaren iraunaldia

Kategoria berri hau 2021ko ekainaren 30ean geratuko da bertan behera. Hala ere, bono soziala zaurgarritasun ekonomikoaren kasuetan jaso daiteke eta, lehen esan bezala, diru-sarreren muga berdin kalkulatzen da. Beraz, neurri honen iraunaldia behin amaituta, urteko zure diru-sarrerak oraindik muga horietatik behera badaude, bono soziala eska zenezake berdin-berdin.

 

 

Kontsumitzaile zaurgarri berrien inguruko informazioa:
Telefonoa: 913 146 673
Posta-e: ciudadano@idae.es

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus