2020-06-02 08:27

 

Ekainaren 1ean argitaratu dira BOEn bizitzeko gutxieneko errentaren nondik-norakoak (gazteleraz, “Ingreso mínimo vital” delakoa). Edozelan, dakizuenez, Hego Euskal Herrian badauzkagu halako errenta bi: Diru-sarrerak bermatzeko errenta EAEn, eta Errenta bermatua Nafarroan. Honek ez du esan nahi prestazio berri honen inguruko informaziorik emango ez dizuegunik, interesa helarazi diguzuenez gero.

Hala eta guztiz ere, ez zenbatekoengatik, ez bete beharreko baldintzengatik, honek ez digu aukera askoz zabalagorik ekarriko gure herrian; aitzitik, zerbait ekartzekotan, bikoizketa honek burokratizazio handiagoa ekarriko digu, jasotzaileen kaltetan. Gizarte Segurantza ez da deszentralizatu eta ez gara, inondik inora, hurbildu Gizarte Segurantzaren eskumena behingoz eskuratzera (40 urte beranduago). Ez da ospatzeko kontua eta ez da harro egoteko modukoa, Hegoaldeko errenta bermatuak Estatuaren gutxieneko hauek baino “hobeagoak” badira. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, esaterako, hainbatetan murriztu dute PNVk eta PSEk eta momentu honetan beste murrizketa bat pairatzeko arriskuan dago, erreforma proiektu berri bat prestaturik baitaukate.

Ez da momentua babes soziala murrizten jarraitzeko. Are gutxiago orain. Egoera honetatik zerbait garbi ikusi ahal izan badugu, hori da sistema publikoa eta babes sozialaren sistema indartzeko garrantzia eta premia. Ez dezagun ahaz.

Hauxe da Madrilen ezarritakoa:

 

Izaera

• Kalteberatasun edo ahuldade ekonomikoan dauden lagunei begirakoa da (hortaz, ezarri den baliabide ekonomikoen mugara heltzen ez direnek izango dute jasotzeko eskubidea).

• Eskubide subjektiboa da. Honek esan nahi du baldintzak betetzen dituzten guztiek jasotzeko eskubidea izango dutela.

• Norbanakoek zein elkarbizitza-unitateek jaso dezakete. Zenbatekoak, honen arabera, ezberdinak izango dira.

• Prestazioa jasoko da baldintzak betetzen diren artean, hau da, kalteberatasun ekonomikoak dirauen artean.

 

Nork jaso dezake?

  • 23 eta 65 urte bitarteko norbanakoak

– bakarrik bizi bazara

– etxebizitza beste familia edo elkarbizitza-unitate batekin partekatzen baduzu, baina ez bazara unitate horretako partaidea (Ikus. beherago)

– ezkonduta bazaude edo izatezko bikotekiderik badaukazu, baina banatze prozesuan bazaude

Salbuespena: Oraintxe aipatutako baldintza hauek ez zaie eskatuko genero bortizkeriaren edo trata eta sexu esplotazioaren biktima diren emakumeei. Adinari dagokionez, 18 urtetik gorakoak izan daitezke.

 

  • Elkarbizitza unitateetako titularrak:

– Elkarbizitza-unitate batek prestazioa eskatzen duenean, titular batek egin behar du eskaera unitate osoaren izenean (nahiz eta eskaera adin nagusiko guztiek sinatu behar duten).

– Titularra 23 eta 65 urte bitartekoa izan behar da

– 23 urtetik beherakoek ere eska dezakete, baldin eta euren kargupean seme-alabarik badaukate.

– Elkarbizitza unitatea 65 urtetik gorakoek eta adin txikikoek (edo judizialki ezgaituek) osatzen dutenean, titularra 65 urtetik gorakoa izan liteke.

– Etxebizitza bakoitzean, gehienez, titular bi egon litezke. Hau da, esaterako, familia batek baino gehiago etxebizitza berean bizi badira, gehienez, errenta bi eskatu ahal izango dira.

 

Zer da elkarbizitza-unitatea?

Lege osoan zehar “elkarbizitza-unitate” terminoa erabiltzen da eta ez, beste prestazio batzuetarako ohikoa den bezala, “familia-unitatea”. Helburua? Hainbat lagun prestaziotik kanpo uztea.

Oro har, elkarbizitza-unitatetzat familia lotura daukaten horiek hartzen dira. Honela, elkarbizitza-unitatea osatzen dute euren artean ezkontza edo izatezko bikotea direnek edota odolkidetasun edo ahaidetasunaren bigarren gradura arteko lotura daukatenek. Ikus. odolkidetasun eta ahaidetasun graduak artikulua

Baina, zer gertatzen da etxebizitza konpartitzen den kasuetan?

– Elkarbizitza-unitatetzat joko dira familia harremana ez daukatenek baina etxea konpartitzen duten norbanakoak. Hortaz, bizpahiru lagun etxe berean biziz gero, elkarbizitza-unitatetzat jo ahal zaituztete, nahiz eta zuen artean harremanik ez izan.

– Konpartitutako etxe horretan familia bat biziz gero, familia hori elkarbizitza-unitatetzat hartuko da eta gainontzekook beste unitate bat osatuko zenukete (izan pertsona bakar bat, izan lagun bi…).

Beraz, baliteke pertsona bik etxea konpartitzea eta biak egotea errenta eskatzeko egoeratan, baina errenta bakarra emango litzaieke. Edo baliteke pertsona bik etxea konpartitzea, horietako bat errenta eskatzeko egoeran egotea, baina beste pertsonaren diru-sarrerak kontuan hartuta, ukatzea. Eta, jakin badakigu, kalteberatasun ekonomiko egoeran dagoen jende gehienak etxea konpartitu egiten duela. Beraz, honela hainbat lagun kanpoan utziko lituzkete.

Prestazio berri honetarako eskubidea murrizteko moduak antzekotasun oso handiak dauzka PNVk eta PSEk Diru-sarrerak bermatzeko errentarekin honezkero egin dutenarekin eta are gehiago murrizteko martxan ipini nahi duten proiektuarekin. Agian, horrelako negoziazioak dira Artolazabalek “minuciosa labor de orfebres” moduan definitu zituenak. 

 

Bete beharreko baldintzak

Baldintzak elkarbizitza-unitateko kide guztiek bete behar dituzte:

1. • Estatuan, gutxienez, urtebetez bizi izana.

⇒ EAEko diru-sarrerak bermatzeko errentaren kasuan hiru urtetara luzatu zen baldintza hau. Eta Nafarroako Errenta bermatua jasotzeko, urte bi eskatzen dira. Beraz, ikusi beharko da DBEk eta Errenta bermatuak kanpoan uzten dituen migrante guztiei -bi edo hiru urte horiek betetzen ez dituzten horiexei- beste aukera hau zabaltzen ote zaien.

Salbuespena: ez dute baldintza hau bete beharko trata edo sexu-esplotazioaren biktimek zein genero indarkeriaren biktimek. Adoptatutako edo jaiotako adin txikikoak ere kanpo geratzen dira, jakina.

2 • Bestelako pentsio edo prestaziorik jasotzeko eskubiderik badaukazu, beste horiek eskatu behar dituzu. Hauen barruan ez dira sartzen erkidegoen beste soldata sozialak edo gutxieneko errentak.

3 • Langabezian egonez gero, enplegu eskatzailetzat izena emanda egon behar zarete

4 • Bakarrik bizi diren norbanakoek, elkarbizitza-unitate batekin etxea konpartitzen dutenek edo elkarbizitza unitatea osatzen duten eta familia harremanik ez daukaten horiek errenta eskatu baino lehenago HIRU URTEZ egon behar izan dira bere kabuz bizitzen.

Hau frogatzeko, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan alta emanda eta zure gurasoen etxetik kanpo bizitzen egon behar izan zara.

Salbuespena: euren etxea utzi duten genero indarkeriaren biktimak eta dibortzio edo banaketa izapideetan hasi diren horiek.

Ikusten dugunez, gutxienez 23 urte izan behar dituzu eskatu ahal izateko eta, gainera, aldez aurretik hiru urte eman behar izan dituzu zeure kabuz bizitzen. Honek, argi eta garbi, erakusten digu gazteenak eskubide honetatik kanpo uzteko dagoen asmoa.

Diru-sarrerak bermatzeko errentaren kasuan ere 23 urtetik gorakoa izan behar da eta, Nafarroako Errenta bermatua jasotzeko, 18 eta 24 urtetik artekoa bazara, aldez aurretik urte bi eman behar izan dituzu zeure kabuz bizitzen.

5 • Elkarbizitza-unitate bat bazarete, unitate hau, gutxienez, urtebete arinagotik osatuta egon behar izan da.

 

Bete beharreko baldintza ekonomikoak

Hilabeteko diru-sarreren batezbestekoa, gehienez, gutxieneko errenta honetatik jasoko genukeena baino 10 euro gutxiago izan behar da. Aurreko urteko diru-sarrerak hartuko dira kontuan.

Geroago ikusiko dugu unitate bakoitzari dagozkion kopuruak. Baina, adibide moduan, har dezagun pertsona bakar batek jasoko lukeen errenta. Kasu honetan, urtean 5.538 euro egokituko litzaiokez. Hortaz, hilean 461,5 euro dagozkio. Lehen esan bezala, pertsona honek errenta jasotzeko eskubidea izateko, aurreko urteko diru-sarrerak hilabetean, gehienez, 451,5 izan behar izan dira.

• Diru-sarreren kalkulua:

– Elkarbizitza unitateko kide guztien diru-sarrerak hartuko dira kontuan

– Kontuan hartuko dira: laneko diru-sarrerak; etxe edo lokalen bat akolaturik badaukagu, hortik jasotzen duguna; jasotzen ditugun pentsio edo prestazioak, kontributibo edo ez-kontributiboak, publiko zein pribatuak.

– Ez dira kontuan izango: soldata sozialak, gutxieneko errentak edo erkidegoek eman ditzaketen bestelako laguntza batzuk. Era berean, ez dira kontuan izango behar zehatzei erantzuteko jaso diren laguntzak (bekak, etxebizitzarako laguntzak, larrialdi sozialerako laguntzak e.a.).

• Ondasunen kalkulua:

– Diru-sarrerez aparte, ondasuna ere izango da kontuan. Gainditu ezin den maila: norbanakoari edo unitateari dagokion errentaren zenbatekoa -gehikuntza portzentaje bat aplikaturik- bider hiru.

Lehen emandako adibideari jarraiki: pertsona bakar batek 16.614 euro baino gehiagoko ondasunak badauzka, ez luke errenta hau jasoko.
Berez, errentatik urtean 5.538€ jaso beharko lituzke
5.538€ X 3 = 16.614€
16.614€ baino gehiagoko ondasunak badauzka, kanpo geldituko litzateke.

– Ondasunak kalkulatzeko kontuan hartuko dira: bankuan daukazuen dirua, pentsio plan edo funtsetan daukazuen dirua eta etxebizitzak edo bestelako higiezinak (ohiko etxebizitza ez da aintzat hartuko).

 

Bizitzeko gutxieneko errentaren zenbatekoak

Errentaren zenbatekoa pentsio ez kontributiboen bestekoa da: 5.538€ urtean pertsona bakar batentzat. Kopuru horri hainbat portzentaje aplikatzen zaizkio elkarbizitza unitateko kideen arabera. Horra hor Ministeriotik emandako kopuruak eta, horren arabera, kalkulatu ditugun hilabeteko kopuruak eta gehienezko ondasunak (talde bakoitzari dagokion gehikuntza portzentajea aplikaturik eta hiruz biderkaturik).

Elkarbizitza-unitatea

Errenta urtean

Errenta hilabetean

Gehienezko ondasunak

Nagusi 1

5.538€

461,5€

16.614€

Nagusi 1 eta ume 1

8.418€

701,5€

23.259,6€

Nagusi 1 eta ume 2

10.080€

840€

29.905,2€

Nagusi 1 eta 3 ume edo +

11.741€

978,41€

36.550,8€

Nagusi 2

7.200€

600€

23.259,6€

Nagusi 2 eta ume 1

8.861€

738,41€

29.905,2€

Nagusi 2 eta ume 2

10.523€

876,91€

36.550,8€

Nagusi 2 eta 3 ume edo +

12.184€

1.015,33€

43.196,4€

3 nagusi

8.861€

738,41€

29.905,2€

3 nagusi eta ume 1

10.523€

876,91€

36.550,8€

3 nagusi  eta ume 2 edo +

12.184€

1.015,33€

43.196,4€

4 nagusi

10.523€

876,91€

36.550,8€

4 nagusi eta ume 1

12.184€

1.015,33€

43.196,4€

Bestelako batzuk

12.184€

1.015,33€

43.196,4€

 

Zenbateko hauek errenta osoari dagozkio. Hau da, jasoko genukeen kopurua, ez bagenu bestelako diru-sarrerarik izango. Diru-sarrerarik izanez gero, osagarriak izango liratezke, baina hau oraindik ez dago finkatuta. Araudi zehatz batean egingo da.

 

Baterazintasunak

Errenta hau eta seme-alabak kargupean izateagatiko prestazioa baterazinak dira, honako kasuetan: desgaitasunik ez daukaten adin txikiko seme-alabak edo %33 baino gutxiagoko desgaitasuna daukaten adin txikiko seme-alabak.

Ez da ezer esaten, ordea, seme-alabak adin nagusikoak badira eta %65 edo %75eko desgaitasuna badaukate. Suposatzen dugu, kasu horretan, prestazio biak jaso liratezkeela.

 

Dokumentazioa

• NAN, TIE (edo erresidentzia legala ziurtatzen duten dokumentuak) eta familia liburua

• Migranteen kasuan, TIErik ez badaukate, euren jatorrizko herrialdeko nortasun agiria edo pasaportea eman dezakete

• Errolda agiria

• Ezkontza edo izatezko bikoteen kasuan, horren ziurtagiria eta errolda egiaztagiria.

• Diru-sarrerak eta ondasunak: Foru Ogasunek dauzkaten datuak erabiliko dira; beraz, ez da aparteko dokumenturik eman behar.

 

Eskaerak

Eskaera epea 2020ko ekainaren 15ean hasiko da.

Diru sarrerak bermatzeko errenta edo Errenta bermatua jasotzen dutenen kasuan, Estatu mailako errenta honek ez du, berez, eraginik izango.

EAE eta Nafarroako errenten bitartez jasotzen den kopurua Estatuak ezarri duena baino altuagoa da. Hala ere, izan liteke familia unitateren batentzat Estatukoa onuragarriagoa izatea. Era berean, zenbait lagunek, diru-sarrerak bermatzeko erenta edo errenta bermatua jasotzeko eskubiderik ez daukatenek, baliteke Bizitzeko gutxieneko errenta jasotzeko aukera izatea, hala nola Estatuan urtebetez bizitzen egon diren migranteak (EAEn hiru urte eskatzen dira eta Nafarroan urte bi).

Honen inguruan egon daitezkeen irizpide zehatzik ez dugu oraindik ezagutzen, baina argitaratu bezain laster, jainaraziko dizuegu. Gogoratu gure telegram kanalean abisuak eta informazioa momentuan jaso dezakezuela mugikorrean.

 

 
 
 
 
 
 
 

 

 

Diru-sarrerak bermatzeko errenta (EAE)

 

Errenta bermatua (Nafarroa)

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

 

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus