2020-12-23 20:17

 

35/2020 Dekretua, abenduaren 23ko BOEn argitaratua

 

2020ko apirilean Madrilgo Gobernuak atonomoen lokalen alokairuari begirako neurri zenbait atera zituen (15/2020 Dekretua, apirilaren 22ko BOEn argitaratua). Orduan autonomoei eskaini zitzaien neurri bakarra izan zen, laburbiltzeko, ordainketen moratoria bat edo, bestela esanda, ordainketak atzeratu ahal izatea.

Begiradatxo bat bota ahal diozu momentuan atera genuen artikuluari:

 

Dekretu hau aurrekoaren nahiko antzekoa da –hainbat ataletan, ikusiko duzuenez, kopiatu eta pegatu baino ez dute egin-. Edozelan, berritasun nagusi bi dakartza: jabe handien kasuan errenta %50 jaisteko eskatu ahal izango da eta, bestetik, jabe handiak ez diren arrendatzaileek errenta jaitsiz gero, errebaja horren kenketa deduzitu ahal izango dute PFEZen.

 

 

Arrendatzailea jabe handia bada

 

Berriro ere jabe handien eta bestelako arrendatzaileen artean bereiztu da. Gogora dezagun zeintzuk hartzen dituen Madrilgo Gobernuak “jabe handitzat”: 10 etxe edo lokal urbano baino gehiago edo eraikitako 1.500m² baino gehiago dituzten pertsona fisiko zein juridikoak.

Enpresa eta erakunde publikoak ere puntu honetan sartzen dira. Oraingo honetan ere ez da inolako ezberdintasunik egin. Hau da, administrazioak lokalen jabeak direnean ez da aparteko neurririk proposatu, aurretiaz ere egin ez zen bezala.

 

Aukera bi daude, 2021eko urtarrilaren 31 baino lehenago eskatu behar dena:

— Errentaren %50 merketzea edo jaistea. Beherapen hau urrian deklaratutako alarma egoerak eta honen balizko luzapenek iraun bitartean egin liteke. Alarma egoera behin amaituta, luzatu ahal izango da, gehienez lau hilabetez.

— Errentaren moratoria. Errentaren ordainketa atzeratu ahal izango da; kasu honetan ere alarma egoerak zein balizko luzapenek iraun bitartean eta, gehienez, lau hilabete gehiagoz.

Urte bi izango ditugu atzeratu ditugun kuotak ordaintzeko. Urte biko epe hau moratoria behin amaituta hasiko da zenbatzen. Ezin izango digute zehapen edo interesik ezarri eta zor ditugun kopuruak proportzionalki banatu ahal izango ditugu.

Alokairuaren kontratuan, errentaz gain, bestelako gastu batzuk ere sartuko balira (mantenimendua eta abar), hauek ez liratezke aipatutako neurrietan sartuko, hau da, beherapen edo moratoriatik kanpo geratuko liratezke.

 

 

Gainontzeko arrendatzaileak

 

Kasu honetan legeak ez dakar ezer berririk. Izan ere, aurreko dekretuaren korta-pega hutsa da bigarren artikulu hau. Aurreko dekretuak zioena errepikatzera dator. Hau da:

– arrendatzailearekin akordio batera hel gaitezkeela. Hau ez du ez BOEk ez lege batek esan behar. Hau arrendatzailearen borondatearen arabera izaten ari da pandemiaren hasieratik.

– akordio batera heldu ezean, atzerapena eska genezakeela 2021eko urtarrilaren 31 baino lehen. Hala ere, arrendatzailea ez dago onartzera behartuta.

– fidantza erabil dezakegula ordainketei aurre egiteko (esan bezala, aurreko dekretuak zioena kopiatu baino ez dute egin).

Edozelan, hasieran esan dugunez, dekreuak bai dakar berritasun bat. Aurrerago egiten badugu, 13. artikuluan topatuko dugu: errentaren barkamena sustatzeko pizgarri fiskala. Beraz, arrendatzaileak ez daude ezertara behartuta, baina hurrengo hilabeteetako errenta jaisten badigute, PFEZ aitorpena egiten dutenean egin diguten beherapena deduzitu ahal izango dute.

 

 

Bete beharreko baldintzak

 

• Azken alarma egoera urrian deklaratu zenean (urriaren 25ean) autonomo moduan afiliatuta eta altan egon izana.

• Urriaren 25eko dekretuaz jarduera bertan behera uztera behartuta egon behar izan zinen edo, bestela, agintaritza ezberdinek, dekretu horren harira, eman dituzten aginduz ixtera behartuta egon behar izan zara.

• Jarduera bertan behera uztera edo negozioa ixtera behartuta egon ez bazara ere, zure fakturazioa arreko hilabetean %75 jaitsi behar izan da (aurreko urteko hilabete bereko fakturazioarekin konparatuta).

 

 

Zelan egiaztatu baldintza hauek?

 

• Arrendatzailearen aurrean egiaztatu behar da. Hau da, ez da adierazten dokumentazioa beste inon aurkeztu behar denik.

• Diru-sarreren jaitsiera: Erantzunkizunpeko adierazpen bat nahikoa izango da diru-sarreren jaitsiera egiaztatzeko. Bertan, gastu zein diru-sarreren kontabilitate datuetan oinarrituta, jaitsiera hori adierazi beharko duzu. Esan bezala, adierazpen hori da aurkeztu beharreko bakarra, baina arrendatzaileak edozein momentutan eskatu ahal dizu liburuak erakusteko.

Jarduera bertan behera utzi izana: administrazioak emandako ziurtagiria.

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus