2021-05-19 17:35

 

2021/5/19

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren V. Titulua

 

Beste artikulu batean autonomoentzako amatasun prestazio eta hobarien nondik norakoak azaldu genizkizuen. Hemen ekarriko dizuegu zer gertatzen den amatasun baja eta abarrekin jarduera amaieragatiko prestazioa (autonomoentzako “langabezia”) jasotzen ari bazara edota bajan egon bitartean jarduera amaitutzat eman behar baduzu.

 

 

1. Aldi baterako ezintasunagatiko baja

 

Haurdunaldian, batez ere azken hilabete eta asteetan, ziatika, lunbalgia, hipertonia uterinoa eta antzeko arazoak paira ditzakegu. Horrelakoetan ohikoena izaten da medikuak baja arrunta ematea.

Autonomoek aldi baterako ezintasun prestazioa eska dezakete erregimen orokorreko langileen baldintza antzekoetan. Gogora dezagun zeintzuk diren baldintza hauek kontingentzia edo gertakizun arruntetan:

• Zenbat jasotzen da?
            — Lehen 3 egunetan: ez da ezer kobratzen
            — 4. egunetik 20. egunera: oinarri arautzailearen %60
            — 21. egunetik aurrera: oinarri arautzailearen %75

• Nork ordaintzen du?
Langile autonomoak, 2019. urtetik, behartuta daude hainbat estaldura mutualitate batekin kontratatzera. Honako estaldura hauek dira: kontingentzia profesionalak, aldi baterako ezintasuna, jarduera amaiera eta lanbide heziketa. Hortaz, mutualitatea izango litzateke prestazioa ordaintzeaz arduratzen dena.

• Bete beharreko baldintzak:
Autonomoen erregimenean altan (edo egoera asimilatuan) eta kuoten ordainketan egunean egoteaz gain, gertakizun arruntengatiko bajaren prestazioa jasotzeko, beharrezkoa da azken 5 urteetan gutxienez 180 egunetan kotizatu izana (gertakizun profesionalengatiko bajen kasuan hau ez da beharrezkoa.

 

 

⇒ Hona arte azaldutakoa baliagarria da lanean gauden bitartean baja hartzen badugu, baina zer gertatzen da lana utzi behar izan badugu eta jarduera amaieragatiko prestazioa jasotzen ari bagara?

 

Honelakoetan ere badaukagu aukera baja eskatzeko (azaltzen ari garen kasuan, erditu aurretik osasun arazoren bat baldin badaukagu, hala nola ziatika, eta medikuak baja eman badigu) eta aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa eskatzeko.

Zenbatekoa: jarduera amaieragatiko prestazioaren kopuru berbera.

Hala ere, adi! Jarduera amaieragatiko prestazioa ez da luzatuko aldi baterako ezintasun egoeran egoteagatik. Hau da, adibidez, jardunaldi amaieragatiko prestazioa agortzeko lau hilabete falta badituzu, prestazio hau ez da luzatuko, nahiz eta hainbat egun edo hilabete bajan eman.

Hori bai, jarduera amaieragatiko prestazioa agortuko bazenu oraindik aldi baterako ezintasun egoeran zaudela, bajagatik kobratzen jarraituko zenuke. Kasu honetan zenbatekoa IPREMaren %80 izango litzateke.

Era berean, aldi baterako ezintasun egoeran bazeunde eta momentu horretan zure jardueran amaitu beharko bazenu, bajagatiko prestazioa jasotzen jarraituko zenuke eta, gerora, jardunaldi amaieragatiko prestazioa. Kasu honetan ere, alta behin hartuta, jarduera amaieragatiko prestazioaren denborari bajan kontsumitutako tartea deskontatuko litzaioke.

Hala ere, baja arruntarekin gertatu ez bezala, amatasun baja hartzen duzunean, ordea, segidan ikusiko dugunez, jarduera amaieragatiko prestazioa bai luzatuko da denboran.

 

 

Zelan eskatu?

 

Jadanik esan dugunez, 2019tik derrigorrezkoa da estaldura hauetarako mutualitate bat kontratatzea. Beraz, mutualitateari eskatu beharko diozu. Normalean, beharrezkoa duzun dokumentazioa eta prozedura webguneetan eskegita izaten dute. HEMEN ikus dezakezu adibide bat.

Oro har, hauexek dira atxikitu behar diren dokumentuak:
            • Osakidetzako edo Osasunbideako baja partea
            • Prestazio eskaera (mutualitatearentzat)
            • Nortasun agiriaren fotokopia (NAN, NIE edo pasaportea)
            • Autonomoen kuotak ordaindu izanaren egiaztagiria
            • Jardueraren egoeraren deklarazioa. Jarduera amaitutzat eman bazenuen, dokumentu honetan adierazi beharko duzu.

 

Informazio gehiago (Gizarte Segurantza)

 

 

2. Amatasun baja

 

Autonomoek ere amatasun baja eska dezakete erregimen orokorreko langileen baldintza antzekoetan. Gogora dezagun zeintzuk diren baldintza hauek:

• Iraupena: 16 aste, segidan hartu beharko direnak. Esan barik doa amatasun baja adopzio edo harrera kasuetan ere har daitekeela.

Posible da erditu aurretik ere zarti bat hartzea, baina aurreko puntuan ikusi dugunez, daukagun beste aukera bat da haurdunaldiak sorrarazten dizkigun osasun arazoengatik baja arrunta hartzea. Honela, 16 asteak gerorako utziko genituzke, amatasun baimena umea zaintzeko eta gu osatzeko erabili behar baita, eta ez ohiko osasun arazoei aurre egiteko.

• Zenbat jasotzen da?: Aurreko 6 hilabeteetako oinarri arautzailearen %100. Beraz, aukeratuta daukazun kotizazioaren araberakoa izango da

• Gutxieneko kotizazioak: autonomoen erregimenean altan (edo egoera asimilatuan) egoteaz eta Gizarte Segurantzaren ordainketetan egunean egoteaz gain, gutxieneko kotizazioak beharrezkoak dira:

— 21 urtetik beherakoentzat: ez da gutxieneko kotizaziorik eskatzen.
— 21 eta 26 urte bitartekoentzat: 90 egun kotizatu behar izan dituzu aurreko zazpi urteetan zehar edo 180 egun bizi laboral osoan zehar.
— 26 urtetik gorakoentzat: 180 egun aurreko zazpi urteetan edo 360 egun bizi laboral osoan.

 

 

⇒ Baina zer gertatzen da lana utzi behar izan badugu eta jarduera amaieragatiko prestazioa jasotzen ari bagara?

 

Jarduera amaieragatiko prestazioa jasotzen ari bagara ere amatasun baja eska dezakegu. Lehen aipatu dugunez, kasu honetan jarduera amaieragatiko prestazioa etengo litzateke eta amatasun baja jasotzen hasiko ginateke. Baja behin amaiturik, beste prestazioa jasotzeari ekingo genioke segidan, oraindik falta dugun denbora guztirako. Hau da, aldi baterako ezintasunagatiko bajagatik ez bezala, amatasun bajan emandako denborak ez luke jarduera amaieragatiko prestazioaren denborarik kontsumituko. Honela, demagun bost hilabete falta ditugula prestazioa agortu arte. Amatasun bajatik itzultzen garenean bost hilabete horiek jasoko genituzke berdin-berdin.

Gauza bera gertatuko litzateke amatasun bajan egon bitartean gure jardueran amaitu behar badugu (esaterako, gure negozioa utzi behar dugulako). Amatasun prestazioa jasoko genuke eta, behin amaiturik, jarduera amaieragatiko prestazioa jasotzen hasiko ginateke eta bajan emandako tarte horrek ez liguke prestazioaren iraupena murriztuko.

 

 

Zelan eskatu?

 

Amatasun baja Osakidetzako edo Osasunbideko medikuak eman behar digu. Honen ostean, Gizarte Segurantzara jo beharko dugu prestazioa eskatzeko.

Bulegoetan aurrez aurre, posta arruntaren bitartez edo internetez egin daiteke:

• Internetez: orrialde HONETATIK sar zaitezke. Hori bai, izapide hau online egiteko, ezinbestekoa da identifikazio elektronikorako moduren bat izatea: ziurtagiri digitala, cl@ve edo erabiltzailea+pasahitza.

Covid-19a dela eta, identifikazio barik ere sar daiteke, orrialde HONETAN dagoen eskaera beteta. Edozelan, ez dakigu aukera hau noiz arte egongo den erabilgai.

• Posta arruntaz edo bulegoetan aurrez aurre: Dokumentazio atalean (beherago) atxikita daukazuen eskaera orria jaitsi, bete eta, beste dokumentazioarekin batera, Gizarte Segurantzari bidali ahal diozu posta arruntaz.

Izapidea aurrez aurre egin nahi baduzu, gogoratu aldez aurretiko hitzordua eskatzea ezinbestekoa dela.

Gizarte Segurantzaren bulegoetako helbideak kontsultatzeko, HEMENDIK egin dezakezu.

 

 

Dokumentazioa:

 

• Eskaera orria (eskaera orrian bertan azalpen luzeagoa daukazue eman beharreko dokumentazioaz eta prozeduraz):

            Erditze kasuetarako: jaitsi hemendik dokumentua
            Adopzio edo harrera kasuetarako: jaitsi hemendik dokumentua

• Gurasoen nortasun agiriak (NAN, pasaportea edo NIEa)
• Umea Erregistro Zibilean inskribatu izanaren egiaztagiria
• Erditze kasuetan: amatasun txostena (Osakidetzak edo Osasunbideak emana).

• Adopzio edo harrera kasuetan: Adopzioaren ebazpen judiziala edo harreraren ebazpen administratiboa


• Adoptatutako umearen jatorrizko herrialdera joan behar bazara, adopziorako izapideen hasiera adierazten duen dokumentazioa. 


 

Informazio gehiago (Gizarte Segurantza)
 
 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus