2020-06-18 18:26

 

Aldi baterako kontratuaren amaiera hainbat arrazoirengatik izan daiteke:

– Kontratuaren iraupena bukatu delako. Zenbait kontratuk amaiera data zehatza izaten dute; beste batzuk bukatzen dira, egin beharreko obra edo eman beharreko zerbitzua amaitzen denean. Aldi baterako kontratuaren iraupena amaitzen denean, kalte-ordain bat jaso beharko genuke.

– Kaleratze objektiboagatiko edo enpresak, amaiera data baino lehenago, amaitutzat ematen duelako. Azken kasu honetan ere kaleratzeaz berbetan egongo ginateke. Kaleratzeagatiko kalte-ordaina handiagoa izango da kaleratze bidegabea izan bada.

– Langileak berak enplegua utzi duelako. Kasu honetan ez litzateke kalte-ordainik egongo.

 

Aldi baterako kontratuen iraupena

Aldi baterako kontratuetan, behin-behinekoak izan arren, kontratuaren zergatia argi islatu behar da, hau da, zergatik edo zertarako izan garen kontratatuak. Kontratuak amaiera data zehatzik ez daukanean, honek adieraziko digu zein izan behar den bere iraupena:

— Obra edo zerbitzu kontratuak: argi adierazi behar da ze obra edo zerbitzutarako kontratatu gaituzten. Obra edo zerbitzu zehatz hori amaitzearekin batera, kontratua ere amaituko litzateke.

— Ekoizpen gorabeherengatiko behin-behineko kontratuak (“ebentualak”): Ekoizpen gorabehera horiek zeintzuk diren eta lan zama horrek zenbat iraungo duen adierazi behar du.

— Ordezkapen kontratuak: ordezkatzen duzun langilea lanera itzultzen denean amaituko litzateke (ordezkatutako langilearen datuak zehaztu behar ditu, jakina).

(Kontratuen iraupenaren inguruko zehaztapenak Langileen Estatutuaren 15. artikuluan azaltzen dira)

 

Kalteordainak kontratu amaieragatik

Aldi baterako kontratu bat amaitzen denean, langileak kalte-ordain bat jasotzeko eskubidea dauka. Hala ere, hau ez da kontratu mota guztietarako:

Ordezkapen kontratuetan, prestakuntza kontratuetan eta praktika kontratuetan ez dugu eskubide hau izango
– Kontratu mota bitan baino ez dago aitortua: obra edo zerbitzu kontratuetan eta ekoizpen gorabeherengatiko behin-behineko kontratuetan (kontratu “ebentual” deitu ohi direnak).

Kalte-ordainaren zenbatekoa: 12 egun lan egindako urte bakoitzeko.

Honela, kontratua ez bada urtebetera heldu, kalkulu proportzionala egiten da. Hau da, demagun sei hilabeteko kontratua izan dela, horrelakoetan, 6 egun izango liratezke; 17 hilabete, 17 egun; 21 hilabete, 21 egun… Azken batez, 12 egun urte bakoitzeko, beste era batean esanda, soldata egun bat da lan egindako hilabete bakoitzeko.

Hilabeteak osotasunean hartzen dira aintzat eta hilabete zatiak, hau da, “solte” gelditzen diren egunak hilabete osotzat hartzen dira. Adibidez, hiru hilabete eta lau egun lan egin baduzu, lau hilabete zenbatuko dira.

Eguneko soldata kalkulatzeko, errazena da urteko soldata zati 365 egitea. Hilabeteko soldataren gainean kalkulatu nahi baduzu, hilabetekoa zati 30,42 edo, bestela, hilabeteko soldata bider 12 (hilabete) eta emaitza zati 365 (egun). Ez ahaztu aparteko pagak ere kontuan hartu behar direla: prorrateaturik badauzkazu, hilabeteko soldataren barne dauzkazu; soldataren besteko aparteko paga bi jasotzen badituzu, hilabeteko soldata bider 14 egin beharko zenuke…

Gero, eguneko soldata daukazunean, lan egindako hilabete kopuruaz biderkatu beharko zenuke.

Adibidea
Demagun 1.200 euro kobratzen dituzula eta aparteko paga bi jasotzen dituzula. Bestetik, zure kontratuak urtebete, lau hilabete eta bost egun iraun ditu.

Eguneko soldata:
1.200 euro x 14 hilabete (12 hilabete + aparteko paga bi) = 16.800€ urtean
16.800€ / 365 egun = 46,02€ egunean

Lan egindako denbora:
Urtebete = 12 hilabete + 5 hilabete (lau hilabete osorik eta “solte” geratu diren bost egunak) = 17 hilabete

46,02€ x 17 = 782,34 euroko kalte-ordaina
(Kalkuluak zelan egin ikusteko hurbilketa baino ez da adibide hau)

 

Kalteordainak kaleratze objektiboagatik

Baliteke enpresak, kontratua amaitu baino lehenago, kaleratze objektibo bat aplikatzea. Honetarako, enpresak arrazoiak alegatu behar ditu. Ematen diren arrazoi hauek galera ekonomikoak edo aldaketak ekoizpenean zein lanaren antolamenduan izan ohi dira, nahiz eta kaleratze objektiboak oinarritzeko arrazoi gehiago dauden.

Kasu honetan langileari ez dagokio kontratua amaieragatiko kalte-ordaina (aurreko puntuan ikusi duguna), baizik eta kaleratze objektiboagatikoa: 20 egun lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabetako soldata-mugarekin. “Soldata-mugak” esan nahi du kalte-ordainaren zenbatekoa ezin dela izan 12 hilabetetako soldata baino handiagoa.

Kalte-ordain hau jaso behar dute kontratu mugagabeaz zein aldi baterako kontratuaz dauden langileak; hau da edozein kaleratze objektibogatik.

Esan barik doa, enpresak ematen dituen arrazoiak ematen dituela, kaleratze bidegabea izan litekeela (baita baliogabea ere). Hau da, benetako arrazoietan edo behar bezalako arrazoietan oinarrituta ez egotea kaleratze hori. Horretarako, kaleratzea salatu beharko litzateke, lehengoz kontziliazio txartela aurkeztuata eta, gerora, onartu ezean, epaitegietan.

Era berean, aldi baterako kontratuen kasuan, askotan, ez da kaleratze figura erabiltzen langileak botatzeko. Izan ere, ohikoa izaten da kontratua aldez aurretik amaitutzat ematea (nahiz eta amaierara ez heldu, egin beharreko obra edo zerbitzua amaitu ez delako, adibidez); honela, enpresak kaleratzeagatiko kalte-ordainaren ordez, amaieragatiko kalte-ordain baxuagoarekin konpondu nahi izaten du. Kasu hauetan ere kaleratze bidegabeez berbetan egongo ginateke, salatu ahal eta behar direnak.

 

Kalteordainak kaleratze bidegabeengatik

Aldi baterako kontratuaren amaiera heldu baino lehenago, enpresak amaitutzat jo badu edo kaleratze bat aplikatu badizu, jarri kontaktuan sindikatuarekin ahalik eta lasterren. Izan kontuan 20 lanegun baino ez daudela kaleratze bat salatzeko.

Edozein kaleratzeren aurrean garrantzitsua da “desados/no conforme” sinatzea, bai kaleratze kartan, bai finikitoan. Gomendio hau eta zelan jokatzeko jakiteko beste jarraibide batzuk topa ditzakezu beste artikulu honetan:

Kaleratze bidegabeetan, enpresak aukera bi dauzka:

• Langilea berriro hartu. Kasu honetan epaiketa arte langileak jaso ez dituen tramitazio soldatak ordaindu beharko lizkio.
• Langilea berriro hartu nahi ez badu, kalte-ordaina ordaindu beharko dio:

Kalteordaina:
– 33 egun 2012/02/12tik aurrera lan egindako urte bakoitzeko (24 hilabeteko soldata-mugarekin)
– 45 egun 2012/02/12ra arte lan egindako urte bakoitzeko (42 hilabeteko soldata-mugarekin)

 

Finikitoa

Kalte-ordainak kalte-ordain, edozein kasutan finikitoa jasotzeko eskubidea daukazu. Finikitoan oraindik kobratzeko zenbatekoak ordaindu behar dizkizute. Beste artikulu honetan luzeago dauzkazu finikitoaren nondik-norakoak azalduta:

Laburbilduz, finikitoak honakoak jaso beharko lituzke:

– Azken hilabete horretan lan egindako egunak
– Ordaindu barik dagoen beste edozein kontzeptu, hala nola, aparteko orduak
Aparteko pagen zati proportzionala
Disfrutatu ez diren oporren zati proportzionala (gogoratu oporrak sortu edo generatu egiten direla: 2,5 egun lan egindako hilabete bakoitzeko)

 

Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak badauka kalte-ordainak kalkulatzeko simulatzaile bat. Datuak sartuta, hainbat egoeratako kalte-ordain hurbilketak emango dizkizu:

 
 

 
 
 
 
 
 
 

 

 

Kaleratze motak

 

 
 
 
 
 
 

 

 

 

Behin-behineko kontratuak kateatzen direnean

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus