ARGIA.eus

2022ko abuztuaren 15a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
2022-08-05 09:44

Aste Nagusiko programazioa aurkeztu dugu gaur goizean Bilboko konpartsok. Plaza Barrian emandako prentsaurrekoan, Idoia Ugalde eta Ioritz Varona gure bozeramaileek azpimarratu dute 160 ekitaldi antolatu ditugula txiki eta gazteentzat, poza txikienei bueltatzeko asmoz. Horren lekuko izango dira Gargantua, Arriagara bueltatuko dena, eta Karpatxo eta Mekanitxin bikotea. Denera, adin guztietarako 533 jarduera egingo ditugu konpartsok Aste Nagusian.


Hiru urte igaro dira baina, azkenik, heldu gara konpartsok NAGUSIA egin nahi dugun aste baten itzuleraren atarira. Idoia Ugalde Bilboko Konpartsen eledunak adierazi duenez, “aurtengo gure leloa da ‘NAGUSIA izango da’, itzulera handi bat. Hiru urte ostean, poza berreskuratzeko unea. Poza, Aste Nagusia konpartsakide moduan bizitzeak ematen diguna, eta edonori eman diezaiokeena, konpartsok betidanik ateak irekita baitugu”.


Ugaldek zehaztu duenez, “aurtengoa NAGUSIA izango dela diogun arren, umeentzako ekitaldi mordoa prestatu dugu, kontraesana badirudi ere”. Izan ere, azaldu duenez, “jakin badakigu, umeek eta nerabeek eremu piloa galdu dutela azken urteotan, plazetan, kaleetan, parkeetan, ikastetxeetan eta abarretan, elkarrekin jolasean eta olgetan ibiltzeak ematen duen konfiantza, partaidetza eta kolektibotasuna higatu eta kamusturaino, kasu batzuetan. Horren aurrean, Aste Nagusia NAGUSIA izan dadin beharrean ibili gara, lehen aipatu dugun poz hori txikienei bueltatzeko, batez ere”. Hala, denera, konpartsok 160 ekitaldi antolatu ditugu txiki eta gazteentzat eta horiei gehitu behar zaizkie Jai Batzorde Mistoaren barruan laguntzen dugun beste ekimen mordoa.


Jarduera horietan ez dira faltako dagoeneko umeen oso lagun diren hiru pertsonaia: Gargantua, Karpatxo eta Mekanitxin. Konpartsakideok gogorarazi dugunez, Gargantua 2019an bueltatu zen Arriagara eta aurten ere bertan izango da, “hurbilduko diren ume denak irensteko prest”. Karpatxo parrandazaleak eta Mekanitxin arduratsuak, berriz, patinete gainean gidatuko dituzte, ziztu bizian, gure txikiak Aste Nagusirako jada abian ditugun egundoko hainbat ekintzatan parte hartzera: goitibehera tailerra, zapi serigrafia, sortu zure txosna edo umeen kalejira… “eta beste hainbat eta hainbat zoratzeko moduko proposamen!”


Aste Nagusiko ekimenak prestatzean, “ohi legez, kalitatea, doakotasuna, parte-hartzea eta adin eta gustu denak asetzea bilatu” dugula azaldu dute Ugaldek eta Varonak, “kantitatea ez aipatzearren”. Hala, publiko denak kontuan hartuta, 533 jarduera antolatuko ditugu konpartsok, jada ate-joka dagoen Aste Nagusirako, Jai Batzorde Mistoaren baitan elkarlanean antolatutakoez gain.
Hala, “beste behin, jai-eremua umeen irribarrez, kulturaz eta kirolaz beteko” dugu, jendearen lanari eta parte-hartzeari esker. Izan ere, gure ustez, “bilbotarrak dira jai erraldoi hauek posible egiten dituztenak”.
Aurten ere, adin denetako bilbotarrek goitibeheren jaitsierari ekin ahal izango diote, lehenengo aldiz Euskal Inertzia Koparako puntugarria izango den proban. Lehenengo igandean, edonork izango du Zabalbide kaleko bihurgunetatik maldan behera botatzeko aukera, errodamenduzko eta egurrezko goitibehera tradizionalez zein Bat Formulakoez. Gainera, Konpartsakidetu! ekimenaren barruan, goitibehera-tailerra izango da San Antonen; bertan, txikienek nork bere goitibehera egin ahal izango dute, egunean bertan jaitsiera txikian estreinatzeko.


Bestalde, konpartsakideok azpimarratu dugu Erripan egingo dituzten jarduerak, “Udalak interes pribatuen alde ipinitako oztopoak oztopo”. Izan ere, aurten ere beteko dugu Erripako kaia uraren, kirolaren eta umeen inguruko jarduerez: piraguen igoera, waterpoloa, ur-jokoak, umeen ekimenez eta 3×3 basket txapelketa, besteak beste.


Lehiaketa eta jarduera gastronomikoak ere hizpide izan ditugu. Abuztuaren 10ean datu gehiago emango baditugu ere, ziurtatu dugu ekimenak txiki zein nagusientzako proposamen gustagarriak dakartzala: “Aski ezagunak dira gure artean Areatza lapikoz eta koadrilez betetzen dituzten patata-tortilla, txipi, bakailao, marmitako, buztan gisatu eta patatak saltsa berdean”, denak ere lehiaketa gastronomikoaren parte. Horrekin batera, ohiko gastrotxiki-gunea izango da, eta baita hainbat dastaketa eta tailer ere.
Horrelako otordu oparo eta mahai-inguru luzeen ostean gorputza astintzeko sasoia eta gogoa duenak ere izango du aukera kirolari ekiteko. Ugalderen ustez, “badaude parrandarekin maridaje ederra egiten duten ekintzak, hala nola hamaika kategoria desberdinetan izena eman duten ia bi mila korrikalarik kolorez jantziko duten Hiri Krosa”. Ez da izerdia botatzeko ekimen bakarra, klasikoak bueltan baitaude: aerobithoia, igel-toka, xakea, musa edo herri-kirolak kasu.


Musika eta kiroletik aparte jaiak ere badirela “frogatuko” dugu aurten ere, publiko fidela daukaten hainbat ekintza patxadatsuen bidez. Mahai-jolasek ere izaten dute bere lekua Aste Nagusian. Lehenengo igandean Blood Bow eta Open Magic jolas ezagunetan jolastu ahal izango da. Beraz, ez izan zalantzarik: jaitsi zure kartak edo taldeak eta gozatu!


Ezer gal ez dezazuen, Bilboko konpartsok app-a prestatzen dabiltza aurten ere, telefono mugikorretan egitaraua eta Aste Nagusian gertatzen den guztiaren berri edukitzeko. Laster izango da eskuragarri musutruk Google Play-n eta Apple Store-n. Bertan, aurkitu ahal izango dira konpartsa bakoitzak eta Federazioak antolatutako ekitaldi guztiak. Egitaraua ere PDF formatuan deskarga dezakezu.


Programazioa aurkeztu ostean, atzera begira ere egin dugu konpartsok: Aste Nagusirik gabeko hiru urteko tartera. Ugaldek eta Varonak gogorarazi dutenez, “pandemian, elkartasun sareak bultzatu genituen, uste baitugu elkartasuna eta auzolana bilbotarron eta, beraz, gure DNAn dagoela. Geroago, lanak eman dizkigu ‘normaltasunera itzultzea’ kontzeptuak, askotan normaltasun horrek, itxaropena beharrean berarekin dakartzalako bidegabekeriak, prekarietatea, pribatizazioa eta etsipena. Argi daukagu ez dugula halako normaltasunera itzuli gura, hura irauli baizik. Bestelako ereduen bidean, badira Bilbon, abuztuan, bederatzi egun berezi, hiria oso bestelakoa izan daitekeela gogorarazten digutenak, gozamenez, askatasunez eta elkartasunez. Hala, jai esparruan ez dugu onartuko inolako erasorik: xenofobia, arrazakeria, LGTBIQ+fobia, matxismoa edota bestelakorik”.


Azkenik, konpartsakideok agindu dugu beste behin ere eraikiko ditugula jai herrikoi, alai, euskaldun eta feministak. Horretarako kontatzen dugu Itziar Lazkano pregoilariarekin eta Iratxe Palacios txupinerarekin, zein beste bilbotar denekin.

The post Umeak izango dira Aste Nagusiko protagonistak appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara