2021-06-14 11:22

Erritual paganoa da, naturaren zikloekin lotuta dagoena eta gaur egun oraindik ospatzen dena. Udako solstizioa urteko egunik luzeena da eta, horregatik ospatzen zuten gure arbasoek. Eguzkiaren eta naturako elementuen miresle ziren, funtsean haien menpe bizi zirelako eta urtaroen arabera antolatzen zuten euren bizimodua, batez ere nekazaritza sortuz geroztik. Gerora etorri zen kristautasunak hitzordu pagano haiek bataiatu zituen, santuen izenak ezarriz (San Joan eta San Tomas udako eta neguko solstizioentzat, hurrenez hurren).

Uztak biltzeko unea da, baita laboreak eta landak ere. Zuhaitzek tximistetatik babesten gaituzte ekaitzetan, eta, urte osoan, hondamendietatik gordeko gaituzte.Suarekin eguna luzatu gura da, Eguzki jainkoak gauari irabaz diezaion. Sua purifikatzailea ere bada: zorigaitzak erre eta biltzear ditugun uztak babesten ditu bai izurrietatik baita gaixotasunetatik ere.San Juan gaueko ura berezia da. Azaleko gaixotasunak sendatu eta saihesten laguntzen du. Gainera, barrutik garbitzen gaitu. Euskal Herrian ohitura izan dira gau horretako ihintzarekin garbitzea, oinutsik zelaietatik ibiltzea eta gauerdia igaro ostean iturrietatik ura edatea.

Etxebarria Parkean ospatuko dugu 2021eko San Juan gaua. 22:00etan hasita, Hortzmuga Teatroa eta Lekeitioko Deabruak taldeekin, antzezlan musikatua egingo dugu Etxebarria parkeko zabalunean.
Aforoa mugatua denez, izena eman behar da aldez aurretik honako formularioaren bidez.

The post SAN JUAN GAUA appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara