2021-08-12 09:14

Bilboko konpartsok ebasketa pairatu dugu egunotan. Hala, salatzen dugu desagertu direla abuztuaren 25etik 29ra Bilboko Irria kultur jardunaldiak antolatzeko beharrezkoak diren hainbat bitarteko. Besteak beste, kontzertuak, tailer gastronomikoak, krosa eta Bilboko eragileen azoka martxan ipintzeko beharrezkoak direnak faltan bota ditugu konpartsok.

Mari Paati Bilbao konpartsakideak azaldu duenez, “konpartsok inbentarioa egiten gabiltza, lokalean, baina aurretik esan dezakegu balio handiko kontuak ostu dituztela”.

“Itxura denez”, konpartson ustean, “lapurrek irria zuten helburu, Bilboko Irria ebastea. Baiezta dezakegu, ordea, irri-lapur horiek ez dutela lortu gure irria eramatea, ondo gordeta baitaukagu, bilbotar denei eskaintzeko prest”, gaineratu du Bilboko konpartsen kideak. Jakinarazi duenez, kalterik gabe topatu ditugu “Bilboko irribarrerik politena” erakusten duten Bilboko Irriaren panelak eta beste jarduera askoren baliabideak, aparte gordeta baitzeuden.

Konpartsok gertaera horren inguruan lor dezakegun informazio guztia eskainiko dugu datorren abuztuaren 20an. Egun horretan agerraldia egingo dugu, Bilboko Irriaren programaziotik ezabatua izan ez dena aurkezteko.

The post Konpartsok Bilboko Irriaren lapurreta salatzen dugu appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara