2022-08-19 07:55

Hiru urteren ostean, Bilboko Konpartsak eta Etorkintza Elkargoak alkohol-kontsumoaren arriskuak murrizteko kanpaina egingo dute elkarrekin berriro ere. Euren helburu nagusia Aste Nagusian alkoholaren kontsumoari buruzko egiazko informazioa, objektiboa eta ez moralizatzailea zabaltzea da.

Bilboko Konpartsak eta Etorkintza Elkargoa bat datoz alkoholaren kontsumoak dakartzan arriskuak murrizteko asmoan. Hala, azken urteetan erabili duten kontzienziazio-kanpaina berretsi dute beste urte batez, Aste Nagusiari begira. Kanpainan zenbait aholku ematen dira, parrandan alkohola kontsumituko badugu kontuan izateko. Izan ere, kanpainaren asmoa argia da: informatu epaitu barik; mezua, argiagoa: ondo pasa, pasa barik.

Bilboko Konpartsak eta Etorkintzak ohar baten bidez azaldu dutenez, euren helburu nagusiena da jendeak egiazko informazioa jaso dezan eta, ondorioz, bere erabaki propioak har ditzan. “Ez dugu inor epaitu nahi. Informatu eta aholkuak eman, besterik ez”, berretsi dute.

Etorkintza Elkargoak gogorarazi duenez, alkohol gehiegi edo bestelako substantziak hartzearen eragin kaltegarriak murrizteko zenbait arau erraz jarraitzean dago gakoa. “Edatekotan, ondo pasatzeko edaten dugu. Horretarako munduko eszenatokirik onena da Aste Nagusia. Inork ez du txarto pasatu nahi; beraz, gogoratu beti zerbait jateaz, edan ura tartean deshidratazioa ekiditeko eta saiatu edari ezberdinak ez nahasten”, nabarmendu du elkargoak.

Horrez gain, sentsibilizazio-kanpaina horren barruan, aurreko urteetan bezala, alkohola hartzearen faseak azaltzen dituen gida txiki bat eskainiko dute. Gida hori txosnetan izango da eskuragai, QR kodeen bidez, kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko asmoz.

Konpartsek, bestalde, lehen sorospenei buruzko liburuxka handiago bat izango dute, larrialdi momentuetan erabiltzeko diseinatu dena eta intoxikazio larrien kasuan hartu beharreko neurriak jasotzen dituena.

Azkenik, hurrengoa gogorarazi du Bilboko Konpartsak federazioak: “plazer eta arriskuak ezagutzean eta baloratzean oinarritutako erabaki pertsonala da kontsumoa. Garrantzitsuena norberarekiko eta besteekiko jarrera arduratsua izatea da”.

ARRISKUAK GUTXITZEKO MATERIALAK:
• Lehen sorospenen gida (pdf)
• Guía de primeros auxilios (pdf)
• Alkohol-arriskuen esku-gida (pdf)
• Manual de riesgos del alcohol (pdf)
• Kartela (pdf)
• Kanpainaren irudia (jpg)

The post Konpartsek eta Etorkintza Elkargoak alkohol-kontsumoaren eraginak murrizteko kanpaina berretsi dute appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara